Hauteskundeak uztailaren 12an: zer gertatuko da?

Euskal Herria abiapuntu harturik, baliagarri zitzaigun Mendebalde, Erdialde, Hegoalde eta Ekialde banaketa. EAEn, zehazki, bi eremu berezi genituen: Mendebaldea eta Erdialdea. Bistan da EAEko hauteskundeetan hiru direla barrutiak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Beraz, Euskal Herriko abiapuntutik egingo dugu lehen hurbilpena, ondoren EAE osorako azterketara pasatzeko.

1.- Zer ari da mugitzen eta zer mugi daiteke Mendebaldean?

Ikus dezagun, bada, eremu honetan emaitzek izan duten bilakaera 2012tik hona:

Euskal Mendebaldeak ezagutu dituen joeren artean hauek azpimarra genitzake:

A\ Espainiar Unionisten atzerakada, orokorra dena eta izaten ari dena. PP-PSE-C’s (eta UPyD) batzen baditugu ere, hortxe eboluzioa:

Joera sekular hau, PSE-PSOEren azken urteko gorakadak leundu badu ere, mantendu egiten da. Hemendik, ondorio zabal bat atera genezake, beste joera batzuekin elkartuz, eta aparteko lan bat eskatzen duena: Espainia batuaren proiektua eta independentziarena, biak daude krisian. Lehenak ez du lortzen EAEko herritarrak konbentzitzerik; bigarrenak ez du lortzen EAEko herritarrek independentziarena proiektu sinesgarri moduan hartzerik. Lasaiago aipatzekoa den ondorio orokor hau beste faktore batzuekin lotzen saiatuko gara. Batik bat, segurtasunaren eta inklusibitatearen kontzeptuekin. Biek ala biek izan lezakete eragina Euskal Mendabaldeko bilakaera elektoralean.

B\ EAJren hegemonia. Sekuentzia osoa aztertuta ikusiko dugun eboluzioa da hau. EAJk Euskal Mendebaldean eraiki duen etxeak oinarri sendoak ditu. Estatukoak ez diren hauteskundeetan Jaun eta jabe izaten ari baita, ia lehiakiderik gabe. Motiboak daude EAJk konkistatu dituen esparruak indar unionistekin lehian dituela pentsatzeko, baita indar federalistekin ere, hauteskundetik hauteskundera boto-emailearen hautu estrategikoak ikusita. Kontakizun autonomista eta inklusibo batetik, EAJk jakin du Euskal Mendebaldea bereganatzen.

Jarraikortasunaren poloari begiratzen badiogu, EAJk eta PSEk gorabeherak bizi izan badituzte ere, badute baikortasunerako tarterik datozen hauteskundeotarako:

C\ Esparru aurrerakoian ‘lehia’.  EH Bilduk 2012ko hauteskundeetan ez zuen Podemosekin lehiarik izan. Azken honen agerpenak baldintzatu zuen EH Bilduren pisu politikoa hurrengo hauteskundeetan. Bien arteko kontakizun lehian Podemosen boto-emaileen desmobilizazioak eta EH Bilduren ezintasunak eremu honetan galdutakoa berreskuratzeko, abstentziora bultza ditzake segmentu batzuk. Ziurrenik EH Bilduk gora eta Podemosek behera egin arren, berdeen gorakada bat aurreikusita ere, orotara, aldaketaren alde kokatzen den espazio aurrerakoiak posizioak galtzea aurreikus daiteke. Elkarren arteko boto joan-etorriak ez dira handiegiak izango, eta, batik bat, ez dute eremu berrietara hedatzeko aurreikuspen eta esperantza handirik.

Aldaketa aurrerakoiaren esparrua bere osotasunean hartuta, hau litzateke eboluzioa:

Ikusten denez, Podemosen sarrerak indartu egin zuen espazio politiko hori. 2012an % 24,43 izatetik 2016an % 30,89 izatera pasa baitzen. Baina, ondorengo joera beheranzkoa izan da. Batzar Orokorretan – 7,24 puntu galdu ditu 2015etik 2019ra, eta Estatuko Hauteskundeetan – 8,50 puntu 2016tik 2019ra.

2.- EAEko Hauteskundeak: hiru galderen bueltan azterketa egiteko

Lehenik, egin dezagun Euskal Mendebaldearekin egin dugun ariketa bera EAErekin. Hasteko, alderdi guztiak hartuko ditugu, EAE osoan. Horra:

Ikus ditzagun, orain, datuok Jarraikortasuna / Aldaketa ardatzaren begietatik.

2012ko hauteskundeetann lehiakide izan baziren ere, ondorengo hauteskundeetan “elkarrekin” aurkeztu izan dira EAJ eta PSE. Podemosen sarrerak indarra kendu bazien ere, gorantz datoz biak ala biak.

Borobildu dezagun hau guztia gobernu alternatibo bat modu aurrerakoian ulertzen dutenek izan dituzten emaitzen eboluzioarekin:

Beste modu batera esanda: Podemosen etorrerak aldaketaren espazioa indartu eta zabaldu du; eta, bere beherakadarekin EH Bildu indartuta irteten bada ere, aldaketaren aldeko indarrak, batuta, beherantz doaz. Ikus ditzagun bi poloak aldez alde:

Honela geratuko lirateke alderaketak, hauteskunde formatu berak parean jarrita.

Hiru gako hauekin saiatuko gara uztailaren 12ko hauteskunde emaitzak interpretatzen.

1.- Nor dago motibatuta mobilizatzeko?

Galderari erantzuten saiatuko gara. Estatu Frantsesak eta Ipar Euskal Herriak utzi dizkigu argi printza batzuk berriki. Estatu mailan, olatu berdea izan da hiri handietan. Honela, garaipen historikoak izan ditu eskuinaren alternatibak. Motibazioa izan dute, beraz, segmentu horiek parte hartzeko: alternatibak eraikitzeko aukera errealak izatea. Kuantitatiboki, garaipen aurrerakoi horiek bi faktoretan oinarritu dira: gazteen mobilizazioa eta helduen abstentzioa. Esparru kontserbadorean Frantzian ematen ari diren gorabeherak beste baterako utzi beharko ditugu.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, mobilizazioa izan da lehia erreala izan den tokietan. Baionako hauteskundeek izan dituzten ezaugarri bereziekin batera, abertzaleek jendea hauteslekuetara eramatea lortu dute, indar aurrerakoiekin aliantza zabalak eginez.

Baina, EAEra etorrita, ezin aplikatuko ditugu erregela berdinak bere osoan. Hori bai,  ikasgai zenbait izan ditzakegu. Batetik, alternatiba nahiak hedatzen ari direla Europako segmentu ugariren artean, batik bat, “Europa oparoa” bere horretan oso gutxi ezagutu duten horien artean. Bestetik, berdeen aldeko aukera egiteak kontzientzia ekologista adieraz lezake; eta, horrekin batera, sistema ideologiko zurrunekiko indiferentzia zabal bat ere bai. Ezker indartsuak aukera likidoagoei eman die bidea. Alderdi Komunisten frakasoak (batik bat Italian eta Frantzian) desertu luze batera eraman du ezkerreko esparrua azken hamarkadetan. Podemos, EH Bildu, Frantziako Intsumituak, eta, azkenaldietan, berdeek, ezkerraren espazio hori arrakastaz berformulatzeko saiakera egin dute. Aipatu gabe ere ez dugu utziko, adibidez, Poutuk Bordelen izan duen emaitza, antikapitalismo zabal batetik segementu ugari mugitzea lortu duelako. Arrakasta, bere osotasunean, oso erlatiboa izaten ari da, edozein kasutan.

Bi atrakzio polo horiek ari baitira, oraindik orain, bukatu nahi ez duen Historia horri alde banatatik tiraka: aipatu izan dugu polo kontserbadore-sekuritarioa, eta nolabait jaio nahi duen polo aurrerakoi eta eraldatzailea. Mintzatu gara horietaz lehenago ere, joera global gisa aipatu izan ditugu, eta Euskal Herrian horiek bere tokia dutela ere aipatu dugu.

Bada azken ikasgai bat ere. Alternatibak, mobilizatzeko, sinesgarritasuna behar du. EAEn sinesgarritasun hori eraikitzen ari da, lortu gabe dago. Horrek hurrengo gakora garamatza:

2.- Esparru aurrerakoiaren indarra, zein da?

EAEko alderdi politikoen egituraketan eskenatoki honetara goaz: bi polo orokorrak ordezkatzen dituzten bi indar nagusi (EAJ eta EH Bildu) eta horiekin batu daitezkeen gainontzeko indarrak. EAJ-PSE-PP ardatza eta EH Bildu-Podemos ardatza marrazten zen 2014-2016an. Orain, EAJk jarraikortasuna adieraziko luke (kontserbadorea), eta EH Bilduk aldaketa (aurrerakoia).

PPk ‘Outsider’ papera hartuta, PSE eta Podemosen eremura igarotzen da giltza. PSEk, EAEn, erabaki garbia eta zehatza hartuta dauka: polo kontserbadorearen alde “Ez nazionalista” eta “aurrerakoia” ordezkatzea. Polo horretan aritzeko arrazoiak ugariak ditu: interes orokorrak (PSOEk estatuan dituenak); interes partikularrak (PSErentzat gobernu aukera erraz eta erreala da); arrazoi pragmatikoak (aukera alternatiboek bere lehiakide Podemos indartzen dute).

Elkarrekin-Podemosek erronka handi batzuk ditu datozen hauteskunde hauetarako. Zehazki, hiru lehiakideri egin beharko die aurre. Lehenik, abstentzioari. Zertarako balio dut? Galdera esistentziala baino zerbait gehiago da: identifikazio faktoreetatik haratago, beharrezko eta erabilgarri izateak berebiziko garrantzia dauka boto jakin bat mugitzeko orduan. Podemosek erantzun dio galderari. Orain arte ordezkatu dituen segmentu zabalek ere modu berean ikustea falta zaie. Bigarrenik, bere proposamen politikoan aipatzen dituen bi indarrak.  EH Bildu eta PSErekin gobernu alternatiboa osatu nahiak bi ondorio ekar ditzake elektoralki: batuketak ematen duen neurrian, aurrerakoi izatea bestelako elementuen aurretik lehenesten dutenen babesa mantentzea. Edo, bi alderdi horiek indartzea. Azkenean, Maddalen Iriarte lehendakari egingo dela iradokitzen baita (edo iradoki baino zerbait gehiago) Gorrotxategiren hautagaitzaren proposamenean. Eta, Iriarte lehendakari egiteko, erabilgarriagoa da Iriarteri berari botoa ematea. Bestalde, PSEk jarraikortasuna ordezkatzen duen arren, gobernukide da Madrilen, eta Mendiari emandako botoak irabazle gisa irudikatzen den gobernu indartsu bat babesten du.

Podemosen proposamenak indar handia dauka, bestalde, bi zentzutan: “ardatz nazionala” deituarekiko transbertsaltasunez jokatzen duela; eta orain artekoarekiko bide alternatibo eta aurrerakoia mahai-gaineratzen duela. Arazo genetiko bat dauka, ordea: EAEko errealitate sozial eta politikoak ez duela posible egiten. Aldiz, helburua PSEk aldaketa nahiak zapuzten dituela adieraztea bada, helburua bete arren, ez dago garbi horrek Podemosen eremua indartuko lukeenik.

EH Bilduri dagokionez, aipatu izan ditugu luze bere erronkak. Oraindik lortu gabeko bat badu parean: bere kontakizuna langile “ez abertzale”-en artean entzuna izatea. Entzuna baino, haiekiko inklusiboa izatea. Prekariatuak, emakumeak, gazteak oro… aldaketa aurrerakoi baten aldera mobilizatzeak eskatzen du kontakizun eta tresna berritu bat.

Guztiarekin, 2016tik hona datorren ibilbidean EH Bilduk goranzko joera du. Eremu batzuetan Podemosen etorrerarekin galdutakoa berreskuratzen ari da oraindik, (Gipuzkoa eta Bizkaia oro har) eta beste batzuetan eremu berrietara iristen hasia da, Errenteria, Gasteiz eta beste hainbat errealitate kasu.

Aztertutako datuek eta joerek ondorio honetara ekarri gaituzte: EH Bilduren sendotasun elektorala ez da oraindik aldaketa bat ardazteko nahikoa izaten ari. 2011-2016 eta 2017-2020 garaietan aurreratutako eremuak ez dira nahiko izaten ari gobernagarritasun alternatibo bat eramateko Jaurlaritzara. Podemosen sarrerak, aldaketaren eremuak duen eskaintza areagotu du, eta bere aukerak zabaldu eta indartu. Hala ere, beherantz dator, eta Podemosen beherakadak EH Bildu indartu badu ere, ez du aldaketaren aukera oro har indartzea lortu. Ikusiko dugu, beraz, 2016an % 36,12an zegoen puntua gainditzea lortzen duten batera.

3.- Abstentzioa, noren mesede eta noren kalte?

Azken hauteskunde guztietan, gorantz datozen hiru alderdi ditugu EAEn: EAJ, EH Bildu eta PSE. Normalki, abstentzioaren igoera batek EAJri eta EH Bilduri egingo lieke mesede. Eta, nagusiki, bi alderdi horiek dira lehian daudenak, gobernu aukerak eratzeko indar nahikoa luketen bakarrak. Beraz, bai EAJ eta baita EH Bildu ere indartuta aterako dira, ziurrenik, eta sorpresarik ezean, uztailaren 12ko hitzordutik. Indartze hori, handiagoa izan daiteke EAJren kasuan, bere poloak osotasunean goraka egin eta gehiengo osoa eskura dezakeelako. EH Bilduren kasuan, aldiz, balizko emaitza on horiek ez dute aldaketaren aldeko nahikoa indarrik ekarriko, ziurrenik.

