Euskal Herrian segitzen dugu hauteskundez hauteskunde. Hego Euskal Herrian berriki izan dira Udal Hauteskundeak, nahiz Nafarroako Foru Hauteskundeak ere. Orain, Ipar Euskal Herriaren txanda da. Datorren martxoaren 15ean eta 22an izanen dira bertako Udal Hauteskundeak. Legegintzaldiak 6 urtekoak direnez, aurrekoak 2014ko martxoan izan genituen, eta unea da ikusteko orduko joerekiko aldaketarik baden.
Legegintzaldi honetan gauza ainitz gertatu dira Estatuan eta Europan: Macronen iritsiera eta En Marche-ren indarra Asanblea Nazionalean; Ultraeskuinaren gorakada; Kaleko mobilizazioak eta langile mugimendua… Baina, Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoaren abiatzeak markatu du, ezbairik gabe, berrikuntza politiko handiena. Sarrera honetan, Euskal Elkargoaren osaketaz ere ariko gara. Izan ere, Udal Hauteskundeak guztiz lotuak baitaude Elkargoak izanen dituen indar harremanekin: udalerrietako hautetsiek baitute osatzen Elkargoaren “Legebiltzarra”.
Euskal Herriarentzat, beraz, bere hiru entitate politiko nagusietako baten (EAE eta Nafarroarekin batera) osaketa da martxoan erabakiko dena. Nafarroan maiatzean osatu zen Legebiltzarra, eta EAEn ere aurten izango da horretarako unea, beranduenez irailean. Honela, osatuta geldituko da hiru euskal legebiltzarren mapa berria.
Frantziar Estatuaren Hostopil Instituzionala
Europa osoan ez da beste Estatu bat Frantziak adina udalerri dituena. Tradizio Anglosaxoi eta Germanikoaren aldean, Frantzian hiribildu bat den toki orotan bada auzapez bat. Horri Sistema politiko zentralista eta goitik beherakoa eransten badiogu, konplikazioak agerikoak dira: herriak, kantonamenduak, “aglo”-ak, departamentuak, “pays” delakoak, Erregio eta Super-Erregioak, gune metropolitanoak eta barrutiak, udalen elkargoak… eta, horien gainean, Prefetak eta Suprefetak. Honela izan da definitua Frantziako “Hostopila”: zaila da jakiten nork kudeatzen duen zer. Eta, jakina, politikoki frantsesa bakarrik ez baino oso frantsesa den praktika politiko bat ekarri du instituzio anabasa honek: karguen akumulazioaren biderkatzea. Honela, eta azkenaldian mugak ezarriak izan badira ere, auzapez, senatari, kontseilari, asanbladako kide eta europarlamentari karguak pilatzea nahikoa arrunta da Frantzian. Gai honek sobera nahas gaitzakeenez, saia gaitezen Udal Hauteskundeen sistema ahalik eta era ulerterrazenean azaltzen.
Udal Hauteskundeak Frantzian: zein dira joko-arauak?
Frantziar Estatuko udalerriak sei urtero berritzen dira. Hainbeste udalerri direnez, horietako asko txikiegiak dira ohiko hauteskunde sistema baten konkurrentzian aritzeko. Honela, Euskal Herri mailan bi udalerri mota bereiziko ditugu: 1.000 biztanletik gorakoak eta 1.000 biztanletik beherakoak. (Paris, Lyon edo Marseille-en bestelako arauak aplikatzen dira, baita itsasoaz haraindiko hainbat lurraldetan ere).
Mila biztanletik gorako udalerrietan, jakina da, bi itzulitara jokatzen dira hauteskundeak. Lehen itzulian inork emandako botoen % 50 lortzen ez badu, bigarren itzulia jokatuko da. Nork du eskubidea bigarren itzuli honetan aritzeko? Emandako botoen % 10 edo gehiago lortzen duenak. Lehen itzulitik bigarrenera, baina, aukera dago zerrendak fusionatzeko eta zerrenda berriak osatzeko. Fusio horietan parte hartzeko, lehen itzulian emandako botoen % 5 lortzea ezinbestekoa da.
Bigarren itzulian, gehiengo erlatiboa nahikoa da hauteskundeen garaile izendatzeko. Garaileak % 50eko “gehiengo prima” jasoko du, hau da: Udalerri horretan jokoan dauden aulkien erdia gehi bat automatikoki jasoko ditu. Adibidez: 27 aulki jokoan diren herrian, lehen indarrak 14 aulki jasoko ditu momentuan. Geratzen diren aulkiak modu proportzionalean banatuko dira, % 5 baino boto gutxiago lortu dituztenak alboratuz. Honek, praktikan, esan nahi du lehen indarrak gehiengo oso eta sendoa duela gobernatzeko, normalki aulkien 3/4k edo gehiago ziurtatuz.
