Apirilaren 5eko hauteskundeetako erronka: berdin jarraitu edo aldatu? Ondorio orokorrak Soziometroaren datuetatik abiatuta

Argitara eman berri da EAEko Lehendakaritzaren Hauteskunde Autonomikoetarako boto aurreikuspena. Ikus dezagun zer dioen, lehenik, eta azter dezagun, ondoren, zein den adierazten duen joera.

Argazki honek erakusten digu hiru alderdi gorantz datozela, PSE, EAJ eta EH Bildu, eta bi alderdi beherantz doazela, PP-C’s eta Ahal Dugu. Gainera, VOXen inguruan alderaketarako daukagun datu bakarrean gorakada handia ematen dio Araban, boto kopuru baxua badu ere.

EAJk 2016an abiatutako goranzko joerari eutsiko lioke barruti guztietan: Gipuzkoan + 2,2 puntu; Araban + 1,7 puntu eta Bizkaian + 1 puntu. Gainera, 29. aulkia eskuratuko luke Gipuzkoan, herrialde honetan 2016an baino aulki bat gehiago lortuaz.

EH Bilduk ere goranzko joera bera izango luke, zehazki, + 1,7 Gipuzkoan, + 1,3 Bizkaian, eta + 0,6 Araban. Gainera, EAJk bezala, aulki bat irabaziko luke Gipuzkoan, eta guztira 19 parlamentari lortzera iritsiko litzateke.

Beraz, EAEko bi alderdi nagusiek euren posizioak hobetuko lituzkete, herrialde guztietako eta batik bat Gipuzkoako indarrari esker. Hortik behera datoz aldaketa handienak. Hasteko, PSEk hirugarren tokia berreskuratuko luke, 9 aulkitatik 12 aulkitara igoz, eta hiru herrialdeetan nabarmen gora eginez, honela: Araban + 5, Bizkaian + 3,3 eta Gipuzkoan + 2,2. Ondorioz, 2 aulki Araban eta hirugarren aulki bat Bizkaian irabaziko lituzkete.

Kontrakoa litzateke Ahal Duguren joera: 11 parlamentaritik 8ra jaitsiko litzateke, barruti guztietan aulki bana galduz. Galera handienak Bizkaian eta Gipuzkoan lituzke, -4,1ekoa bietan, eta Araban – 3,4 puntu egingo lituzke behera.

PP eta C’si dagokienez berriz, PPk 2016an lortu zituenak baino 2 aulki gutxiago eskuratuko lituzkete. Galerak hauek: Araban -6,1, Bizkaian – 5,2 eta Gipuzkoan -4,6. Lurralde bakoitzean duen pisua ikusita, jaitsiera orokorra eta uniformea dauka espazio honek, VOXen sarrerak ia baldintzatzen ez duena.  

Soziometroa: asmatzen du joera zein den irakurtzen?

Ikus dezagun, galderari erantzuteko, 2016an gertatutakoa. Horretarako, hauteskunde aurretik egindako aurreikuspena Hauteskunde emaitzekin alderatuko dugu. Horra:

Beraz, esan daiteke estimazio hark ia bete-betean asmatu zuela PSE eta EH Bilduren emaitza. Gutxietsi egin zituela EAJrena eta PPrena, eta nabarmen goitik jo zuela Ahal Dugu-ren kasuan.

Azken Soziometroak: ikusten da joeretan aldaketarik?

2016ko iraileko Hauteskunde Autonomikoetatik hona, Lehendakaritzak 7 Hauteskunde aurreikuspen argitaratu ditu: https://www.euskadi.eus/ikerketa-guztiak-dataren-arabera/web01-s1lehike/eu/ Guk azken hiruei erreparatuko diegu, zer edo zer aldatzen ari ote den ikusteko. Zehazki, 2018ko ekainean, 2019ko urrian eta 2020ko martxoan emandako argazkiez ariko gara, azken 21 hilabeteetako joerez, alegia.

Honela, hiru une bereiziko ditugu, Soziometroak ematen dizkigun joeretan oinarrituta. Lehena, 2018ko ekaineko egoera: EAJk goraka egiten du, 2 parlamentari irabazita, bana Bizkaian eta Araban. PPk bi galtzen ditu, bana Araban eta Gipuzkoan. Ahal Duguk Bizkaian galtzen du bat eta PSE mantendu egiten da. Azkenik, C’s-ek Araban parlamentaria lortuko lukeela aurreikusten du Soziometroak.

Bigarren unea 2019ko urria da. Estatuko, Europako, nahiz Udal eta Foru hauteskundeen ondoren, eta Estatuko Hauteskunde berrien testuinguruan, aldaketa batzuk daude. PSEk hiru aulki irabazten ditu, igoera nabarmena eginez; horietatik bi Araban eta hirugarrena Bizkaian. EAJ mantendu egingo da, eta gainontzeko hiru indarrek aulki bana galduko dute:  EH Bilduk Bizkaian, Ahal Dugu-k Araban eta C’s-ek ere berea Araban.