Abstentzioaren analisian, beraz, aldaketa nahiaren faktorea aldagai nagusi izango da. Aldaketa eta ezinegona gailentzen badira, segmentu batzuetan mobilizazio handia egon delako izango da. Belaunaldien borroka, hau da, gazteak aldaketaren alde, eta zaharrak kontserbadore, abstentzioak zeini eragin dion gehiago aztertzeko modua izan daiteke.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin 1

EAEko hauteskundeak: jarraitu edo aldatu? Debate global baten euskal kontakizunak

Pandemiak pandemia, hauteskunde lehia izanen da EAEn datozen hilabeteotan. Uztailaren 12koa da Urkullu lehendakariaren bigarren saiakera, apirilaren 5ekoak huts egin eta gero. Zer da aldatu dena, ezer aldatu bada? Zein dira lehia honen gakoak? Xehetu ditzagun, beraz, parean ikusten ditugunak.

Ardatzak: jarraitu edo aldatu. Debate global baten aje lokalak

Ez dira hauteskunde hauek izan ardatz hori mahai gainean jarri dutenak. Lehendik ere badatorren joeraz ari gara. Esan liteke mendebaldeko espazio osoa ari dela galdera beraren inguruan bueltaka: nola egin behar ditugu gauzak krisi permanente batean bizi ez gaitezen? Edo, nola irtengo gara honetatik guztitik? Ez da pandemia izan, egiturazko egoera jakin bat baizik, galdera hauek mahaigaineratu dituena. Osasun krisiak aurreikusi gabeko modu bortitzean esan diguna da galdera horri erantzutea inoiz baino premiazkoagoa eta beharrezkoagoa dela. Shock egoera orokorrak, paradoxikoki, geldialdiaren azelerazioa izan du ondorioa, eta ez azelerazioaren geldialdia, baikorki pentsatu ahal izan dugun moduan. Azeleratu eta azaleratu: garai berriak interpretatzeko bi aditz garrantzitsu.

Izan ere, ez baita zaila herritarren gehiengoaren kezkek, osasun krisiarekin baino, beren egoera sozial eta ekonomikoarekin zerikusia dutela ondorioztatzea. Eta, hor, hainbat dilema dira, zaplazteko forman, gutako bakoitzaren barnealdea zartatzen dutenak: askatasuna, berdintasuna, segurtasuna… nola antolatu? Nola egin bateragarri? Galderak era zehatzagoan egin ditzakegu: zeri uko egiteko prest gaude zer ez galtzeko?

Beldurrak eta ezinegonak gidatzen dute aurpegi biko garai berri hau. Ziurgabetasunak, diotenez. Eta gure erantzunak, azkenean, ondorio batetik etorriko dira: Horiei aurre egiteko, jarraitu edo aldatu egin behar dugu? Normaltasunak berria behar badu izan, benetan berria izango da, edo zaharberria? Lehengora itzuli nahi dugu, edo aurrera egin? Lehen begiratuan, pentsa dezakegu, beldurrak lehenera eramanen gaituela, daukaguna mantentzera, jarraitzera. Ezinegonak, ordea, irekiko digula aldaketarekiko bidea. Lehenak geldiaraziko gaituela, bigarrenak mugiarazi.

Une honetan, beraz, honek guztiak ardazten du edo behar luke debate politikoa, baita gurean ere. Kasu honetan, EAEko hauteskundeen testuinguruan ari gara. Hemen, normaltasuna, azken hamarkada eta belaunaldiontzat, Autonomien Estatua da. EAJk bere egiten duen metafora, Eusko way of life. Bereziak gara, eta horregatik gure partikulartasuna errespetatzen duen marko aldebikoak merezi ditugu, finean, beste batzuk baino hobeto bizi garelako. Zeri esker bizi garen hobeto, kontakizun honen arabera, ez dago ezbaian: kudeaketa gaitasuna dugulako. Auzolana, edukiontzi kontzeptual hori, honen guztiaren laburpen gisa. Formulak arrakasta du, arrakasta itzela, alperrik da ukatzea. EAEko gizartea interpretatu nahi duen orok ezin du egia honen aurrean ezikusiarena egin: EAJk jakin du, gure herriaren ibilbidearen fase zehatz honetan, gure herria eta gizartea beste inork baino hobeto ulertzen.

Gatozen, beraz, ebidentzia hori gure galdera nagusiarekin lotzera: jarraitu edo aldatu? Horrela aurkeztuta, ondoriozta liteke balantza lehenaren aldekoa dela. Hor erronka, hor zailtasuna, alternatiba eraiki nahi duen ororentzat. Marka sendo, sendoegi, bati aurre egin beharra. Eskandalu eta kudeaketa zailtasunak zailtasun, bizirautea, eta kasu batzuetan are indartuago irtetea, lortzen duen marka. Betiko da? Ez, betiko ez da deus.

Euskal demokrazia: alternantzia herri kontakizuna indartzeko

Bertatik pentsatutako demokrazia bat sortuko badugu, beharrezkoak iruditzen zaizkit bi faktore, besteren artean. Lehena, begiradarena: zer nahi dugu? Galdera eratzaileak ematen diguna, hain justu. Pentsatu, mugarik gabe pentsatu behar da. Egin, dauden mugak aldatzeko egin behar da, posible ez dena posible bihurtzeko. Konbinazio horretan, lehen pausua, beraz, gure begirada eustea, lantzea, eraikitzea da… Bigarrena, egitea. Eta demokrazia batek beharrezko dituen baldintza formal, kultural, sozial, ekonomiko eta abar guztietatik, bada bat, hauteskunde prozesu bati lotua, azpimarra litekeena. Proiektu politiko ezberdinak elkarren arteko lehian jartzeko komunikazio eta politika esparru propioa izatea.

Horrek, ondorio gisa, alternantzia ekarri behar luke. Politika egiteko minimoki bi modu egotea. Ekonomia eta produkzio harremanak proposatzeko minimoki bi bide planteatzea. Eta abar. Alternantzia politikoaren balioa, euskal esparruan, unean uneko beharrei politika zehatzekin erantzutetik haratago doa: herri gisa indartuko gaituen bide bat da.

Jarraitu edo aldatu? Beraz, hauteskunde hauetako galdera. Ekar dezagun lurrera esandako guztia. Une eta espazio jakin honetara. Mendebalde zabalean eratzen ari diren poloek, hemen ere badutelako bere isla. Bata, polo kontserbadorea, eta horrek, gaur, liberalismo ekonomikoa esan nahi du, besteak beste. Sobietar Inperioa erori zenetik gaur arteko espejismoan bizitzen jarraitu nahia. Eta, 2001etik hona, sekurokrazia ere esan nahi du: beldur globalei erantzun polizialak ematea, eskubideen murrizketekin, jazarpenarekin, eta zorioneko askatasun indibidualen mozketarekin. Beste poloa, polo aurrerakoi-eraldatzailea da. Ezkerra ere, Sozialismo Errealaren frakasoaz geroztik, espejismo batean bizi izan baita orain arte. “Ezkerra” bera, metafora gisa, krisi sakon batean murgiltzeraino. Polo honek garapen adina garaipen exkaxak izan ditu orain arte. Baina, ari da forma hartzen. Forma asko.

Bi polo horiek, tipo ideal gisa, tarteko gris asko dauzkate. Eta tokian tokiko adaptazio konplexuak ere bai. Hemen, gehiago, interesatzen zaigu ikustea bi erakarpen polo handi horien baitan norantz jotzen dugun gehiago. Zein erantzun dugu, beraz, XXI. mendeko euskalerritarrarentzat? Polo kontserbadoreak arazo agerikoak ditu bere proiektuaren bideragarritasunari dagokionean. Zenbatu ere ezin ditugun krisien segida batean bizi garen unetik, ezinegona fabrikatzen duen proiektua delako berea. Hortik, bi norabidetan jo dezake: kontserbadorea dena erreakzionario bihurtzeraino, hau da, iraganeko mitoetara indarrez itzuli nahi izateraino; edo erdigune inposible (?) baten bila. Balio aurrerakoiak kontserbadoreekin uztartzen dituen erdigune horren bila. Sozioliberalismoak eta Kristau Demokraziak puntu horretan egingo lukete bat.

Hori ordezkatzen du EAJk, egun, EAEn. Balio aurrerakoi formalen eta liberal-kontserbadoreen formula propio bat. Eta hortik erraz zaio PSErekin elkartzea; Europar Batasuna politikoki eta genetikoki eusten duten indar Demokristau eta Sozioliberalen euskal bertsioa baitira. Koktelari, ardatz nazionala deituak ezartzen dio azken touch-a. Ikututxoa, bai, kontakizun autonomistak ez diolako ardatz honi, bere aliantza politikan, garrantzia handirik ematen. Ez zentzu ideologikoan, pragmatikoan baizik.

Aldaketaren poloak, bestalde, EH Bildun dauka indar nagusia. Bere inguruan eratuko da, eratuko bada, aldaketaren inguruan eraikiko den alternatiba. Baina, horrek, hainbat baldintza eskatzen dizkio: batetik, herri kontakizuna berritzea. Demokrazia eta burujabetzaren enfokea berritzea, XX. mendean EH Bilduren baitan dauden tradizio politikoek eraikitako haiei elementu berriak gehitzea. Bestetik, espazio politiko berrietara zabaltzea; aliantza politikoak eginez, baina baita kultura politikoa eraldatzen jarraituaz. Mezu autozentratuetatik giza kolektiboen beharretatik abiatzera pasatzea, EH Bildu trantsizio fasean dago, zentzu honetan; eta trantsizio hori noiz burutuko duen zain daukan gizarte bat dago Euskal Herrian, ez EAEn bakarrik, berak ordezkatzen duen aldaketa babesteko. EAEko eskalatik haratago, herri ugaritan aurrera eramaten ari den politikek sinesgarritasuna ematen diote bide horri, baita Madrilen, Nafarroan, eta Ipar Euskal Herriko EH Bai koaliziotik egiten ari diren lanak ere.

Parte hartzearen bihurgunea: aldaketaren lehen azterketa

Hauteskunde deialdi bereziak baldintza bereziak dakartza. Pertsonalki eszeptikoa naiz partehartzeak nabarmen behera egingo duen ideia horrekin. Denborak esanen du. Baina aldaketaren aldeko poloak garbi xamar izan behar luke aldaketaren bidean pauso bat emateko, boto mobilizazio handia lortu beharra daukala. Horregatik, zentzu gutxi dauka hauteskunde hauek deslegitima ditzakeen mezu orok, mobilizazioa blokea baitezake. Lehenbailehen itzuli beharra dauka, besteak beste, inoiz utzi ez duen debate politikora. Hemen, debate politikoa egon, badagoelako, pandemiak inongo unean alboan utzi ez duena.

Nor eta nola mobiliza daiteke aldaketa baten alde? Prekarizatuak eta klase ertainak, burges ttipiak. Aldaketak estrategia populista (*) zabal bat abian jarriz gero, pentsa litekeena da, abiapuntuz behintzat, aspirazio horri helduko liokeela. Ezkerraren metaforak gainditzea, dena den, ez da dirudiena bezain lan erraza, eta, batik bat, sinplea. Hala ere, herri kontakizun berritu batek, eremu sozial zabal horiei erantzuten badie, epe ertaineko arrakasta bila dezake.

Azkenik, aldaketak badu jarraikortasunak ez duen gainditu beharreko beste azterketa bat. Ziurgabetasunaren kudeaketa, hain zuzen ere. Ezaguna den horrek badu abantaila hori, ziurtasuna adierazten duela. Nola uztartuko ditu, beraz, aldaketak, segurtasuna eta ziurgabetasuna? Abisatu dugu lehen zaila zela.

Labur: hauteskunde aurrerapena eta datorren eskenatokia

Urkulluk lehenbailehen nahi ditu hauteskundeak. Logikoa da; gobernu orok nahi ditu. Zergatik? Ez Pandemiak okerrera egingo duelako soilik, oso erabaki zail eta gogorrak hartu behar direlako baizik. Argudiaketa eskasa da: gobernu indartsu bat behar dugu krisiari egoki erantzuteko. Mundu guztiak ulertzen du kontrakoa, krisiaren ondorioak pairatu baino lehen egin behar direla hauteskundeak, alegia. Garai latzak baitatoz, sozialki eta ekonomikoki, edo hori da bederen ezarrita dagoen beldur egoera orokorrak esaten duena.

Hauteskunde hauetatik irtengo den legebiltzarrak eta ondorengo Jaurlaritzak, beraz, krisi egoera kudeatuko du, ia ziur. Gobernuak, krisia eta erabaki zailak ahalik azkarren hartuko ditu, shock egoera baliatu nahian. Ondoren, 2023 edo 2024rako errekuperatuta egoteko esperantzaz. Oposizioak, azkenean oposizioan aldaketaren indarrak badaude, joera ona lortzen badu hauteskunde hauetan, demagun, EH Bilduk 20 legebiltzarkideko langa gainditzea, aukerak izango ditu hurrengo urteetan alternatibaren eraikuntza irudikatzeko. Eskenatoki horretan, Jaurlaritzaren eta legebiltzarraren arteko lehia interesgarria bizi liteke. Aldiz, EH Bilduk ez balu joera hobetzerik lortuko, momentuz, jarraitzearen aldeko indarrek arnas hartuko lukete.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Zer eginen dugu hemen, elkarrekin? Kanpo politika adostu baten alde

Berriki entzun dugu EAEko Urkullu lehendakaria Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren Presidenteari, zentralizazio-deszentralizazio ardatzean, Alemania gisa joka dezan eskatuz. Maria Chivite Nafarroakoak ere aipatu du tokian tokikoak bere lekua izan behar duela krisiari aurre egiteko beharrizan politikoen erabakietan. Etchegaray Euskal Hiri Elkargoaren lehendakariak ere berak gobernatzen duen erakundearen plana agertu du. Azken honek ez dio Macron presidenteari Frantziak Alemania gisa joka zezan eskatu, irriren bat ateratzea lortuko zuen, eginez gero.

