Lurralde orekak eta desorekak Europako Parlamentuan

Europa. Bere buruaz beste gehienetan egin duen kontinentea. Inperioen, herrien, iraultzen eta ideien lurraldea. Ilustrazioaren gurasoa, eta barbariearen alaba. Lur zati izateaz gain, zer da Europa? Komunitate, proiektu, zibilizazio… zatitu edo elkartu? Banatu edo batu? Noraino iristen da, non hasten eta non bukatzen?

Izen eta izanetik haratago, Europa bere Demiurgoaren  genealogian igeri  ari da, oraindik, letorkiokeena horrela hobe aurkituko duelakoan. Julio Zesarrek, ibaien bestaldeko erriberetarantz begiratzen zuenean, ez zuen Europa ikusten. Baina, Erromatarrak izan ote ziren Europa izango zenaren hazia erein zutenak? Ez al zen ohore hori kristautasunarena izan? Karlo Magno, Napoleon, Monet… Zein ote da Europaren benetako aita?

Ironia izango da, akaso, Europa Gerlak batu izana. Gerlak berriz suntsi zezan beldurrak. Giza Eskubideen eta, ongizate estatuaren bermea gatazkak ekiditeko. Halaxe saldu digute, behintzat, Europako Azken Gerrate Handiko ondoko egunetatik gaur arteko ibilbidea. Begirada zorrotzagoak, seguruaski, Gerla batzuk ekiditea beste batzuei ekiteko modua baino ez zela izan esango digu. Hori bakarrik? Ez dugu, momentuz, De Gaulle generalak, Komunista zenbaitekin batera, amesten zuen “Europa Europarra, Atlantikotik Uraletara” hura gauzatzerik izan. Vladimir Putinek ez du okasiorik galtzen Gorbatxofen inozokeria salatzeko: Khol Kantzillerrak, agindu baitzion, hitzez, Alemaniaren batasunak ez zuela NATO Oder hibaitik ekialderantz eramango.”Hitzek – dio Putinek, atsekabetuta– ez dute balio; konpromisoak paperean sinatu behar dira”. 1990etan izan ziren erabaki hauen akats estrategiko gorena salatu zuten ahotsak AEBetan bertan, Errusiar Hartzarekin bakea egin nahi zutenen artean, batik bat. Alperrik, oraingoz.

Dimentsio geoestrategikoa ukaezina da, beraz, Europar Batasunaren eraikuntzan. Gerra hotza edo hegemonaren gose aseezina izan, Defentsa eta Segurtasun sistema oso bat da, Atlantiko-dependentea, Batasun honen ezaugarri ezin ekidineko bat.

Zerk batzen du Europa, eta zerk zatitzen? Laister 27 kide izango dituen Europar Batasuneko 441,1 Milioi biztanleak zerbaitek batu eta banatzen baditu, hori zorioneko Merkatua da. Politika eta harreman ekonomikoak ulertzeko sistema beraren pean egoteak. Batu mugitu, saldu, erosi, inbertitu, trukatu… dezakegulako, ahal dugunaren baitan,  ia nahi dugun guztia. Banatu, 1989tik hona, Europan zatiketa berriak sortu direlako, paradoxikoki: Ekialde eta Mendebaldearen artean (1989-2018 urteen artean, 60 milioi biztanleko aldea hazi da Europar Batasuneko Mendebaldetik Ekialde Berrira); desberdintasun sozialak, sistemaren irabazle eta galtzaileen artean; erdigune eta periferien artean;; herri izan nahi eta izaten uzten ez dietenen artean.

Guztiarekin, bere elementu gain-nazional eta Estatalen konbinazio, -aitortu beharra dago-, original honekin, mundu mailan integrazio erregional erreal baten arrakasta adibide bakarra dugu Europar Batasunarena. Oraindik Europa ia erdia kanpoan utzia badu ere; oraindik arrakasta hori oso zalantzan jartzen bada ere. Europar Batasunak eskaintzen du zertatik ikusi eta ikasia, eta ez du gutxi. Le Pen-ek berak aitortzeraino ez duela Europar Batasuna ez hautsi ez utzi nahi. Berak, hori bai, Estatu-Nazioen Europa nahi du, eta ez oraingo honek hartu duen itxura hibrido hau.