Mila biztanletik beherako herrietan, zenbaketak indibidualak dira. Hau da, norbanakoak bozkatzen dira, nahiz eta taldean aurkezteko aukera ere izan. Jokoan dauden aulkiak betetzen joaten dira horrela, jasotako boto kopuruaren ordenean. Lehen itzulian irabazteko, botoen % 50 edo lehen indar izanik zentso elektoralaren % 25 lortzea nahikoa da. Bigarren itzulian bi hautagairen artean berdinketarik izanez gero, zaharrena izanen da auzapez.
Ezberdina da, herriak duen biztanleriaren arabera, udalerri bakoitzak duen zinegotzi kopurua. Hauteskunde hauetarako, 2020ko urtarrilaren 1eko errolda da kontuan hartuko dena udalerri bakoitzak zenbat hautetsi izanen dituen erabakitzeko. Ipar Euskal Herrian 158 udalerri daude. Hona hemen 2017ko erroldaren araberako taulan, nagusienak barne hartuta:
Taula 1: Hautesi (Ht) kopurua biztanleriaren arabera Frantziako Udalerrietan
Biztanleak | Ht | Herriak Euskal Herrian |
100 > | 7 | Ugari |
100-499 | 11 | Ugari |
500-1.499 | 15 | Ugari |
1.500-2.499 | 19 | Donapaleu, Itsasu, D. Garazi, Baigorri. Eta abar. |
2.500-3.499 | 23 | Arrangoitze, Basusarri, Maule, Beskoitze, Milafranga, Sara |
3.500-4.999 | 27 | Hiriburu, Azkain |
5.000-9.999 | 29 | Bokale, Bidart, Ziburu, Kanbo, Senpere, Ustaritz, Mugerre, Hazparne |
10.000-19.999 | 33 | Hendaia, D.Lohitzune, Urruña |
20.000-29.999 | 35 | Biarritz |
30.000-39.999 | 39 | Angelu |
50.000-59.999 | 45 | Baiona |
Nondik gatoz? 2014ko emaitzei birpasa txiki bat
Orain sei urte, 3.000 biztanletik gorako herrietan (19 guztira, oraingo zentsoan), 12tan jokatu zen bigarren itzulia, eta 7 udalerritan nahikoa izan zen lehenarekin. Gainera, bi herritan zerrenda bakarra aurkeztu zen (Mugerren eta Hiriburun). Horiez gain, Donibane Lohitzunen, Bidarten, Kanbon, Hazparnen eta Basusarrin erabaki zen kontua lehen itzulian. Bigarren itzulietara 2 alderdi igaro ziren 4 herritan (Angelu, Biarritz, Hendaia eta Ziburu); 3 alderdi 6 herritan (Baiona, Urruña, Senpere, Azkain, Arrangoitze, Maule); eta 4 alderdi 2 herritan (Bokale eta Ustaritz).
Kolore politikoei behatuz, eskuina nagusi da herri handienetan, baina lehian dabil ezkerrarekin, eta abertzaleek presentzia gero eta handiagoa dute bigarren itzulietan, gero eta hautetsi gehiago lortzen dituzte, eta aliantzak egiteko gai direnez, udalerri handietan auzapezak lortzen dituzte. Adibide dira Ustaritz eta Hiriburu.
Taula 2: 2014ko Udal Hauteskundeen Emaitzak 3.000 biztanletik (ia) gorako udalerrietan.
Herria | (2017) | Emaitza |
Baiona | 51.000 | Eskuin: 45,37 (32) Ezker: 45,22 (9) Abertz: 9,40 (2) |
Angelu | 39.000 | Eskuin: 57,91 (31) Ezker: 42,08 (8) |
Biarritz | 25.500 | Hainbat + abertzale: 51,63 (27) Eskuin: 48,36 (8) |
Hendaia | 16.500 | Ezker + abertzale: 53,07 (26) Hainbat: 46,92 (7) |
D. Lohitzune | 14.500 | Eskuin: 54,87 (26) Abertzale: 25,84 (4) Ezker: 19,27 (3) |
Urruña | 10.500 | Eskuin a: 41,88 (21) Hainbat + Abertzale: 36,53 (5) Eskuin b: 21,58 (3) |
Bokale | 8.500 | Ezker a: 48,27 (22) Ezker b: 26,77 (4) Ezker c: 14,45 (2) Eskuin: 10,50 (1) |
Ustaritz | 7.000 | Abertz + Hainbat: 45,61 (22) Hainbat a: 29,15 (4) Hainbat b: 16,93 (2) Ezker: 8,28 (1) |
Senpere | 7.000 | Eskuin: 45,27 (22) Ezker: 42,71 (6) Abertzale: 12,00 (1) |
Bidart | 6.500 | Hainbat a: 67,55 (25) Hainbat b: 32,44 (4) |
Kanbo | 6.500 | Eskuin: 72,30 (25) Abertzale 27,69 (4) |
Hazparne | 6.500 | Eskuin: 76,37 (26) Abertzale 23,62 (3) |
Ziburu | 6.000 | Hainbat: 53,46 (23) Ezker + Abertzale 46,53 (6) |
Mugerre | 5.000 | Eskuin: 100 (27) |
Hiriburu | 5.000 | Abertzale + Hainbat: 100 (27) |
Azkain | 4.000 | Hainbat: 47,44 (20) Abertzale: 18,01 (2) Eskuin: 13,89 (2) |
Arrangoitze | 3.500 | Eskuin: 51,98 (18) Abertzale:27,43 (3) Hainbat: 20,57 (2) |
Basusarri | 3.000 | Hainbat: 63,72 (16) Abertzale + hainbat 36,27 (3) |
Maule | 3.000 | Eskuin: 47,31 (17) Ezker a: 41,75 (5) Ezker b: 11,92 (1) |
Oharrak: Zentsoa 2017koa ez, 2014koa, eta borobildua. Emaitzak ehunekotan eta parentesian hautetsi kopurua. “Hainbat” etiketak ideologia aniztasuna adierazten du ezker-eskuin ardatzean. Izaera bereko bi zerrenda edo gehiago direnean, “a” , “b” edo “c” erantsi zaie bereizteko.