Gure lehendakarien trinitateak, beraz, graduak gradu, bertatik kudeatu nahiko lituzke gauzak. Horraino, beste edozein arduradun autonomiko, federatu, edo dena delakok egin nahiko luketena adierazi baino ez dute egin. Murtzia, Madril, edo Lilleko arduradun politiko batek egingo luketena, alegia, edo AEBetako edozein koloretako gobernadorek Trumpi esijitzen diona.  

Hori hala izanik ere, Madrilek eta Parisek garbi eta zehatz erantzun diete gure lehendakariei:  “hemen guk agintzen dugu”. Horrela, apaindura handiegirik gabe. Frantziaren kasuan, Nazio-Estatuaren tradizio uniformizatzaile batetik etorrita, normala da. Edo norma egilea, nahiago bada. Frantziako “Hostore Territoriala” deritzon horretan, beraz, badakigu nor den labearen atea ireki eta ixten duena. Deszentralizazioa, Frantziako Irlatik begiratuta, kudeatzeko zailak diren ogi papurrak “hobeto” kudeatzeko probintziei uzten zaizkien erabaki eremuak baino ez dira. Joera hori, transbertsala izaki eskuin-ezker, ez da krisi gogor baten perspektiban aldatzea espero litekeen zer edo zer.

Espainiaren kasuan, katalanek ondo dakiten moduan, duela hiru mende itzuli bat eman zuen auziak. Frantziako Borboi familia, “Estatua ni naiz” esatera pasa zen Pirinioen bestaldera, 1714ko gertakarietan kontsolidatuko den gisara. Nazioaren formulazio berriagoak gorabehera,  gaur arte ari da Espainia Frantzia izan nahian, bere bertsio absolutistan, bere bertsio errepublikanoan edo bere bertsio Petainistan, une eta moda historikoaren arabera. Espainiaren deszentralizazioak kolpeka egin dira eta hasiera haietako zentralizazioen ondoren, betiere. Euskaldunoi, zehazki, XIX. mende “liberalak” ekarri zigun gure erakunde nagusien galera. XX. mende gatazkatsuak instituzio berriak eman eta kendu zizkigun. Eman, ez Estatuaren borondatez, erraz ondoriozta daitekeenez, bere biziraupenerako unean uneko premiei erantzun beharraz baizik. Espainia izan, ez baita Frantzia. (Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko aldeak ikusteko, maixuki lantzen du gaia Peio Etxeberri Ainchart Historialariak “Aberri handi, aberri ttipi” izenburupean. Hemen Landart handiak aurkeztuta Donostian eman mintzaldia: https://www.youtube.com/watch?v=KT0FM79JZmE )

Espainiaren izan nahi eta ezin horrek markatzen du, gaur ere, eskenatoki politikoa. Sanchez Gobernuaren neurri, uniforme eta adierazpenei tiraka, zaila da Bitoriano Gandiagaren (1977) hitz horiei ez heltzea:

Euskaldunok jende gisa atsegin gara Madrilen, baina ez euskaldun gisa;  ta hala haserretu ginen euskal arazoz larriki mintza bainintzaien. Harrez gero agurra ukatu zidaten, lehenengo eskuinekoek, ezkerrekoek ondoren. Ez dut izan gozoa pasadizo hau Madrilen.

Esango nuke oso garbi izatea komeni dela, ez Borboiek, ez XIX. mendean eraikitako Espainia “liberalak”, ez XX. mendeko ezker-eskuineko Nazio Espainiarrak ez diotela uko egiten Frantzia “izateari”. Beren eraikuntza Nazionala bukatzeari. Hortik aurrerakoak indar harreman, oportunitate politiko, eta interesen konfluentziaren kontuak izan daitezke. Baina, sakoneko auziak bere horretan dirau: Espainiako Estatuak, eta bere elite nazionalistek sentitzen dute Espainia “bukatu gabe” dagoela. Oraindik badagoela zer egina Espainia bat eta bakarra izan dadin. Krisi garaiak, nola ez, oso emankorrak dira norabide horretan aurrera egiteko. Gauzak, zorionez, konplikatuagoak dira haientzat.  

Gehiengo antagonikoak ezinezko paktu baterako: “Tori Sozialdemokrazia, eta eman Nazioa”

Horra Espainian zenbaitek buruan duten plan zaharberria: Krisiaren irteera soziala Espainiar Nazioaren truke. Hau da, “onartu Madriletik datorrena, eta Espainia berria izango da aurrerakoia, soziala…” Espainian eroso senti eta bizi zaitezen, uko egin zure erabakimenari. Hau guztia Munduko Hiritarren diskurtso ustez unibertsalista batekin, ohiko moduan. Birusak ez du mugarik, baina Espainiar Nazioa bukatzen den arte, jakina. Ebron ez dago langarik, Bidasoan bai. Nazio-Estatuak bukatu dira katalan eta euskalerritarrentzat, baina Espainiak bere fabrika nazionalak bultzatu nahi ditu. Aberria iraganeko kontua da, baina espainiarrek bere aberriaren defentsan gelditu behar dute etxean, badutelako gerra bat irabazteko.

Baina Espainia ez da Frantzia, esan bezala. Eta, momentuz, badago euskaldunok eskenatoki zailago batetik salbatzen gaituen joko aritmetiko bihurri bat: Ez dago Espainian politika aurrerakoiak egiteko indar politiko nahikorik Nazioaren batasunean beste pausu bat ematearen ideiari uko egin gabe. Estatuak, beraz, bere biziraupen eta bideragarritasunean pentsatzen duenean, bide bikoitz bat baino ez dauka: erabakimen esparru gero eta gehiago aitortzea bere baitan ukatzen dituen komunitate nazionalei, edo politika aurrerakoi horiei uko egitea. Momentuz.

Aritmetika horietatik haratago, ez baita erraza izanen, jakina, Espainiaren joera sekularrei eustea. Zenbat indar politiko espainiar daude jabetuta, egun, egoera honetaz? Bi gehiengo antagoniko horien ezinezkotasunaz? Inoiz baino gehiago, eta inoiz baino gutxiago. Badagoelako horren jakitun agertzen den ezker minoritario bat. Baina, badagoelako guztiz kontrako norabidean indar gero eta ikaragarriagoz agenda politikoa zipriztintzen duen Nazionalismo Espainiar bat. Zalantza gutxi geratzen zaizkit bigarrenak bai, bigarrenak baduela gehiengo bat osatzeko modua: politikoa nahiz soziala. Eta, Euskal Herriko hiru lehendakariei lehenak indartzea komeni zaiela.

Dilema faltsuak hautsita, “kanpo politika” baterako aukerak guretzat

Nazioaren eta Klasearen aurrez aurreko debate ezin nekagarriagotik ez gara oso ondo atera izan orain arte euskalerritarrak. Gurea partikularra da, besteena unibertsala. Gurea berezitasuna da, besteena normaltasuna. Gurea desberdintasuna, besteena berdintasuna. Gurea etnizismoa, besteena askatasuna. Gureak pribilegioak dira, besteenak eskubideak. Gurea burges ttipien proiektua, haiena iraultza permanentea. Eta abar, eta abar. Dilema, guretzat, faltsua da, nola ez.

Badago, beraz, gure hiru lehendakarien egoera kudeatzeko eskumen nahiak asetzeko modurik: elkarri begira jartzen badira? Frantzia eta Espainiatik datozenak datozela, gurean indartzen hasten badira? Eta, areago, Madrilen, Parisen, eta ahal den neurrian, Europar Batasunean, elkarlanean aritzeko oinarri batzuk adosten badituzte?

Baliteke une polita izatea gure hiru lehendakariek eta gure alderdi nagusiek “kanpo politika” baterako oinarri batzuk marrazten hastekoa. Interes komunek jada nahikoa justifikatuko luketen politika, baina hirurok elkartzen gaituen horretaz guztiaz jabetzeko aski balio dezakeena ere. Elkarrekin aritu nahi izatetik haratago, elkarrekiko beharra ere badugula materialki ohartzekoa. Aurrekari bat, edozein delarik ere, oso baliagarria izan daiteke, bideak eman dezakeena ikusteko eta ikasteko.

Gurean naziotasunaren eta klasearen auzia independentzia bai/ez baino konplexuagoa dela aitortuta, pentsa dezakegu azken hori elementu askoren ondorio izanen dela. Besteak beste, gure komunitate nazionala indartu eta bere txikian handiak diren pausoak ematearena: guretik pentsatzen hastea, a priorizko mugarik gabe, horietako bat iruditzen zait, auziaren ikuskeraren oinarriari heltzen diolako. Ia esan genezake, guretik haste hori dela beste ondorioen baldintza. Zer eginen dugu hemen, elkarrekin? Galdera eratzaileak lagun dezakeelakoan nago.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Apirilaren 5eko hauteskundeetako erronka: berdin jarraitu edo aldatu? Ondorio orokorrak Soziometroaren datuetatik abiatuta

Argitara eman berri da EAEko Lehendakaritzaren Hauteskunde Autonomikoetarako boto aurreikuspena. Ikus dezagun zer dioen, lehenik, eta azter dezagun, ondoren, zein den adierazten duen joera.

Argazki honek erakusten digu hiru alderdi gorantz datozela, PSE, EAJ eta EH Bildu, eta bi alderdi beherantz doazela, PP-C’s eta Ahal Dugu. Gainera, VOXen inguruan alderaketarako daukagun datu bakarrean gorakada handia ematen dio Araban, boto kopuru baxua badu ere.

EAJk 2016an abiatutako goranzko joerari eutsiko lioke barruti guztietan: Gipuzkoan + 2,2 puntu; Araban + 1,7 puntu eta Bizkaian + 1 puntu. Gainera, 29. aulkia eskuratuko luke Gipuzkoan, herrialde honetan 2016an baino aulki bat gehiago lortuaz.

EH Bilduk ere goranzko joera bera izango luke, zehazki, + 1,7 Gipuzkoan, + 1,3 Bizkaian, eta + 0,6 Araban. Gainera, EAJk bezala, aulki bat irabaziko luke Gipuzkoan, eta guztira 19 parlamentari lortzera iritsiko litzateke.

Beraz, EAEko bi alderdi nagusiek euren posizioak hobetuko lituzkete, herrialde guztietako eta batik bat Gipuzkoako indarrari esker. Hortik behera datoz aldaketa handienak. Hasteko, PSEk hirugarren tokia berreskuratuko luke, 9 aulkitatik 12 aulkitara igoz, eta hiru herrialdeetan nabarmen gora eginez, honela: Araban + 5, Bizkaian + 3,3 eta Gipuzkoan + 2,2. Ondorioz, 2 aulki Araban eta hirugarren aulki bat Bizkaian irabaziko lituzkete.

Kontrakoa litzateke Ahal Duguren joera: 11 parlamentaritik 8ra jaitsiko litzateke, barruti guztietan aulki bana galduz. Galera handienak Bizkaian eta Gipuzkoan lituzke, -4,1ekoa bietan, eta Araban – 3,4 puntu egingo lituzke behera.

PP eta C’si dagokienez berriz, PPk 2016an lortu zituenak baino 2 aulki gutxiago eskuratuko lituzkete. Galerak hauek: Araban -6,1, Bizkaian – 5,2 eta Gipuzkoan -4,6. Lurralde bakoitzean duen pisua ikusita, jaitsiera orokorra eta uniformea dauka espazio honek, VOXen sarrerak ia baldintzatzen ez duena.  

Soziometroa: asmatzen du joera zein den irakurtzen?

Ikus dezagun, galderari erantzuteko, 2016an gertatutakoa. Horretarako, hauteskunde aurretik egindako aurreikuspena Hauteskunde emaitzekin alderatuko dugu. Horra:

Beraz, esan daiteke estimazio hark ia bete-betean asmatu zuela PSE eta EH Bilduren emaitza. Gutxietsi egin zituela EAJrena eta PPrena, eta nabarmen goitik jo zuela Ahal Dugu-ren kasuan.

Azken Soziometroak: ikusten da joeretan aldaketarik?

2016ko iraileko Hauteskunde Autonomikoetatik hona, Lehendakaritzak 7 Hauteskunde aurreikuspen argitaratu ditu: https://www.euskadi.eus/ikerketa-guztiak-dataren-arabera/web01-s1lehike/eu/ Guk azken hiruei erreparatuko diegu, zer edo zer aldatzen ari ote den ikusteko. Zehazki, 2018ko ekainean, 2019ko urrian eta 2020ko martxoan emandako argazkiez ariko gara, azken 21 hilabeteetako joerez, alegia.

Honela, hiru une bereiziko ditugu, Soziometroak ematen dizkigun joeretan oinarrituta. Lehena, 2018ko ekaineko egoera: EAJk goraka egiten du, 2 parlamentari irabazita, bana Bizkaian eta Araban. PPk bi galtzen ditu, bana Araban eta Gipuzkoan. Ahal Duguk Bizkaian galtzen du bat eta PSE mantendu egiten da. Azkenik, C’s-ek Araban parlamentaria lortuko lukeela aurreikusten du Soziometroak.