Lau Eztabaida Europar Ardatzean: begirada laburra. 

Burujabetza Erreakzionarioaren mugimendua da, hain zuzen, Europa mailako eztabaida politikoa gidatu eta baldintzatzen ari dena azken urteotan. Bere agenda ezaguna da: inmigrazioa, burujabetza eta eliteen kontrako hitz-jarioa. Herrialdetik herrialdera ezaugarri ezberdinekin janzten da, baina klase ertain zahar eta klase altu zenbait elkartu eta langile segmentu batzuk erakartzeko estrategian oinarritzen dira gehien-gehienak.

Lau dira, beraz, mahai gainean izango ditugun eztabaidak datozen hilabeteetan. Lehena, aipatu duguna, Europar Batasunaren Gain-Nazionatasuna eta Estatu Nazioen burujabetzaren artekoa. Bigarrena, Neoliberalismoa eta honekiko alternatiben artekoa. Hirugarrena, inmigrazioak giza eskubideen inguruan mahaigaineratzen duena, eta, azkenik, Europaren Segurtasuna eta Defentsa eta Nazioartean jokatu behar duen edo jokatu behar ez duen papera. 

Aurrerago aztertzen saiatuko gara, gaur ez, alderdi bakoitzak gai hauen inguruan dituen aukerak, eta joerak zein izaten ari diren.

Barruti nagusien Gainbegirada, eta bakoitzaren pisua 

Datorren maiatzaren 23tik 26ra jokatuko dira Europar Parlamenturako Hauteskundeak. Brexitaren eta azken doiketen ondoren, 705 izango dira egun horietan Europar Batasuneko hiritarrek hautatuko dituzten ordezkariak. Gainera, 2014an egin bezala, Komisioaren burua ere herritarrek hautatutako ordezkarietako bat izango da; hori bai, aurkezten diren alderdiek hauteskundeen aurretik izendatu beharko dute euren hautagaia, eta horien artean Parlamentuan gehiengoa lortzen duena izango da hautatua.

Europar Batasunaren hauteskunde arauen arabera, jasotako botoen kopuruaren araberako ordezkaritza da hauteskunde hauetan sustatzen dena. Hau da, barruti bakoitzean, esaterako, % 15 boto lortzen dituenak, barrutiaren ordezkarien % 15 eskuratuko ditu, edo horra ahalik eta gehien gerturatuko da. Hori hala izanik ere, desorekak badira, eta ez txikiak, lurraldetik lurraldera, eta, beraz, barrutitik barrutira.

Guztira, 441,1 Milioi biztanleko Europar Batasunean, 27 lurralde daude, baina, esan bezala, ez da berdina bakoitzaren pisua. Lehen sailkapen batean, sei multzotan laburtu dugu hauteskunde-eremu osoa.

Lurralde Napoleonikoak, tradizio politiko horretatik edaten dutenak lirateke, eta talde hau da demografikoki pisu handiena duena Europar Batasunaren baitan. Frantzia, Italia, Espainia, Belgika eta Portugalek osatzen duten multzoak 192,5 Milioi biztanle ditu, EBko biztanle guztien % 43,64. Aldiz, 256 ordezkari hautatuko ditu 705etik, hau da, horien % 36,31.

Prusiar tradizioko lurraldeak dira Alemania, Austria, Herbehereak eta Luxenburgo. Batuta, 106,8 Milioi biztanle dituzte, EBren % 24,21, eta 150 aulki Parlamentuan, guztira daudenen % 21,28, alegia.

