Hiru eskenatoki eta bola estra bat. Espainia: lehengo burutik lepoa

Hauteskunde zurrunbiloan murgilduta dago Espainiako Monarkia Konstituzionala. Hauteskunde sistema proportzionalek bi helburu nagusiri erantzuten diete: batetik, gizartearen  iritzi politikoa ordezkarien banaketan islatzea; bestetik, gobernu egonkorrak lortzea. Lehenaren inguruan eztabaida daiteke. Bigarrenaren inguruan, aldiz, garbi xamar dago, 2014-2016 zikloan alderdien sistema zartatu zenetik, ez dagoela Espainian Gobernu egonkorrak lortzeko modurik. Horren motiboak, jakina, ez dira banaketa eta polarizazio politiko hutsak, bestelako sistema proportzionaletan ere (Eta Espainiakoa ez da zehazki proportzionala, aztertu dugun moduan) ohikoak baitira (Alemania, Israel, Italia, Holanda…). Arazoak iturri ezberdinak ditu, eta, lehenengotik pentsa liteke aktore politikoen taktizismo elektoral hutsa dagoela guztiaren atzean. Badago sakonerago bergiratzerik ere:

Tarte estua aldaketarentzat

Espainiako Erregimen politikoa ‘normalizatu’ zela zabal aipatu zen 1982an PSOE gobernura iritsi zenean: tradizio politiko sozialistatik zetorren gobernu batek frogatzen baitzuen Espainia “prest” zegoela demokrazia liberal normalizatua izateko. Ondoren, 1996an, Aznarrek agintea hartu zuenean, besteak beste, EAJ eta CiUren babesarekin, are gehiago “normalizatu” zen Espainiar Demokrazia. Baina, egia esanda, 1977tik gaur arteko gobernu guztiek izan dute ezaugarri bera: Trantsizio deitu prozesu politikoaren sustatzaile eta aktore nagusiak izan direla gobernu ardurak hartu dituzten bakarrak. Espainar Demokrazia normaliza dezakeen faktorea, alegia, bere elementu oinarrizkoak zalantzan jartzen dituen eragile politikoak gobernabilitatean sartzea, une honetan, posible den horretatik urrun dagoen eskenatokia da, berriki ikusi dugun moduan.

Podemosek “78ko Erregimena” deituaren aurrean duen posizio anbiguotik haratago, errealitate gisa har dezakegu erregimen horrek mehatxu moduan ikusten duela Pablo Iglesiasen proiektua. Eta, beraz, gobernuetatik kanpo nahi duela. Ez dira alderdi politikoak bakarrik: aurreko ziklo politikotik (1936-1977) eta azken lau hamarkadotatik datozen indar irabazleek ere hala ikusten baitute, indar ekonomikoek, esaterako.

Dena den, ez da Podemos euren mehatxu nagusia, askotan bazterrean uzten delako independentisten papera (ERC eta EH Bildurena, batik bat), Sanchezen gobernagarritasunean. Hauen oniritzirik gabe, azken bi Parlamentuetan, ez zegoelako Eskuinaren alternatiba izango zen konbinazio posiblerik egiterik.

Beraz, honoko egoeran aurkitu da Sanchezen proiektua: orain arte posible izan den hori gainditzea, Estatuan posibilitate berriak irekitzeko, edo uzten zaion tarte estuaren baitan malabarismo politikoak bilatzea. Lehena egiteko baldintza guztiak izanik (Aritmetikoak, programatikoak, politikoak), bigarrenari heldu dio. Hau da, tarte estuan ahal duena egiteari. Arrisku politiko irrazionalak hartuta bere interesentzat. Sanchezen mugimenduak ez dira, ez, Spin Doctorren taktika burutsuen ondorio: Espainiako Politikak eskaintzen dion tarte estua onartu izanarenak baizik. 