Bigarren unea 2019ko urria da. Estatuko, Europako, nahiz Udal eta Foru hauteskundeen ondoren, eta Estatuko Hauteskunde berrien testuinguruan, aldaketa batzuk daude. PSEk hiru aulki irabazten ditu, igoera nabarmena eginez; horietatik bi Araban eta hirugarrena Bizkaian. EAJ mantendu egingo da, eta gainontzeko hiru indarrek aulki bana galduko dute:  EH Bilduk Bizkaian, Ahal Dugu-k Araban eta C’s-ek ere berea Araban.

Azkenik, 2020ko martxoan argitaratu berri den estimazioan, EH Bildu da gorakada duen alderdi bakarra. Zehazki, bi aulki irabazten ditu: Bizkaian galdutakoa berreskuratzen du (2016ko hauteskundeetan juxtu-juxtuan lortutako hura), eta Gipuzkoan berri bat irabazten du. Eta bana galtzen dute EAJk, (Bizkaikoa), eta Ahal Duguk, azken honek Gipuzkoan EH Bilduk irabazten duena. PP-C’s eta PSE egoera berean geratuko lirateke.

Beraz, sekuentzia orokorrari behatuta, EAJk legegintzaldian zehar irabazi duenaren zati bat galdu du azken txanpan. EH Bilduk zertxobait behera egin ondoren, goranzko joera hartu du, 2016ko emaitza hobetuta. PSE-k 2019an izan zuen gorakada nabarmenari eutsi dio. Ahal Dugu etengabe doa beherantz, neurketa bakoitzean aulki berri bat galduz. Eta PP-C’s espazioan, PPk lehen unean galdu zituen biak eta gero, mantentzea lortu du, eta C’s-ek eskuratu zuen bakar hura bigarren estimazioan galdu zuen. Bien baturak ez du aulki berririk ekarri estimazio honetan.

Parte hartzea: gorantz edo beherantz?

Ikus dezagun orain herritarren partehartzea nolakoa aurreikusi izan duen Soziometroak, lurraldez lurralde:

Lehen estimazioan partehartzearen beherakada aurreikusten bazen ere, nabarmen egin du gora partehartzearen aurreikuspenak. Esan daiteke hiru lurraldeetan modu oso uniformean egingo duela gora aurreikusten dela.

Botoen estimazioa: ehuneko zenbat alderdi bakoitzak?

Horra ba, orain, Soziometroak hiru une horietarako egindako boto estimazioen laburpena:

EAE mailako estimaziorik egiten ez duenez, herrialdez herrialde aztertuko ditugu orain boto estimazio horiek: EAJri gauza bera gertatzen zaio hiru barrutietan, lehen bi olatuetan goranzko joera izanagatik, azken estimazioan beherakada dauka.

EH Bilduk, aldiz, lehen estimazioan boto portzentajea igotzen du Araban eta Bizkaian, Gipuzkoan behera egiten duen bitartean. Joera horrek alderantzizko norabidea hartzen du 2019ko urriko estimazioan: Araban eta Bizkaian atzera egiten du eta Gipuzkoan gora. Azken txanpa honetan, aldiz, hiru lurraldeetan doa gorantz, bereziki Gipuzkoan.

PSEk eta Ahal Duguk kontrako joera dute, hain justu: Hasiera batean biek beherantz egiten badute ere, PSEk nabarmen egiten du gora bigarren estimaziotik aurrera, eta Ahal Duguk behera egiten jarraitzen du, baina azken estimazioan Araban eta Bizkaian lortzen du joera horri buelta ematea.

PPren espazioan, berriz, nahasiagoak dira gauzak. VOXen eta C’s-en aldagaiak kontuan hartuta, espazio horrek hasieran gorakada izan du, gero beherakada, eta azkenerako egonkorrago antzematen da.

Boto-asmo zuzena: zer gertatu da?

Azter dezagun, azkenik, boto asmo zuzenaren datua. Ikus dezagun, beraz, zein joera izan duen.

Boto-asmo zuzena aztertuta, baieztatu egiten dira, normala denez, estimazio orokorrak. Hau da: EAJk gorantzako joera izan du legegintzaldi osoan, baina azken garai honetan beherako bideari ekin dio; azpimarratzekoak dira Araban eta Gipuzkoan dituen boto-asmo zuzen galera horiek. EH Bildu gorabeheratsuago aritu da, baina gorantz dator, batez ere Gipuzkoan. PSEk Estatuko Hauteskundeen bueltan agertu zuen gorantzako joera nabarmenari eusten dio. Ahal Duguk, legegintzaldi osoan beheraka egin arren, azken aldian lortu du egoera egonkortzea. Eta PP-C’s-VOX espazioan beherakada dago.

Ondorio orokor laburrak:

Partehartzea gorantz dator. Boto mobilizazioak herritarren interesa agertuko luke, baina kontuan izan behar da 2016ko partehartze datua baxua izan zela. Aldi berean, azken aldian EAJk erakutsi du neke puntu bat, datozen asteetan baieztatu edo zuzenduko duena. EH Bilduk ikusi du une politikoa aldekoa duela, eta azkenaldian goranzko joerari ekin dio. PSEk eta Ahal Duguk, Gobernua hartuta, joera egonkortu dute: PSEren gorakada eta Ahal Duguren beherakada lehengo egoera antzekoan geratu dira, boto mobilizazioari dagokionean. PPren azken liskarrek, momentuz, ez dute ondorio negatibo berririk ekarri estimazioan.

Soziometroaren arabera, 2016ko argazkiarekiko aldaketa txikiak izango genituzke Legebiltzarraren aulki banaketari dagokionean. Aldaketa nahikoak, dena den, baieztapen hauek egiteko:

  • EAJ-PSEk osatzen dutela jarraikortasunaren poloa eta gehiengo osoa lortzeko moduan direla
  • EH Bildu dela gobernu ezberdina osa dezakeen bakarra, baina ezin duela bakarrik egin. Ahal Duguk eusten dion neurrian, batuketa horrek, oraindik, EAJren gainetik geratzeko aukera duela, 2016an egin zuen moduan. EAJk 28 aulki lortu zituen eta EH Bilduk eta Ahal Duguk batera 29. Soziometroak, orain, lehenari 29 eta bigarrenei 27 ematen dizkiete. Baina joerak ikusita, gerta daiteke aldaketarik.
  • Honela, PSEren aldagaia jarraikortasun-aldaketa ardatzean erabakigarria bihurtzen da: berdin jarraitzea edo aldaketa babestea erabaki lezake (edo hartua duen erabakia aldatu ahal izango luke). Aldaketaren indarrek gora egin ahala, gertuago egongo da PSE EAJren itzaletik mugitzetik. Baina, ziurrenik, aldaketa nahi duenak, bere posizioa indartzea beste aukerarik ez du izango ondoren akordio bidez EAJren nagusitasunari aurre egin nahiko badio.
  • Azkenik, PPren espazioa, “outsider” moduan ikus liteke. Baina indar harremanen arabera, bere botoak erabakigarriak izan daitezke berriro, politika zehatzak egiteko nahiz aliantza zabalagoak osatu edo osarazteko.
Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Euskal Geopolitika Elektorala: begirada bat euskal mendebaldetik (I)

Har dezagun Euskal Herriaren eremu geografiko bat eta beha ditzagun eremu horretan bizi diren euskalerritarren hautu politikoak. Euskal Mendebaldeaz ari gara. Ez zehazki barruti bati buruz, geopolitikoki, bi eremu bere hartzen dituen ingurune bati buruz baizik: Bilboko itsasadarra eta bere mendebalderanzko bailarak, batetik; Gasteiz eta iparmendebalderantz duen lautada osoa, bestetik. Bi eremu horien baturari, “Euskal Mendebaldea” deitu diogu.

Klase sozial, ezaugarri linguistiko, gorabehera historiko eta kulturalak beste baterako utziko ditugu. Edo, hobeki, hautu politikoen deskribapen batetik hasita, horien inguruan gehiago sakontzeko proposamena egingo dugu. Eman ditzagun, lehenik, oinarrizko datu batzuk.

Euskal Mendebaldean 55 udalerri batu ditugu, Bizkai eta Arabaren zati batzuk hartzen dituztenak (Ikus zerrenda behean). Irizpidea geografikoa baino ez da izan, a priori arbitrarioa, zer edo zer adieraz dezakeelako intuizioz. Hautu politikoen azterketa egiteko 2016ko EAEko Hauteskunde Autonomikoak hartu ditugu abiapuntu, 2020ko apirilaren 4ko hitzorduari begira ere baliagarri zaizkigulakoan. Honela, 2016ko zentso elektorala 944.882 pertsonakoa izan zen Euskal Mendebaldean. Partehartzea % 61,60koa eta hauek izan ziren emaitzak:

Taula 1: Euskal Mendebaldeko 2016ko EAEko Hauteskunde Autonomikoetako emaitzak

AlderdiaBotoak%
EAJ218.37337,96
Podemos-Ahal Dugu92.61516,10
EH Bildu85.05914,79
PSE76.74213,34
PP74.46512,94

Emaitzei erreparatuta, Euskal Mendebaldean bi alderdi multzo daudela esan daiteke: EAJ, jaun eta jabe, eta gainontzeko guztiak. Urkulluk botoan % 38 eskuratu zuen, eta Legebiltzarreko gainontzeko alderdiek % 13 eta % 16 arteko babesa jaso zuten. EAJk eta EH Bilduk, batuta, botoen % 52,75 eskuratu zuten. Podemos-Ahal Dugu-k, EH Bilduk eta PSEk batuta, aldiz, % 44,23. Ondorio bakarra atera daiteke zenbaki hauetatik: EAJren gailentasun garbia.

Baina, babes horiek ez dira berdin banatu Euskal Mendebaldearen eremu guztietan. Ikus ditzagun, orain, 10.000 biztanletik gorako herrietako emaitzak:

Taula2: 2016ko EAEko Hauteskunde Autonomikoetan, Euskal Mendebaldeko 10.000 biztanletik gorako herriak *

HerriaBiztanleak *1.   (%)2.  (%)3.  (%)4.  (%)5.  (%)
Bilbo345.000EAJ 42P’S  14,2PP 13,7EHB 13PSE 12,4
Gasteiz250.000EAJ 25PP 21,1P’S 17EHB 15,7PSE 14,5
Barakaldo100.000EAJ 34P’S 20,5PSE 19,1EHB 11PP 10,4
Getxo80.000EAJ 42,2PP 20,5EHB 13,7P’S 10,8PSE 8,2
Portugalete45.000EAJ 34,8PSE 20,9P’S 18,6EHB 11,5PP 9,9
Santurtzi45.000EAJ 39,2P’S 18,9PSE 15,5EHB 14,7PP 7,5
Basauri40.000EAJ 41PSE 16,5P’S 16,2EHB 12,9PP 9,1
Leioa30.000EAJ 41,9P’S 17,6EHB 12,9PSE 11,9PP 10,2
Galdakao30.000EAJ 43,4EHB 19,3P’S 17,1PSE 10,5PP 5,9
Sestao30.000EAJ 39,3P’S 19,5PSE 17,3EHB 12,1PP 7,8
Erandio25.000EAJ 42,4P’S 17,4EHB 14,9PSE 14,3PP 6,1
Laudio18.000EAJ 36,7EHB 24,2P’S 15,2PSE 11,2PP 8,8
Arrigorriaga12.000EAJ 39,5EHB 21,8P’S 19PSE 10,6PP 5
Trapagaran12.000EAJ 38,7P’S 19,7PSE 17,3EHB 16PP 5,4
Etxebarri11.000EAJ 38,8P’S 20,6PSE 15,5EHB 11PP 7,9
Amurrio10.000EAJ 41,8EHB 24,9P’S 15,7PSE 7,7PP 6,5
Zierbena10.000EAJ 40,8P’S 23EHB 17,1PSE 12,9PP 3

* Zierbena ere gehitu dugu, 10.000 biztanletik oso gertu egon, baina iristen ez den arren.

* INEtik hartu eta borobilduta (2017).  

Herri handienetako emaitzen irakurketa

Gatozen, bada, alderdiz alderdi ikustera zer-nolako emaitzak izan zituzten.

EAJ

Herri guztietan lehen indar. Gasteizen izan ezik, herri guztietan botoen herena gainditu zuen Urkulluren zerrendak. Zehazki, Galdakaon (%43,4), Erandion (%42,4), Getxon (%42,2) eta Bilbon ( % 42) lortu zituen emaitza onenak. Bigarrenarekiko alde txikiena Gasteizen izan zuen, PPri 3,9 puntuko aldea kenduta. Bilbon, berriz, 27,8 puntuko abantaila izan zuen bigarren gelditu zen Podemos-Ahal Dugu-rekiko.

Podemos- Ahal Dugu

EH Bildurekin lehia bizian, Euskal Mendebaldeko bigarren tokia eskuratu zuen. Bigarren indar izan zen Bilbon, Barakaldon, Santurtzin, Leioan, Sestaon, Erandion, Trapagaranen, Etxebarrin eta Zierbenan. Oro har, % 20ko langa gainditzea lortu zuen 3 herritan, eta emaitza baxuena Getxokoa izan zen %10,8ko bozka sorta baino ez baitzuen bereganatu. Getxon izan ezik, beste herri guztietan izan zen 2. edo 3. aukera, sendotasun territorial handia erakutsiz.

EH Bildu

Emaitza nazionaletatik behera, bigarren izan zen Amurrion (%24,9), Laudion (%24,2), Arrigorriagan (%21,8) eta Galdakaon (%19,3). Herrien biztanleriak gora egin ahala, emaitza kaxkarragoak izan zituen. Zehazki, Bilbon, Barakaldon, Sestaon, Portugaleten, Basaurin eta Etxebarrin % 13 edo boto gutxiago lortuaz.