Komunistak izandako herrialdeak 11 dira guztira, eta 102,8 Milioi biztanle (%23,33) eta 204 Europarlamentari (%28,94) dituzte. Prusiarrek baino biztanle gutxiago izan eta ordezkari gehiago izatearen motiboa, Herrialde gehiago direla da. Prusiarrak lau dira, eta Komunista ohiak 11. Haien artean ezberdinak direnez oso, hiru azpimultzotan sailkatu ditugu, bakoitzaren garrantzia azalera dadin: Visegraad, Balkanak eta Baltikoa. Lehenak, Polonia, Txekiar eta Eslobakiar Errepublikak eta Hungriak osatzen dutenak, 64,4 Milioi biztanle eta 108 ordezkari ditu. Balkanetako herrialdeetan, Errumania, Bulgaria, Kroazia eta Eslovenia, 32,5 Milioi dira biztanleak eta 70 ordezkariak. Baltikoko hiru Estatuetan (Lituanian, Letonian eta Estonian) apenas bizi diren 6 Milioi lagun, baina 26 parlamentari dira hautatuko dituztenak.

Hiru dira EBn dauden Herrialde Eskandinabiarrak: Suedia, Danimarka eta Finlandia. Batuta, 21,7 Milioi biztanle dituzte (EBren % 4,92)) eta 49 ordezkari (% 6,95)

Greziak eta Mediterraneoko irla-estatuek 12,5 Milioi hiritar batzen dituzte (%2,83) eta 33 ordezkari (% 4,68).

Azkenik, Europa Iparraldeko Irla-Sisteman bakarrik geratu da Irlanda, Erresuma Batuak Brexita egin ondoren, bere 4,7 Milioi biztanle (% 1,07) eta 13 ordezkarirekin (% 1,84).

Ekar dezagun hau guztia taula batera:

 

Lurraldea Biztanleak % Ordezkariak %
Napoleonikoak 192,5 M 43,64 256 36,31
Frantzia 64,9 14,71 79 11,21
Italia 59,8 13,56 76 10,78
Espainia 46,1 10,45 59 8,37
Belgika 11,4 2,58 21 2,98
Portugal 10,3 2,34 21 2,98
Prusiarrak 106,8 M 24,21 150 21,28
Alemania 80,6 18,27 96 13,62
Herbehereak 17 3,85 29 4,11
Austria 8,6 1,95 19 2,69
Luxenburgo 0,6 0,14 6 0,85
Komunista ohiak 102,9 M 23,33 204 28,94
Visegrado 64,4 M 14,60 108 15,32
Polonia 38,6 8,75 52 7,39
Txekiar Errep 10,6 2,40 21 2,98
Hungria 9,8 2,22 21 2,98
Eslovakiar Errep 5,4 1,22 14 1,99
Balkanak 32,5 M 7,37 70 9,93
Errumania 19,2 4,35 33 4,68
Bulgaria 7 1,59 17 2,41
Kroazia 4,2 0,95 12 1,70
Eslovenia 2,1 0,48 8 1,13
Baltikoak 6 M 1,36 26 3,69
Lituania 2,8 0,63 11 1,56
Letonia 1,9 0,43 8 1,13
Estonia 1,3 0,29 7 1,00
Eskandinabiarrak 21,7 M 4,92 49 6,95
Suedia 10,5 2,38 21 2,98
Danimarka 5,7 1,29 14 1,99
Finlandia 5,5 1,25 14 1,99
Grezia eta Irlak 12,5 M 2,83 33 4,68
Grezia 10,9 2,40 21 2,98
Zipre 1,2 0,27 6 0,85
Malta 0,4 0,09 6 0,85
Anglosaxoiak 4,7 M 1,07 13 1,84
Irlanda 4,7 1,07 13 1,84
Guztira Europar Batasuna 441,1 100 705 100

 

Europako G-7

Irakurketa honen lehen sartualdia bukatzeko, begira dezagun orain Europako Herrialde Nagusien pisua Europar Parlamentuan. Honela, Europako 7 lurralde handienetan, (Alemania, Frantzia, Italia, Espainia, Polonia, Errumania, Herbehereak) 326,7 Milioi biztanle daude, hau da, Europar Batasun osoko % 74,01. Guztira, 424 ordezkari hautatuko dituzte, Parlamentu osoko % 64,14.

Oso handia da, beraz, herrialde hauen pisua Europar Parlamentuan. Honela, ordezkariak Parlamentuan Alderdika eta ez Herrialdeka antolatuta egonik ere, ezinbestekoa gertatzen zaigu lurralde eta barrutikako lehen irakurketa hau egitea.

 

 

Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s