Horra zein hiru aukeren aurrean aurki daitekeen Sanchez azaroaren 11ko goizean izango duen lehen bilkuran:

1.- Gobernu ‘aurrerakoia’ independentisten beharrik gabe eta Podemos arduretatik kanpo 

PSOEren interesentzat hauxe da eskenatoki kuttuna. Azkenekoetan ez zuen lortu; nola lortu oraingoan? Aukerak ez dira handiegiak. Batetik, ezerk ez garamatza pentsatzera Sanchezek bere babesak (7,4 Milioi boto) nabarmen igoko lituzkeenik. Eta, ondorioz, bere ordezkaritza nabarmen handi dezakeenik. Podemosekiko 3-1eko proportzioa du Kongresuan. Proportzio hori 4-1 bihurtzeko aukera izan da Podemos presionatzeko erabili duen modua huts egin duten negoziazioetan. Baina negoziazio horien kudeaketa traketsa egin du Sanchezek, eta Espainiako hautesleriak egoeraren errudun nagusitzat jo du. Aste batzuk ditu aurretik horri buelta emateko. Bidean, aldapa gogorra.

Errejonen pausoak egoera konplikatu egiten du. Orain, 6 alderdiko ( + abertzaleak) sistema bat da datorrena. Honek estimazio elektoralak zaildu baino, ia inposible bihurtzen ditu; baina, joerei dagokienez, ideia hau hobetsiko dugu: Más País-ek eta Unidas Podemosek, biak batuta, botoak igotzea. Horretarako, abstentzioa eta PSOEren boto-emaile zati bat bere egin ditzakete. Honek, hala ere, ez die ziurtatzen ordezkari gehiago izatea; litekeena da, baina ez da segurua: MP zein barrutitan aurkezten den da gakoetako bat. Guztira, 10 ordezkari edo gehiagoko 7 barruti daude, eta horietan 128 aulki daude jokoan (aulki guztien % 36). Errejonek sistema Proportzianalago den barrutietan aurkezteko asmoa iragarri du.

Eta zenbakiek ematen badute? Aukera bat da. Hau da, PSOE; UP ; MP (eta aliatuak); EAJ, PR eta besteren batek, eskenatoki honetan aipatzen diren baldintzak betetzea. Zenbakiek ematen badute, negoziazioak hasiko dira. Eta hor, UPren jarrera berriz ere gakoa izanen da, azken hilabete honetako sokatira errepikatzen den ala ez jakiteko. Horrela bada, bigarren eskenatokirako presioak handiak izango dira:

2.- PSOE-Ciudadanos + babesak

Egoera ideala litzateke, lehen aipatu “78ko Erregimena“-ri sasi-normalizazio itxura berritua emateko. Hau da, bipartidismo klasikotik at dagoen alderdi bat sartzeko, eta, aldi berean, Espainaren gobernagarritasuna zentzu “egokian” bideratzeko. Bi problema daude, baina:

Lehena, ezaguna, zenbakiek ez dutela zertan eman. Ciudadanosen jaitsiera datorrela iragarrita dago. Oro har, Bipartidismo klasikoa berrindartzeko operazio politiko baten erdian gaude. Hau da: PSOE eta PP indartu eta UP eta C’s ahuldu. Ondorengo paktuak beste kontu bat dira. PP-C’s espazioan nabarmena da hori (Zentro-ezkerrean ikusi dugu PSOEren kudeaketa txarrak eta Errejonek espazioa korapilatu dutela). Beraz, PSOEk eta C’s-k babesak bildu beharko lituzkete zenbakiek eman dezaten. Non, baina?

Bigarrena ere esanguratsua: ez PSOEri ezta Ciudadanosi ere ez zaie komeni, aktore politiko moduan, batuketa hori. Duela hiru urte saiatu ziren, eta kitto. Arazoa ez da ideologikoa, polarizazioa baizik. Ezker-eskuin dituzten lehiakideak (UP-MP-PP-Vox), batetik, soka tenkatzen ari dira. Bestetik, Kataluniako egoerak polarizazio horretan eragin dezake Sanchezek nahi baino gehiago.