PSE

Azken postuan geratu zen Bilbon, Gasteizen eta Getxon. Bigarren tokia lortu zuen Portugaleten eta Basaurin. Bere emaitzak, orotara, % 8,2 (Getxo) eta %20,9 (Portugalete) artean mugitu ziren. PP eta Podemos-Ahal Dugu-ren atzetik hiri handietan, inoizko joera txarrena erakutsi zuen PSEk.

PP

Azken postuan, ondoen egin zuen Bilbon, Gasteizen eta Getxon. Auzune aberatsagoetan emaitza hobeak lortzeko joera izaki, hortik aurrera oso behera joan ziren beren zenbakiak. Lau hiri handietan baino ez zuten lortu %10eko muga gainditzea.

Begirada zabalagoa: Mendebaldea Euskal Geopolitika elektoralean

Zein da, baina, Euskal Mendebaldeak Euskal Herrian duen pisu elektorala? Horretarako, defini ditzagun, probisionalki, gainontzeko eremuak. Ipar Euskal Herriari, “Ekialdea” deituko diogu, eta Nafarroari “Hegoaldea”. Tartean geratzen den eremuari, honi ere probisionalki “Euskal Erdialdea” deituko diogu. (Euskal Erdialdean Gipuzkoa, Bizkaiko Ekialdea eta Arabako eremu zabal bat kokatu ditugu)

Begira diezaiegun hauteskunde erroldei, hortaz:

Taula 3: Hauteskunde Erroldak Euskal Lurraldearen arabera:

LurraldeaErrolda%
Mendebaldea944.88237,9
Erdialdea838.53733,6
Hegoaldea485.40519,5
Ekialdea223.9809
Euskal Herria2.492.804100

* Ekialdean 2015eko kantonamenduetako hauteskundeak. Mendebalde eta Erdialdean 2016ko Autonomikoak eta Hegoaldean 2019ko Foralak hartu dira kontuan

Gonbara ditzagun, beraz, alderdiak lurraldeka, eta ikus dezagun Euskal Mendebaldean beste lurraldeekiko eta Euskal Herri osoarekiko alderdi bakoitzaren indarra.

Parte Hartzeari dagokionez, hiru hauteskunde multzoak batuta, 1.519.874 bozka batzen dira, eta parte hartzea % 60,97koa da. Honela banatuko lirateke indarrak lurraldeka eta orotara:

Taula 4: Euskal Geopolitika elektoralaren emaitzak, lurraldeka

AlderdiaEH%Mendebalde%Erdialde%Hegoalde%Ekialde%
EAJ-PNB401.60826,42218.37337,96179.79537,17003.4403,11
EHBildu-EHBai293.58219,3285.05914,79140.11328,9650.63114,5417.77916,09
PP-UPN-NS-UDI-UMP-Mo280.64818,4774.46512,9433.3066,89127.34636,5745.53141,21
PSE-PSN-PSF221.02114,5476.74213,3449.67810,2771.83820,6322.76320,60
P’s-Ezk-FdG189.75112,4892.61516,1064.71913,3826.9907,755.4274,91
Geroa Bai60.3233,97000060.32317,3200
C’s21.4771,4113.9182,427.5591,560000
FN14.6370,9600000014.63713,25

Zein da, ondorioz, euskal geografia bakoitzak alderdiengan duen pisua? Azter dezagun, bada, eremu politikoentzat bere emaitza orokorrekiko zein pisu duen eremu bakoitzak. Horretarako botoen portzentaiaren batez bestekoarekiko aldea kalkulatuko dugu:

Taula 5: Alderdi bakoitzean lurraldeak duen pisua, batezbestekoarekiko aldea

AlderdiaMendebaldeaErdialdeaHegoaldeaEkialdeaEH
EAJ-PNB+ 11,54+ 10,75– 26,42-23,3126,42
EH Bildu-EHBai– 4,53+ 9,64– 4,78-3,2319,32
PP-NS-UMP…– 5,53– 11,58+ 18,10+ 22,7418,47
PSE-PSN-PSF– 1,20– 4,27+ 6,09+ 6,0614,54
P’s-Ez-FdG+ 3,62+ 0,90– 4,73– 7,5712,48

Ondorio azkar zenbait Euskal Mendebaldetik abiatuta

Garai ezberdinak eta hauteskunde ezberdinak konparatu ditugu, baliokiderik ezean, eta horrek, jakina, arazo batzuk sortzen dizkigu ondorioei begira. Hala ere, ondorio orokor batzuk azpimarratzen saiatuko gara

A\ Euskal Mendebaldea da Euskal Herriko eremu garrantzitsuena demografikoki. Herritarren joera politikoa, aztertu ditugun hauteskunde zehatzetan, ez da berdina geografiaren aldagaia kontuan izanda.

B\ EAJk nagusitasun nabarmena du Mendebaldean, EH Bildurekin lehian aurretik ari da Erdialdean, eta ez du ia presentziarik, bere markarekin behintzat, Hegoaldean eta Ekialdean.

C\ EH Bildu/EH Bairen indargunea Euskal Geografia osoan indar elektoral handia izatea da. Erdialdean dauka bultzada gehien, eta hori da indar nagusi izateko aukera gehien dituen eremua. Ekialdean, Mendebaldean eta Hegoaldean % 14,54 eta % 16,09 artean mugitzen da, oso modu homogeneoan, beraz.

D\ Geroa Baik Nafarroan duen indarra kontuan izanda, Alderdi abertzaleek honako emaitzak dituzte, guztiak batuta: Euskal Herrian % 49,71 ; Erdialdean % 66,13 ;  Mendebaldean % 52,75 ; Hegoaldean % 31,86 ; Ekialdean % 19,20. Interesgarria da oso emaitza hauek beste aldagai hauekin alderatzea: Egoera Linguistikoa, Sozio-Ekonomikoa, Hezkuntzaren egoera, Erakundeen nolakotasuna eta sendotasuna, besteen artean.

E\ Zentro-ezker eta ezker ez abertzaleak, bestalde, % 27,02ko esparrua betetzen du. EH Bildu/EH Bairi batuta, zentro-ezker ardatz horretan botoen % 46,34 pilatuko litzateke. Erdialdean % 52,61 ;  Mendebaldean % 44,23 ; Hegoaldean % 42, 92 ; Ekidaldean % 41,60 . Hegoaldean, gainera, Geroa Bai-ren aldagaiarekin zentro-ezkerrak botoen % 60,24 izango luke. EH Bilduk eta Podemos-Ahal Dugu-k, bat eginda, Erdialdean izango lukete emaitza onena botoen % 42,34rekin.

F\ Eskuin indar unionistek indar elektoral oso handia dute Euskal Herrian: botoen % 18,47 pilatzen dituzte. Ciudadanos gehituta, 19,88 lirateke (“besteak” gehituta, VOXen eta FNren botoekin % 20ko langa erraz gaindituko lukete). Mendebaldean eta bereziki Erdialdean oso beherantz badoaz ere, Hegoaldean eta Ekialdean hegemonia politikotik gertu daude, botoen % 36,57 eta % 41,21 lortuta, hain zuzen ere.

Euskal Mendebaldeko Udalerrien Zerrenda:

Galdakao, Leioa, Erandio, Sondika, Iruña Oka, Trapagaran, Balmaseda, Arakaldo, Arrankudiaga, Ugao-Miraballes, Orozko, Legutio, Zuia, Kuartango, Zalla, Zaratamo, Lezama, Derio, Zamudio, Vitoria-Gasteiz, Amurrio, Aiara, Laudio, Barakaldo, Karrantza Harana, Gordexola, Güeñes, Lanestosa, Portugalete, Getxo, Larrabetzu, Okondo, Galdames, Urkabustaiz, Arrigorriaga, Artzentales, Zierbena, Loiu, Zigoitia, Artziniega, -Abanto Zierbena, Etxebarri, Arratzua-Ubarrundia, Santurtzi, Ortuella, Sopuerta, Turtzioz, Alonsotegi, Berango, Basauri, Bilbo, Muskiz, Sestao

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin 1

Udal Hauteskundeak eta Euskal Elkargoaren Osaketa: Aperitif moduan ohar batzuk

Euskal Herrian segitzen dugu hauteskundez hauteskunde. Hego Euskal Herrian berriki izan dira Udal Hauteskundeak, nahiz Nafarroako Foru Hauteskundeak ere. Orain, Ipar Euskal Herriaren txanda da. Datorren martxoaren 15ean eta 22an izanen dira bertako Udal Hauteskundeak.  Legegintzaldiak 6 urtekoak direnez, aurrekoak 2014ko martxoan izan genituen, eta unea da ikusteko orduko joerekiko aldaketarik baden.

Legegintzaldi honetan gauza ainitz gertatu dira Estatuan eta Europan: Macronen iritsiera eta En Marche-ren indarra Asanblea Nazionalean; Ultraeskuinaren gorakada; Kaleko mobilizazioak eta langile mugimendua… Baina, Euskal Herrian,  Euskal Hirigune Elkargoaren abiatzeak markatu du, ezbairik gabe, berrikuntza politiko handiena. Sarrera honetan, Euskal Elkargoaren osaketaz ere ariko gara. Izan ere, Udal Hauteskundeak guztiz lotuak baitaude Elkargoak izanen dituen indar harremanekin: udalerrietako hautetsiek baitute osatzen Elkargoaren “Legebiltzarra”.

Euskal Herriarentzat, beraz, bere hiru entitate politiko nagusietako baten (EAE eta Nafarroarekin batera) osaketa da martxoan erabakiko dena. Nafarroan maiatzean osatu zen Legebiltzarra, eta EAEn ere aurten izango da horretarako unea, beranduenez irailean. Honela, osatuta geldituko da hiru euskal legebiltzarren mapa berria.

Frantziar Estatuaren Hostopil Instituzionala

Europa osoan ez da beste Estatu bat Frantziak adina udalerri dituena. Tradizio Anglosaxoi eta Germanikoaren aldean, Frantzian hiribildu bat den toki orotan bada auzapez bat. Horri Sistema politiko zentralista eta goitik beherakoa eransten badiogu, konplikazioak agerikoak dira: herriak, kantonamenduak, “aglo”-ak, departamentuak, “pays” delakoak, Erregio eta Super-Erregioak, gune metropolitanoak eta barrutiak, udalen elkargoak… eta, horien gainean, Prefetak eta Suprefetak. Honela izan da definitua Frantziako “Hostopila”: zaila da jakiten nork kudeatzen duen zer. Eta, jakina, politikoki frantsesa bakarrik ez baino oso frantsesa den praktika politiko bat ekarri du instituzio anabasa honek: karguen akumulazioaren biderkatzea. Honela, eta azkenaldian mugak ezarriak izan badira ere, auzapez, senatari, kontseilari, asanbladako kide eta europarlamentari karguak pilatzea nahikoa arrunta da Frantzian. Gai honek sobera nahas gaitzakeenez, saia gaitezen Udal Hauteskundeen sistema ahalik eta era ulerterrazenean azaltzen.

Udal Hauteskundeak Frantzian: zein dira joko-arauak?

Frantziar Estatuko udalerriak sei urtero berritzen dira.  Hainbeste udalerri direnez, horietako asko txikiegiak dira ohiko hauteskunde sistema baten konkurrentzian aritzeko. Honela, Euskal Herri mailan bi udalerri mota bereiziko ditugu: 1.000 biztanletik gorakoak eta 1.000 biztanletik beherakoak. (Paris, Lyon edo Marseille-en bestelako arauak aplikatzen dira, baita itsasoaz haraindiko hainbat lurraldetan ere).

Mila biztanletik gorako udalerrietan, jakina da, bi itzulitara jokatzen dira hauteskundeak. Lehen itzulian inork emandako botoen % 50 lortzen ez badu, bigarren itzulia jokatuko da. Nork du eskubidea bigarren itzuli honetan aritzeko? Emandako botoen % 10 edo gehiago lortzen duenak. Lehen itzulitik bigarrenera, baina, aukera dago zerrendak fusionatzeko eta zerrenda berriak osatzeko. Fusio horietan parte hartzeko, lehen itzulian emandako botoen % 5 lortzea ezinbestekoa da.

Bigarren itzulian, gehiengo erlatiboa nahikoa da hauteskundeen garaile izendatzeko. Garaileak % 50eko “gehiengo prima” jasoko du, hau da: Udalerri horretan jokoan dauden aulkien erdia gehi bat automatikoki jasoko ditu. Adibidez: 27 aulki jokoan diren herrian, lehen indarrak 14 aulki jasoko ditu momentuan. Geratzen diren aulkiak modu proportzionalean banatuko dira, % 5 baino boto gutxiago lortu dituztenak alboratuz. Honek, praktikan, esan nahi du lehen indarrak gehiengo oso eta sendoa duela gobernatzeko, normalki aulkien 3/4k edo gehiago ziurtatuz.

Mila biztanletik beherako herrietan, zenbaketak indibidualak dira. Hau da, norbanakoak bozkatzen dira, nahiz eta taldean aurkezteko aukera ere izan. Jokoan dauden  aulkiak betetzen joaten dira horrela, jasotako boto kopuruaren ordenean. Lehen itzulian irabazteko, botoen % 50 edo lehen indar izanik zentso elektoralaren % 25 lortzea nahikoa da. Bigarren itzulian bi hautagairen artean berdinketarik izanez gero, zaharrena izanen da auzapez.