Euskal Hiritar Elkargoa: Euskal Herriaren hirugarren Legebiltzarra
Ipar Euskal Herrian 309.201 biztanle daude ( INSEEk 2017rako emandako datua da). Aipatu dugu 158 udalerri direla guztira. Horien hautetsiek osatzen dute Euskal Hiri Elkargoa. 158 herri horietarik 233 hautetsi joaten dira Elkargoaren Kontseilura. Kontseilu hau da Ipar Euskal Herriko “Parlamentua”. Kontseilu honek du hautatzen lehendakaria eta 25 hautetsiz osatutako Batzorde Eragilea. Horiez gain, beste 44 hautetsirekin, guztira 69ko taldea eginez, konfiguratzen da Batzorde Eragilea.
Grafikoa 1: Euskal Elkargoaren Organigrama (Elkargoaren webgunetik)
Bistan da, herri guztiek ez dute ordezkari kopuru bera Elkargoan. Badira 15 herri bi ordezkari edo gehiago dituztenak, 5.000 biztanleko kopuruaren langatik gora (ia) daudenak. Hauek dira beraz ordezkaritza berezi hori duten udalerriak.
Taula 3: Herri nagusien ordezkariak Elkargoan
Herria | Biztanleak (2017) | Ordezkariak |
Baiona | 51.000 | 22 |
Angelu | 39.000 | 18 |
Biarritz | 25.500 | 11 |
Hendaia | 16.500 | 7 |
D. Lohitzune | 14.500 | 6 |
Urruña | 10.500 | 4 |
Bokale | 8.500 | 3 |
Ustaritz | 7.000 | 3 |
Senpere | 7.000 | 3 |
Bidart | 6.500 | 3 |
Kanbo | 6.500 | 2 |
Hazparne | 6.500 | 2 |
Ziburu | 6.000 | 2 |
Mugerre | 5.000 | 2 |
Hiriburu | 5.000 | 2 |
Gainontzeko 143 herriek ordezkari bana dute.
Lurralde Poloak: eskualdeen pisua Elkargoan
Gainera, Elkargoak bere Lurralde Poloak ditu, 10 guztira. Hauek eremu geografikoak barnebiltzen dituzte, eta oso ezaugarri ezberdinak dituzte, demografikoki, ekonomikoki eta sozialki. Horiek sailkatu eta Elkargoarn duten garrantzia agertu ditugu taula honetan:
Taula 4: Lurralde Poloak, haien herri kopuruak eta Aulki kopuruak
Lurralde Poloa | Herriak | Biztanleak | Aulkiak | Aulki % |
Kostaldea | 5 | 130.000 | 57 | 24,46 |
Hegoaldea | 12 | 68.000 | 29 | 12,45 |
Errobi | 11 | 29.000 | 14 | 6,01 |
Hazparnealdea | 11 | 15.000 | 12 | 5,15 |
Atturri | 6 | 19.000 | 8 | 3,43 |
Amikuze | 27 | 10.000 | 27 | 11,59 |
Bidaxune | 7 | 6.000 | 7 | 3,00 |
Garazi-Baigorri | 30 | 13.000 | 30 | 12,88 |
Iholdi-Oztibarre | 13 | 4.000 | 13 | 5,58 |
Zuberoa | 36 | 14.000 | 36 | 15,45 |
Beraz, barnealdeko biztanleek ordezkaritza handiagoa dute, proportzioan, kostaldeko herri handiek baino, nahiz eta Kostaldeak eta Hegoaldeak, hots, biztanle gehien dituzten eskuldeek Elkargoaren ordezkaritzaren % 37 batzen duten. Bereziki indartsuak dira Zuberoa eta Garazi-Baigorriko poloak, biak batuta 66 ordezkarira heltzen baitira.