Aukera honek huts egingo balu, hona hirugarren bat:

3.- PSOE gobernuan eskuinaren abstentzioarekin

Egoera kezkagarri honetan kezkagarriena, babes politiko hori baino, babes politiko horren truke Sanchez onartzeko prest legokeena litzateke. Baina ez da baztertu behar: PPk nahikoa indar biltzen badu, Casadismoaren estrategia berriaren zutabe izan daiteke aukera hau, hau da, karta “zentzuduna” jokatzea, behin VOX eta C’s neutralizatuta. Casadoren oso aldeko egoera politikoa letorke gero, lau urteko presio politikoa, gobernagarritasunaren giltza eskuan izanda, atea nahieran ireki eta ixteko.

PSOE oso egoera ahulean legoke orduan. Erretorikoki asko erabili du Sanchezek aukera hau, batik bat Kongresuan izan diren debateetan. Baina helburua taktikoa izan da, eskuinari presio egitea. Oraingoan, aldiz, ezkerrera duen espazioa (6 Milioi boto) aktibatu dezakeen aukera izan daiteke, zentroa bereganatzearekin nahikoa izan gabe.

Bola estra eskuinarentzat

Eskuinak bigarren itzuli bat du. Opari polita PPrentzat. Casadok, bere hegoak Fenix hegazti baten moduan aireratu ditzake, eta bere helburu politiko nagusia lortu: zentro-eskuin-eskuin mutur espazio zabala bereganatzea. Hori baino ez da “España Suma” operazioa, eskuinaren lidertza bereganatzeko bidea, materialki gauzatuko ez dena, baina kontakizun bat eraikitzen laguntzen duena. Azaroaren 10ean opari nagusia badu (zenbakiek ematea gobernua osatzeko), ez du aukera alperrik galduko: oso eskuzabal izateko prest dago Rivera, VOX, eta beste alderdi batzuekin.

Joera guztiek diote PPk eskuina lideratzeko bere helburua eskura duela. Hortik aurrera, hari dagokio datozen urteetarako bide bat ireki eta gobernua lortzea. PP “Europazaleago” bat izan daiteke Casadok alderdiari eman diezaiokeen identitate “berria”.

Santa Agenda: eskuinak, ezkerrak eta independentismoak, bakoitzak bere kartak

Agenda politikoan ezarriko diren gaiak: Kataluniaren auzia, Estatu ereduari lotua; Krisi ekonomikoa; Gizarte munduko gaiak: prekarietatea, klima, femisnimoa eta abar. Aukerak ematen dizkiete aktore politiko guztiei beretik jotzeko. Ondorioz, polarizazio egoera berri baterantz joan gaitezke berriz, azken hori aktoreen paperaren araberakoa izango bada ere.

Ezkerrak bere espazioa du krisi ekonomiko eta gizarte gaien baitan. Kanpoan geratu zaio “iragana” (Franco, Ultraeskuina…) gai politiko eraginkor moduan; baina, baditu elementu nahikoak politikoki ezkerretik mobilizazioa bultzatzeko. Aurka izango du gobernatzeko gaitasun eza.

Eskuinak, aldiz, agenda ez originalegia astinduko du, azkenaldian ikusten ari garen moduan: Estatu eredua, Katalunia (errepresioa, kriminalizazioa eta abar), eta kudeaketarako indarra.

Independentismoak azken hauteskundeetako bidetik dauka jokoa: Euskal Herrian, zehazki, Estatuaren ezengorkotasunaren aurrean, bertako indarrak babestea dela aukerarik onena helaraziz bere boto emaileari. Dena den, errealitate batetik ere ihes egin ezinean dabil: Euskal Herrian burujabetzaren aldeko pauso batzuk lortu ezean, segmentu berriak erakartzeko sinesgarritasun gabezia batetik, alegia. 

 

 

 

 

Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s