Ezberdina da, herriak duen biztanleriaren arabera, udalerri bakoitzak duen zinegotzi kopurua. Hauteskunde hauetarako, 2020ko urtarrilaren 1eko errolda da kontuan hartuko dena udalerri bakoitzak zenbat hautetsi izanen dituen erabakitzeko. Ipar Euskal Herrian 158 udalerri daude. Hona hemen 2017ko erroldaren araberako taulan, nagusienak barne hartuta:

Taula 1: Hautesi (Ht) kopurua biztanleriaren arabera Frantziako Udalerrietan

Biztanleak Ht Herriak Euskal Herrian
100 > 7 Ugari
100-499 11 Ugari
500-1.499 15 Ugari
1.500-2.499 19 Donapaleu, Itsasu, D. Garazi, Baigorri. Eta abar.
2.500-3.499 23 Arrangoitze, Basusarri, Maule, Beskoitze, Milafranga, Sara
3.500-4.999 27 Hiriburu, Azkain
5.000-9.999 29 Bokale, Bidart, Ziburu, Kanbo, Senpere, Ustaritz, Mugerre, Hazparne
10.000-19.999 33 Hendaia, D.Lohitzune, Urruña
20.000-29.999 35 Biarritz
30.000-39.999 39 Angelu
50.000-59.999 45 Baiona

Nondik gatoz? 2014ko emaitzei birpasa txiki bat

Orain sei urte, 3.000 biztanletik gorako herrietan (19 guztira, oraingo zentsoan), 12tan jokatu zen bigarren itzulia, eta 7 udalerritan nahikoa izan zen lehenarekin. Gainera, bi herritan zerrenda bakarra aurkeztu zen (Mugerren eta Hiriburun). Horiez gain, Donibane Lohitzunen, Bidarten, Kanbon, Hazparnen eta Basusarrin erabaki zen kontua lehen itzulian. Bigarren itzulietara 2 alderdi igaro ziren 4 herritan (Angelu, Biarritz, Hendaia eta Ziburu); 3 alderdi 6 herritan (Baiona, Urruña, Senpere, Azkain, Arrangoitze, Maule); eta 4 alderdi 2 herritan (Bokale eta Ustaritz).

Kolore politikoei behatuz, eskuina nagusi da herri handienetan, baina lehian dabil ezkerrarekin, eta abertzaleek presentzia gero eta handiagoa dute bigarren itzulietan, gero eta hautetsi gehiago lortzen dituzte, eta aliantzak egiteko gai direnez, udalerri handietan auzapezak lortzen dituzte. Adibide dira Ustaritz eta Hiriburu.

Taula 2: 2014ko Udal Hauteskundeen Emaitzak 3.000 biztanletik (ia) gorako udalerrietan.

Herria (2017) Emaitza
Baiona 51.000 Eskuin: 45,37 (32) Ezker: 45,22 (9) Abertz: 9,40 (2)
Angelu 39.000 Eskuin: 57,91 (31) Ezker: 42,08 (8)
Biarritz 25.500 Hainbat + abertzale: 51,63 (27) Eskuin: 48,36 (8)
Hendaia 16.500 Ezker + abertzale: 53,07 (26) Hainbat: 46,92 (7)
D. Lohitzune 14.500 Eskuin: 54,87 (26) Abertzale: 25,84 (4) Ezker: 19,27 (3)
Urruña 10.500 Eskuin a: 41,88 (21) Hainbat + Abertzale: 36,53 (5) Eskuin b: 21,58 (3)
Bokale 8.500 Ezker a:  48,27 (22) Ezker b: 26,77 (4) Ezker c: 14,45 (2) Eskuin: 10,50 (1)
Ustaritz 7.000 Abertz + Hainbat: 45,61 (22) Hainbat a: 29,15 (4) Hainbat b: 16,93 (2) Ezker: 8,28 (1)
Senpere 7.000 Eskuin: 45,27 (22) Ezker: 42,71 (6) Abertzale: 12,00 (1)
Bidart 6.500 Hainbat a: 67,55 (25) Hainbat b: 32,44 (4)
Kanbo 6.500 Eskuin: 72,30 (25) Abertzale 27,69 (4)
Hazparne 6.500 Eskuin: 76,37 (26) Abertzale 23,62 (3)
Ziburu 6.000 Hainbat: 53,46 (23) Ezker + Abertzale 46,53 (6)
Mugerre 5.000 Eskuin: 100 (27)
Hiriburu 5.000 Abertzale + Hainbat: 100 (27)
Azkain 4.000 Hainbat: 47,44 (20) Abertzale: 18,01 (2) Eskuin: 13,89 (2)
Arrangoitze 3.500 Eskuin: 51,98 (18) Abertzale:27,43 (3) Hainbat: 20,57 (2)
Basusarri 3.000 Hainbat: 63,72 (16) Abertzale + hainbat 36,27 (3)
Maule 3.000 Eskuin: 47,31 (17) Ezker a: 41,75 (5) Ezker b: 11,92 (1)

Oharrak: Zentsoa 2017koa ez, 2014koa, eta borobildua. Emaitzak ehunekotan eta parentesian hautetsi kopurua. “Hainbat” etiketak ideologia aniztasuna adierazten du ezker-eskuin ardatzean. Izaera bereko bi zerrenda edo gehiago direnean, “a” , “b” edo “c” erantsi zaie bereizteko. 

Euskal Hiritar Elkargoa: Euskal Herriaren hirugarren Legebiltzarra

Ipar Euskal Herrian 309.201 biztanle daude ( INSEEk 2017rako emandako datua da). Aipatu dugu 158 udalerri direla guztira. Horien hautetsiek osatzen dute Euskal Hiri Elkargoa. 158 herri horietarik 233 hautetsi joaten dira Elkargoaren Kontseilura. Kontseilu hau da Ipar Euskal Herriko “Parlamentua”. Kontseilu honek du hautatzen lehendakaria eta 25 hautetsiz osatutako Batzorde Eragilea. Horiez gain, beste 44 hautetsirekin, guztira 69ko taldea eginez, konfiguratzen da Batzorde Eragilea.

Grafikoa 1: Euskal Elkargoaren Organigrama (Elkargoaren webgunetik)

csm_Illustration_conseils_5c6799b456

Bistan da, herri guztiek ez dute ordezkari kopuru bera Elkargoan. Badira 15 herri bi ordezkari edo gehiago dituztenak, 5.000 biztanleko kopuruaren langatik gora (ia) daudenak. Hauek dira beraz ordezkaritza berezi hori duten udalerriak.

Taula 3: Herri nagusien ordezkariak Elkargoan

Herria Biztanleak (2017) Ordezkariak
Baiona 51.000 22
Angelu 39.000 18
Biarritz 25.500 11
Hendaia 16.500 7
D. Lohitzune 14.500 6
Urruña 10.500 4
Bokale 8.500 3
Ustaritz 7.000 3
Senpere 7.000 3
Bidart 6.500 3
Kanbo 6.500 2
Hazparne 6.500 2
Ziburu 6.000 2
Mugerre 5.000 2
Hiriburu 5.000 2

Gainontzeko 143 herriek ordezkari bana dute.

Lurralde Poloak: eskualdeen pisua Elkargoan

Gainera, Elkargoak bere Lurralde Poloak ditu, 10 guztira. Hauek eremu geografikoak barnebiltzen dituzte, eta oso ezaugarri ezberdinak dituzte, demografikoki, ekonomikoki eta sozialki. Horiek sailkatu eta Elkargoarn duten garrantzia agertu ditugu taula honetan:

Taula 4: Lurralde Poloak, haien herri kopuruak eta Aulki kopuruak

Lurralde Poloa Herriak Biztanleak Aulkiak Aulki %
Kostaldea 5 130.000 57 24,46
Hegoaldea 12 68.000 29 12,45
Errobi 11 29.000 14 6,01
Hazparnealdea 11 15.000 12 5,15
Atturri 6 19.000 8 3,43
Amikuze 27 10.000 27 11,59
Bidaxune 7 6.000 7 3,00
Garazi-Baigorri 30 13.000 30 12,88
Iholdi-Oztibarre 13 4.000 13 5,58
Zuberoa 36 14.000 36 15,45

Beraz, barnealdeko biztanleek ordezkaritza handiagoa dute, proportzioan, kostaldeko herri handiek baino, nahiz eta Kostaldeak eta Hegoaldeak, hots, biztanle gehien dituzten eskuldeek Elkargoaren ordezkaritzaren % 37 batzen duten. Bereziki indartsuak dira Zuberoa eta Garazi-Baigorriko poloak, biak batuta 66 ordezkarira heltzen baitira.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Azaroaren 10eko plebiszitua

Batadoz hauteskundeak. Ez dakigu inoiz joan diren, baina hemen ditugu berriz. Hobe esanda, ekarri dizkigute. Auzitegi Gorenak zekarrena, historiako Spoiler handiena, -Osakidetzako azterketa filtratuen baimenarekin-, ezagutzen zuen Gobernuak. Bi bide zituen horren aurrean, eta hau da aukeratu duena.  Beste bidea… beste bidea ez dago. Zer egingo diogu.

Ez da harritzekoa, beraz, hauteskunde hauen oinarria, mezua, kontzeptua hori izatea: Espainia. Ardatz “identitario” deitu duten hori. Identitatea, baina, horrela uler dezakegu: gobernatuen eta gobernatzaileen arteko batasuna, identifikazioa, nazio kontakizun baten inguruan.

Ernest Renanek esana da “Nazioa eguneroko plebiszitua” dela (“Zer da Nazioa?” Sorbonan duela mende eta laurden eman zuen hitzaldi batean.) Ez diogu Frantziar Errepublikak ideia horri eman izan dion aplikazio traketsa guk ere zertan eman. Baina, egin dezakegu zerbait azaroaren 10ean: bihur ditzakegu Espainiar Kongresurako botoak Espainiar Nazioaren plebiszitu. Eta ea zer erabakitzen dugun: Espainiar gobernatzaileentzat gobernagarri izan nahi dugun ala ez. Ezezko horren barne dauden baiezko guztiekin, jakina.

 

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Hiru eskenatoki eta bola estra bat. Espainia: lehengo burutik lepoa

Hauteskunde zurrunbiloan murgilduta dago Espainiako Monarkia Konstituzionala. Hauteskunde sistema proportzionalek bi helburu nagusiri erantzuten diete: batetik, gizartearen  iritzi politikoa ordezkarien banaketan islatzea; bestetik, gobernu egonkorrak lortzea. Lehenaren inguruan eztabaida daiteke. Bigarrenaren inguruan, aldiz, garbi xamar dago, 2014-2016 zikloan alderdien sistema zartatu zenetik, ez dagoela Espainian Gobernu egonkorrak lortzeko modurik. Horren motiboak, jakina, ez dira banaketa eta polarizazio politiko hutsak, bestelako sistema proportzionaletan ere (Eta Espainiakoa ez da zehazki proportzionala, aztertu dugun moduan) ohikoak baitira (Alemania, Israel, Italia, Holanda…). Arazoak iturri ezberdinak ditu, eta, lehenengotik pentsa liteke aktore politikoen taktizismo elektoral hutsa dagoela guztiaren atzean. Badago sakonerago bergiratzerik ere:

Tarte estua aldaketarentzat

Espainiako Erregimen politikoa ‘normalizatu’ zela zabal aipatu zen 1982an PSOE gobernura iritsi zenean: tradizio politiko sozialistatik zetorren gobernu batek frogatzen baitzuen Espainia “prest” zegoela demokrazia liberal normalizatua izateko. Ondoren, 1996an, Aznarrek agintea hartu zuenean, besteak beste, EAJ eta CiUren babesarekin, are gehiago “normalizatu” zen Espainiar Demokrazia. Baina, egia esanda, 1977tik gaur arteko gobernu guztiek izan dute ezaugarri bera: Trantsizio deitu prozesu politikoaren sustatzaile eta aktore nagusiak izan direla gobernu ardurak hartu dituzten bakarrak. Espainar Demokrazia normaliza dezakeen faktorea, alegia, bere elementu oinarrizkoak zalantzan jartzen dituen eragile politikoak gobernabilitatean sartzea, une honetan, posible den horretatik urrun dagoen eskenatokia da, berriki ikusi dugun moduan.

Podemosek “78ko Erregimena” deituaren aurrean duen posizio anbiguotik haratago, errealitate gisa har dezakegu erregimen horrek mehatxu moduan ikusten duela Pablo Iglesiasen proiektua. Eta, beraz, gobernuetatik kanpo nahi duela. Ez dira alderdi politikoak bakarrik: aurreko ziklo politikotik (1936-1977) eta azken lau hamarkadotatik datozen indar irabazleek ere hala ikusten baitute, indar ekonomikoek, esaterako.

Dena den, ez da Podemos euren mehatxu nagusia, askotan bazterrean uzten delako independentisten papera (ERC eta EH Bildurena, batik bat), Sanchezen gobernagarritasunean. Hauen oniritzirik gabe, azken bi Parlamentuetan, ez zegoelako Eskuinaren alternatiba izango zen konbinazio posiblerik egiterik.

Beraz, honoko egoeran aurkitu da Sanchezen proiektua: orain arte posible izan den hori gainditzea, Estatuan posibilitate berriak irekitzeko, edo uzten zaion tarte estuaren baitan malabarismo politikoak bilatzea. Lehena egiteko baldintza guztiak izanik (Aritmetikoak, programatikoak, politikoak), bigarrenari heldu dio. Hau da, tarte estuan ahal duena egiteari. Arrisku politiko irrazionalak hartuta bere interesentzat. Sanchezen mugimenduak ez dira, ez, Spin Doctorren taktika burutsuen ondorio: Espainiako Politikak eskaintzen dion tarte estua onartu izanarenak baizik. 

Horra zein hiru aukeren aurrean aurki daitekeen Sanchez azaroaren 11ko goizean izango duen lehen bilkuran:

1.- Gobernu ‘aurrerakoia’ independentisten beharrik gabe eta Podemos arduretatik kanpo 

PSOEren interesentzat hauxe da eskenatoki kuttuna. Azkenekoetan ez zuen lortu; nola lortu oraingoan? Aukerak ez dira handiegiak. Batetik, ezerk ez garamatza pentsatzera Sanchezek bere babesak (7,4 Milioi boto) nabarmen igoko lituzkeenik. Eta, ondorioz, bere ordezkaritza nabarmen handi dezakeenik. Podemosekiko 3-1eko proportzioa du Kongresuan. Proportzio hori 4-1 bihurtzeko aukera izan da Podemos presionatzeko erabili duen modua huts egin duten negoziazioetan. Baina negoziazio horien kudeaketa traketsa egin du Sanchezek, eta Espainiako hautesleriak egoeraren errudun nagusitzat jo du. Aste batzuk ditu aurretik horri buelta emateko. Bidean, aldapa gogorra.

Errejonen pausoak egoera konplikatu egiten du. Orain, 6 alderdiko ( + abertzaleak) sistema bat da datorrena. Honek estimazio elektoralak zaildu baino, ia inposible bihurtzen ditu; baina, joerei dagokienez, ideia hau hobetsiko dugu: Más País-ek eta Unidas Podemosek, biak batuta, botoak igotzea. Horretarako, abstentzioa eta PSOEren boto-emaile zati bat bere egin ditzakete. Honek, hala ere, ez die ziurtatzen ordezkari gehiago izatea; litekeena da, baina ez da segurua: MP zein barrutitan aurkezten den da gakoetako bat. Guztira, 10 ordezkari edo gehiagoko 7 barruti daude, eta horietan 128 aulki daude jokoan (aulki guztien % 36). Errejonek sistema Proportzianalago den barrutietan aurkezteko asmoa iragarri du.

Eta zenbakiek ematen badute? Aukera bat da. Hau da, PSOE; UP ; MP (eta aliatuak); EAJ, PR eta besteren batek, eskenatoki honetan aipatzen diren baldintzak betetzea. Zenbakiek ematen badute, negoziazioak hasiko dira. Eta hor, UPren jarrera berriz ere gakoa izanen da, azken hilabete honetako sokatira errepikatzen den ala ez jakiteko. Horrela bada, bigarren eskenatokirako presioak handiak izango dira:

2.- PSOE-Ciudadanos + babesak

Egoera ideala litzateke, lehen aipatu “78ko Erregimena“-ri sasi-normalizazio itxura berritua emateko. Hau da, bipartidismo klasikotik at dagoen alderdi bat sartzeko, eta, aldi berean, Espainaren gobernagarritasuna zentzu “egokian” bideratzeko. Bi problema daude, baina:

Lehena, ezaguna, zenbakiek ez dutela zertan eman. Ciudadanosen jaitsiera datorrela iragarrita dago. Oro har, Bipartidismo klasikoa berrindartzeko operazio politiko baten erdian gaude. Hau da: PSOE eta PP indartu eta UP eta C’s ahuldu. Ondorengo paktuak beste kontu bat dira. PP-C’s espazioan nabarmena da hori (Zentro-ezkerrean ikusi dugu PSOEren kudeaketa txarrak eta Errejonek espazioa korapilatu dutela). Beraz, PSOEk eta C’s-k babesak bildu beharko lituzkete zenbakiek eman dezaten. Non, baina?

Bigarrena ere esanguratsua: ez PSOEri ezta Ciudadanosi ere ez zaie komeni, aktore politiko moduan, batuketa hori. Duela hiru urte saiatu ziren, eta kitto. Arazoa ez da ideologikoa, polarizazioa baizik. Ezker-eskuin dituzten lehiakideak (UP-MP-PP-Vox), batetik, soka tenkatzen ari dira. Bestetik, Kataluniako egoerak polarizazio horretan eragin dezake Sanchezek nahi baino gehiago.

Aukera honek huts egingo balu, hona hirugarren bat:

3.- PSOE gobernuan eskuinaren abstentzioarekin

Egoera kezkagarri honetan kezkagarriena, babes politiko hori baino, babes politiko horren truke Sanchez onartzeko prest legokeena litzateke. Baina ez da baztertu behar: PPk nahikoa indar biltzen badu, Casadismoaren estrategia berriaren zutabe izan daiteke aukera hau, hau da, karta “zentzuduna” jokatzea, behin VOX eta C’s neutralizatuta. Casadoren oso aldeko egoera politikoa letorke gero, lau urteko presio politikoa, gobernagarritasunaren giltza eskuan izanda, atea nahieran ireki eta ixteko.

PSOE oso egoera ahulean legoke orduan. Erretorikoki asko erabili du Sanchezek aukera hau, batik bat Kongresuan izan diren debateetan. Baina helburua taktikoa izan da, eskuinari presio egitea. Oraingoan, aldiz, ezkerrera duen espazioa (6 Milioi boto) aktibatu dezakeen aukera izan daiteke, zentroa bereganatzearekin nahikoa izan gabe.

Bola estra eskuinarentzat

Eskuinak bigarren itzuli bat du. Opari polita PPrentzat. Casadok, bere hegoak Fenix hegazti baten moduan aireratu ditzake, eta bere helburu politiko nagusia lortu: zentro-eskuin-eskuin mutur espazio zabala bereganatzea. Hori baino ez da “España Suma” operazioa, eskuinaren lidertza bereganatzeko bidea, materialki gauzatuko ez dena, baina kontakizun bat eraikitzen laguntzen duena. Azaroaren 10ean opari nagusia badu (zenbakiek ematea gobernua osatzeko), ez du aukera alperrik galduko: oso eskuzabal izateko prest dago Rivera, VOX, eta beste alderdi batzuekin.

Joera guztiek diote PPk eskuina lideratzeko bere helburua eskura duela. Hortik aurrera, hari dagokio datozen urteetarako bide bat ireki eta gobernua lortzea. PP “Europazaleago” bat izan daiteke Casadok alderdiari eman diezaiokeen identitate “berria”.

Santa Agenda: eskuinak, ezkerrak eta independentismoak, bakoitzak bere kartak

Agenda politikoan ezarriko diren gaiak: Kataluniaren auzia, Estatu ereduari lotua; Krisi ekonomikoa; Gizarte munduko gaiak: prekarietatea, klima, femisnimoa eta abar. Aukerak ematen dizkiete aktore politiko guztiei beretik jotzeko. Ondorioz, polarizazio egoera berri baterantz joan gaitezke berriz, azken hori aktoreen paperaren araberakoa izango bada ere.

Ezkerrak bere espazioa du krisi ekonomiko eta gizarte gaien baitan. Kanpoan geratu zaio “iragana” (Franco, Ultraeskuina…) gai politiko eraginkor moduan; baina, baditu elementu nahikoak politikoki ezkerretik mobilizazioa bultzatzeko. Aurka izango du gobernatzeko gaitasun eza.

Eskuinak, aldiz, agenda ez originalegia astinduko du, azkenaldian ikusten ari garen moduan: Estatu eredua, Katalunia (errepresioa, kriminalizazioa eta abar), eta kudeaketarako indarra.

Independentismoak azken hauteskundeetako bidetik dauka jokoa: Euskal Herrian, zehazki, Estatuaren ezengorkotasunaren aurrean, bertako indarrak babestea dela aukerarik onena helaraziz bere boto emaileari. Dena den, errealitate batetik ere ihes egin ezinean dabil: Euskal Herrian burujabetzaren aldeko pauso batzuk lortu ezean, segmentu berriak erakartzeko sinesgarritasun gabezia batetik, alegia. 

 

 

 

 

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Lurralde orekak eta desorekak Europako Parlamentuan

Europa. Bere buruaz beste gehienetan egin duen kontinentea. Inperioen, herrien, iraultzen eta ideien lurraldea. Ilustrazioaren gurasoa, eta barbariearen alaba. Lur zati izateaz gain, zer da Europa? Komunitate, proiektu, zibilizazio… zatitu edo elkartu? Banatu edo batu? Noraino iristen da, non hasten eta non bukatzen?

Izen eta izanetik haratago, Europa bere Demiurgoaren  genealogian igeri  ari da, oraindik, letorkiokeena horrela hobe aurkituko duelakoan. Julio Zesarrek, ibaien bestaldeko erriberetarantz begiratzen zuenean, ez zuen Europa ikusten. Baina, Erromatarrak izan ote ziren Europa izango zenaren hazia erein zutenak? Ez al zen ohore hori kristautasunarena izan? Karlo Magno, Napoleon, Monet… Zein ote da Europaren benetako aita?

Ironia izango da, akaso, Europa Gerlak batu izana. Gerlak berriz suntsi zezan beldurrak. Giza Eskubideen eta, ongizate estatuaren bermea gatazkak ekiditeko. Halaxe saldu digute, behintzat, Europako Azken Gerrate Handiko ondoko egunetatik gaur arteko ibilbidea. Begirada zorrotzagoak, seguruaski, Gerla batzuk ekiditea beste batzuei ekiteko modua baino ez zela izan esango digu. Hori bakarrik? Ez dugu, momentuz, De Gaulle generalak, Komunista zenbaitekin batera, amesten zuen “Europa Europarra, Atlantikotik Uraletara” hura gauzatzerik izan. Vladimir Putinek ez du okasiorik galtzen Gorbatxofen inozokeria salatzeko: Khol Kantzillerrak, agindu baitzion, hitzez, Alemaniaren batasunak ez zuela NATO Oder hibaitik ekialderantz eramango.”Hitzek – dio Putinek, atsekabetuta– ez dute balio; konpromisoak paperean sinatu behar dira”. 1990etan izan ziren erabaki hauen akats estrategiko gorena salatu zuten ahotsak AEBetan bertan, Errusiar Hartzarekin bakea egin nahi zutenen artean, batik bat. Alperrik, oraingoz.

Dimentsio geoestrategikoa ukaezina da, beraz, Europar Batasunaren eraikuntzan. Gerra hotza edo hegemonaren gose aseezina izan, Defentsa eta Segurtasun sistema oso bat da, Atlantiko-dependentea, Batasun honen ezaugarri ezin ekidineko bat.

Zerk batzen du Europa, eta zerk zatitzen? Laister 27 kide izango dituen Europar Batasuneko 441,1 Milioi biztanleak zerbaitek batu eta banatzen baditu, hori zorioneko Merkatua da. Politika eta harreman ekonomikoak ulertzeko sistema beraren pean egoteak. Batu mugitu, saldu, erosi, inbertitu, trukatu… dezakegulako, ahal dugunaren baitan,  ia nahi dugun guztia. Banatu, 1989tik hona, Europan zatiketa berriak sortu direlako, paradoxikoki: Ekialde eta Mendebaldearen artean (1989-2018 urteen artean, 60 milioi biztanleko aldea hazi da Europar Batasuneko Mendebaldetik Ekialde Berrira); desberdintasun sozialak, sistemaren irabazle eta galtzaileen artean; erdigune eta periferien artean;; herri izan nahi eta izaten uzten ez dietenen artean.

Guztiarekin, bere elementu gain-nazional eta Estatalen konbinazio, -aitortu beharra dago-, original honekin, mundu mailan integrazio erregional erreal baten arrakasta adibide bakarra dugu Europar Batasunarena. Oraindik Europa ia erdia kanpoan utzia badu ere; oraindik arrakasta hori oso zalantzan jartzen bada ere. Europar Batasunak eskaintzen du zertatik ikusi eta ikasia, eta ez du gutxi. Le Pen-ek berak aitortzeraino ez duela Europar Batasuna ez hautsi ez utzi nahi. Berak, hori bai, Estatu-Nazioen Europa nahi du, eta ez oraingo honek hartu duen itxura hibrido hau.

Lau Eztabaida Europar Ardatzean: begirada laburra. 

Burujabetza Erreakzionarioaren mugimendua da, hain zuzen, Europa mailako eztabaida politikoa gidatu eta baldintzatzen ari dena azken urteotan. Bere agenda ezaguna da: inmigrazioa, burujabetza eta eliteen kontrako hitz-jarioa. Herrialdetik herrialdera ezaugarri ezberdinekin janzten da, baina klase ertain zahar eta klase altu zenbait elkartu eta langile segmentu batzuk erakartzeko estrategian oinarritzen dira gehien-gehienak.

Lau dira, beraz, mahai gainean izango ditugun eztabaidak datozen hilabeteetan. Lehena, aipatu duguna, Europar Batasunaren Gain-Nazionatasuna eta Estatu Nazioen burujabetzaren artekoa. Bigarrena, Neoliberalismoa eta honekiko alternatiben artekoa. Hirugarrena, inmigrazioak giza eskubideen inguruan mahaigaineratzen duena, eta, azkenik, Europaren Segurtasuna eta Defentsa eta Nazioartean jokatu behar duen edo jokatu behar ez duen papera. 

Aurrerago aztertzen saiatuko gara, gaur ez, alderdi bakoitzak gai hauen inguruan dituen aukerak, eta joerak zein izaten ari diren.

Barruti nagusien Gainbegirada, eta bakoitzaren pisua 

Datorren maiatzaren 23tik 26ra jokatuko dira Europar Parlamenturako Hauteskundeak. Brexitaren eta azken doiketen ondoren, 705 izango dira egun horietan Europar Batasuneko hiritarrek hautatuko dituzten ordezkariak. Gainera, 2014an egin bezala, Komisioaren burua ere herritarrek hautatutako ordezkarietako bat izango da; hori bai, aurkezten diren alderdiek hauteskundeen aurretik izendatu beharko dute euren hautagaia, eta horien artean Parlamentuan gehiengoa lortzen duena izango da hautatua.

Europar Batasunaren hauteskunde arauen arabera, jasotako botoen kopuruaren araberako ordezkaritza da hauteskunde hauetan sustatzen dena. Hau da, barruti bakoitzean, esaterako, % 15 boto lortzen dituenak, barrutiaren ordezkarien % 15 eskuratuko ditu, edo horra ahalik eta gehien gerturatuko da. Hori hala izanik ere, desorekak badira, eta ez txikiak, lurraldetik lurraldera, eta, beraz, barrutitik barrutira.

Guztira, 441,1 Milioi biztanleko Europar Batasunean, 27 lurralde daude, baina, esan bezala, ez da berdina bakoitzaren pisua. Lehen sailkapen batean, sei multzotan laburtu dugu hauteskunde-eremu osoa.

Lurralde Napoleonikoak, tradizio politiko horretatik edaten dutenak lirateke, eta talde hau da demografikoki pisu handiena duena Europar Batasunaren baitan. Frantzia, Italia, Espainia, Belgika eta Portugalek osatzen duten multzoak 192,5 Milioi biztanle ditu, EBko biztanle guztien % 43,64. Aldiz, 256 ordezkari hautatuko ditu 705etik, hau da, horien % 36,31.

Prusiar tradizioko lurraldeak dira Alemania, Austria, Herbehereak eta Luxenburgo. Batuta, 106,8 Milioi biztanle dituzte, EBren % 24,21, eta 150 aulki Parlamentuan, guztira daudenen % 21,28, alegia.

Komunistak izandako herrialdeak 11 dira guztira, eta 102,8 Milioi biztanle (%23,33) eta 204 Europarlamentari (%28,94) dituzte. Prusiarrek baino biztanle gutxiago izan eta ordezkari gehiago izatearen motiboa, Herrialde gehiago direla da. Prusiarrak lau dira, eta Komunista ohiak 11. Haien artean ezberdinak direnez oso, hiru azpimultzotan sailkatu ditugu, bakoitzaren garrantzia azalera dadin: Visegraad, Balkanak eta Baltikoa. Lehenak, Polonia, Txekiar eta Eslobakiar Errepublikak eta Hungriak osatzen dutenak, 64,4 Milioi biztanle eta 108 ordezkari ditu. Balkanetako herrialdeetan, Errumania, Bulgaria, Kroazia eta Eslovenia, 32,5 Milioi dira biztanleak eta 70 ordezkariak. Baltikoko hiru Estatuetan (Lituanian, Letonian eta Estonian) apenas bizi diren 6 Milioi lagun, baina 26 parlamentari dira hautatuko dituztenak.

Hiru dira EBn dauden Herrialde Eskandinabiarrak: Suedia, Danimarka eta Finlandia. Batuta, 21,7 Milioi biztanle dituzte (EBren % 4,92)) eta 49 ordezkari (% 6,95)

Greziak eta Mediterraneoko irla-estatuek 12,5 Milioi hiritar batzen dituzte (%2,83) eta 33 ordezkari (% 4,68).

Azkenik, Europa Iparraldeko Irla-Sisteman bakarrik geratu da Irlanda, Erresuma Batuak Brexita egin ondoren, bere 4,7 Milioi biztanle (% 1,07) eta 13 ordezkarirekin (% 1,84).

Ekar dezagun hau guztia taula batera:

 

Lurraldea Biztanleak % Ordezkariak %
Napoleonikoak 192,5 M 43,64 256 36,31
Frantzia 64,9 14,71 79 11,21
Italia 59,8 13,56 76 10,78
Espainia 46,1 10,45 59 8,37
Belgika 11,4 2,58 21 2,98
Portugal 10,3 2,34 21 2,98
Prusiarrak 106,8 M 24,21 150 21,28
Alemania 80,6 18,27 96 13,62
Herbehereak 17 3,85 29 4,11
Austria 8,6 1,95 19 2,69
Luxenburgo 0,6 0,14 6 0,85
Komunista ohiak 102,9 M 23,33 204 28,94
Visegrado 64,4 M 14,60 108 15,32
Polonia 38,6 8,75 52 7,39
Txekiar Errep 10,6 2,40 21 2,98
Hungria 9,8 2,22 21 2,98
Eslovakiar Errep 5,4 1,22 14 1,99
Balkanak 32,5 M 7,37 70 9,93
Errumania 19,2 4,35 33 4,68
Bulgaria 7 1,59 17 2,41
Kroazia 4,2 0,95 12 1,70
Eslovenia 2,1 0,48 8 1,13
Baltikoak 6 M 1,36 26 3,69
Lituania 2,8 0,63 11 1,56
Letonia 1,9 0,43 8 1,13
Estonia 1,3 0,29 7 1,00
Eskandinabiarrak 21,7 M 4,92 49 6,95
Suedia 10,5 2,38 21 2,98
Danimarka 5,7 1,29 14 1,99
Finlandia 5,5 1,25 14 1,99
Grezia eta Irlak 12,5 M 2,83 33 4,68
Grezia 10,9 2,40 21 2,98
Zipre 1,2 0,27 6 0,85
Malta 0,4 0,09 6 0,85
Anglosaxoiak 4,7 M 1,07 13 1,84
Irlanda 4,7 1,07 13 1,84
Guztira Europar Batasuna 441,1 100 705 100

 

Europako G-7

Irakurketa honen lehen sartualdia bukatzeko, begira dezagun orain Europako Herrialde Nagusien pisua Europar Parlamentuan. Honela, Europako 7 lurralde handienetan, (Alemania, Frantzia, Italia, Espainia, Polonia, Errumania, Herbehereak) 326,7 Milioi biztanle daude, hau da, Europar Batasun osoko % 74,01. Guztira, 424 ordezkari hautatuko dituzte, Parlamentu osoko % 64,14.

Oso handia da, beraz, herrialde hauen pisua Europar Parlamentuan. Honela, ordezkariak Parlamentuan Alderdika eta ez Herrialdeka antolatuta egonik ere, ezinbestekoa gertatzen zaigu lurralde eta barrutikako lehen irakurketa hau egitea.

 

 

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Barrutiak Espainiako Hauteskunde Orokorretan

Aurreko Post-ean azaltzen genuenez, Espainiako Hauteskunde Orokorretan, Barruti bakoitzak ez dauka pisu bera. Eta alderdiek barrutietan ere ez. Eskuragai dauden ordezkari kopurua eta aurkezten diren alderdiak ikusita, lau modutara sailkatu genituen barrutiak: Lehenik, 10 ordezkari edo gehiago hautatzen dituztenak; bigarrenik, 6 eta 9 artean hautatzen dituztenak, eta hirugarrenik txikienak, 5 edo gutxiago dituztenak. Horiei, tokian tokiko alderdiak, Estatu osoan ez, baina barruti jakin batzuetan aurkezten diren barrutiak gehitu dizkiegu, zehazki Katalunia, Euskal Herria, Galizia eta Kanariar Irletakoak. Azken horietan, konpetentzia are handiagoa da aulki bat lortzeko. Honela laburtuko litzateke banaketa hori:

Ordezkariak barrutian

Barrutiak

% Ordezkariak

%

10 edo gehiago

7

13,8 128

36,6

6-9 artean

17

32,7 119

34

5 edo gutxiago

28

54,5 103

29,4

Tokiko alderdiak

14

32,7 108

30,8

Aipa dezagun barruti txikiek joera kontserbadoreagoa dutela, eta, beraz, orokorrean, Espainiako Legebiltzarrak sesgo Kontserbadore bat duela, hau da, aukera kontserbadoreak hobeto eta gehiago ordezkatuak daudela Kongresuan. Bi modutara gertatzen da hori:

  • Lehenik, PPren nagusitasuna nabarmena da barruti txiki horietan; bigarrenik, PSOEk ere emaitza hobeak ditu, baina horrek ez du “aurrerakoi” izatearekin zerikusirik. Hots, barruti handietan, PSOE baino aurrerakoiagoak diren indarrek emaitza hobeak dituzte, bere ardatzean, eta horrek esan nahi du, barruti txikietako PSOE “Kontserbadoreagoa” dela barruti handietakoa baino.
  • Bigarrenik, barruti txikietan aukera gutxi dituzte bosgarren eta laugarren geratzen diren alderdiek aulkia lortzeko, baita hirugarren tokian iristen diren batzuek ere. Horrek “alperrikako boto” asko sortzen ditu, eta eragiten du botoa aukera indartsuetan kontzentrazera, kasu honetan PP eta PSOEra.

Ikus dezagun hori, barrutikako sailkapenetatik abiatuta, alderdiz alderdi, 2016ko azken Hauteskunde Orokorretako datuekin.Lehenik, emaitza orokorrak:

 

Guztira (350)

 

Aulki

%

PP

137

39,1

PSOE

85

24,3

UPodemos

71

20,3

C’s

32

9,1

ERC

9

2,6

Cdc

8

2,3

PNV

5

1,4

EHB

2

0,6

CC

1

0,3

Guztira

350

100

Eta, orain, barrutien tamainaren arabera:

Barrutiak Txiki (3-5) Ertain (6-9) Handi (10-36)
  Aulki % Aulki % Aulki %
PP 53 51,5 41 34,5 43 33,6
PSOE 29 28,2 30 25,2 26 20,3
UPodemos 15 14,6 25 21,0 31 24,2
C’s 3 2,9 10 8,4 19 14,8
ERC 1 1,0 3 2,5 5 3,9
Cdc 1 1,0 3 2,5 4 3,1
PNV 1 1,0 4 3,4 0 0
EHB 0 0 2 1,7 0 0
CC 0 0 1 0,8 0 0
Guztira 103 100 119 100 128 100

 
Taula honetatik hainbat elementu azpimarratuko ditugu.

  • PPk eta PSOEk bere emaitza onenak barruti txikietan lortzen dituzte eta emaitzak okertzen doazkie barrutietan ordezkari kopuruak igo ahala. Lehen motiboa, begibistakoa da: banatzeko aulki gutxi dauden barrutietan, lehen postuetan ez dauden alderdiek aukera gutxi dituzte ordezkariak lortzeko. Bigarrena, barruti txikien, alegia, populazio txikiagoa dutenen izaera kontserbadoreagoa da. Bi faktoreak batuta, sesgo bat ezartzen da PP eta PSOEren aldekoa.
  • Unidos Podemosi eta Ciudadanosi kontrakoa gertatzen zaie: barrutietan ordezkari gehiago egoteak aukera ematen die tartaren zati handiagoei koxk egiteko. Honen motiboak PP eta PSOEren inguruan azaldutakoak dira, baina kontrako zentzuan.
  • Barruti txikietan beraz Bipartidismoa da nagusi, eta barrutiak igo ahala, 4 alderdiko Sistema batera gerturatzen gara.
  • Honela, Barruti Txikietan PP eta PSOE garbi gailentzen dira, aulkien % 79,8 eskuratuta. Barruti ertainetan % 59,7ra jaisten da haien ordezkaritza, eta, azkenik. barruti handietan % 53,9koa da haien emaitza.
  • Egoera hau nabarmen islatzen da PSOE eta UPren emaitza alderatuetan: Barruti txikietan, PSOEk UPri 11,6 puntuko aldea ateratzen dio, barruti ertainetan 3,8 puntukoa, eta barruti handietan UP da aurretik gelditzen dena 3,9 puntuko aldearekin.

Ikus ditzagun orain, Estatu mailako alderdiez gain, tokian tokiko alderdiak ere aurkezten diren barrutiak:

Alderdiak 

Emaitzak

 

Aulki

%

PP

28

25,9

PSOE

20

18,5

UPodemos

28

25,9

C’s

7

6,5

ERC

9

8,3

Cdc

8

7,4

PNV

5

4,6

EHB

2

1,9

CC

1

0,9

Guztira

108

100

Azpimarra ditzagun elementu zenbait:

  • Tokiko alderdiak dauden 14 barrutietan, oso bestelakoa da egoera. Konpetentzia handiagoa da, askoz: Kataluniako lau barrutietan ERC eta CdC ere indar handiz sartzen dira; Euskal Herriko lau barrutietan EAJ, EH Bildu eta Geroa Bai ere leihatzen dira; Galiziako lau barrutietan BNG aurkezten da, eta Kanariar Irletako bi barrutietan Coalición Canaria.
  • Tokiko alderdiak dauden barrutietan lortzen ditu UPk bere emaitzarik onenak. Hau da: Konpetentzia handiena dagoen tokian, aulkien % 25,9 eskuratzen ditu, eta aztertutako multzo guztietan duen emaitzarik onena da. Emaitza honek lehen indar moduan kokatzen du, PPrekin batera, barruti horietan.
  • PPk eta PSOEk, batuta, % 44,4 aulki eskuratzen dituzte tokiko aukerak dauden barruti horietan; eta Ciudadanosen % 6,5ekin apenas gainditzen duten % 50eko langa (%50,9). Jakina, emaitza horiek territorio historiko jakin batzuetara mugatuko bagenitu (Katalunia eta Euskal Herria, esaterako), oso ezberdinak lirateke emaitzak, joera hori asko nabarmenduko litzatekeelako. Are gehiago, Gaztela-Leoi, Gaztela-Mantxa edo Madrilekin alderatuko bagenitu emaitza horiek, zer esanik ez.
  • Tokiko alderdiak ere leihatzen diren esparruan, Barruti handi bat dago, Bartzelona, 31 aulki dituena. Gainera, 8 barruti ertain daude, eta beste 5 txiki. 13 barruti ertain eta txiki horietan konpetentzia benetan da gogorra, eta “alperrikako” botoen kopurua oso handia.

 

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin 1