Azkenik, 2020ko martxoan argitaratu berri den estimazioan, EH Bildu da gorakada duen alderdi bakarra. Zehazki, bi aulki irabazten ditu: Bizkaian galdutakoa berreskuratzen du (2016ko hauteskundeetan juxtu-juxtuan lortutako hura), eta Gipuzkoan berri bat irabazten du. Eta bana galtzen dute EAJk, (Bizkaikoa), eta Ahal Duguk, azken honek Gipuzkoan EH Bilduk irabazten duena. PP-C’s eta PSE egoera berean geratuko lirateke.

Beraz, sekuentzia orokorrari behatuta, EAJk legegintzaldian zehar irabazi duenaren zati bat galdu du azken txanpan. EH Bilduk zertxobait behera egin ondoren, goranzko joera hartu du, 2016ko emaitza hobetuta. PSE-k 2019an izan zuen gorakada nabarmenari eutsi dio. Ahal Dugu etengabe doa beherantz, neurketa bakoitzean aulki berri bat galduz. Eta PP-C’s espazioan, PPk lehen unean galdu zituen biak eta gero, mantentzea lortu du, eta C’s-ek eskuratu zuen bakar hura bigarren estimazioan galdu zuen. Bien baturak ez du aulki berririk ekarri estimazio honetan.

Parte hartzea: gorantz edo beherantz?

Ikus dezagun orain herritarren partehartzea nolakoa aurreikusi izan duen Soziometroak, lurraldez lurralde:

Lehen estimazioan partehartzearen beherakada aurreikusten bazen ere, nabarmen egin du gora partehartzearen aurreikuspenak. Esan daiteke hiru lurraldeetan modu oso uniformean egingo duela gora aurreikusten dela.

Botoen estimazioa: ehuneko zenbat alderdi bakoitzak?

Horra ba, orain, Soziometroak hiru une horietarako egindako boto estimazioen laburpena:

EAE mailako estimaziorik egiten ez duenez, herrialdez herrialde aztertuko ditugu orain boto estimazio horiek: EAJri gauza bera gertatzen zaio hiru barrutietan, lehen bi olatuetan goranzko joera izanagatik, azken estimazioan beherakada dauka.

EH Bilduk, aldiz, lehen estimazioan boto portzentajea igotzen du Araban eta Bizkaian, Gipuzkoan behera egiten duen bitartean. Joera horrek alderantzizko norabidea hartzen du 2019ko urriko estimazioan: Araban eta Bizkaian atzera egiten du eta Gipuzkoan gora. Azken txanpa honetan, aldiz, hiru lurraldeetan doa gorantz, bereziki Gipuzkoan.

PSEk eta Ahal Duguk kontrako joera dute, hain justu: Hasiera batean biek beherantz egiten badute ere, PSEk nabarmen egiten du gora bigarren estimaziotik aurrera, eta Ahal Duguk behera egiten jarraitzen du, baina azken estimazioan Araban eta Bizkaian lortzen du joera horri buelta ematea.

PPren espazioan, berriz, nahasiagoak dira gauzak. VOXen eta C’s-en aldagaiak kontuan hartuta, espazio horrek hasieran gorakada izan du, gero beherakada, eta azkenerako egonkorrago antzematen da.

Boto-asmo zuzena: zer gertatu da?

Azter dezagun, azkenik, boto asmo zuzenaren datua. Ikus dezagun, beraz, zein joera izan duen.

Boto-asmo zuzena aztertuta, baieztatu egiten dira, normala denez, estimazio orokorrak. Hau da: EAJk gorantzako joera izan du legegintzaldi osoan, baina azken garai honetan beherako bideari ekin dio; azpimarratzekoak dira Araban eta Gipuzkoan dituen boto-asmo zuzen galera horiek. EH Bildu gorabeheratsuago aritu da, baina gorantz dator, batez ere Gipuzkoan. PSEk Estatuko Hauteskundeen bueltan agertu zuen gorantzako joera nabarmenari eusten dio. Ahal Duguk, legegintzaldi osoan beheraka egin arren, azken aldian lortu du egoera egonkortzea. Eta PP-C’s-VOX espazioan beherakada dago.

Ondorio orokor laburrak:

Partehartzea gorantz dator. Boto mobilizazioak herritarren interesa agertuko luke, baina kontuan izan behar da 2016ko partehartze datua baxua izan zela. Aldi berean, azken aldian EAJk erakutsi du neke puntu bat, datozen asteetan baieztatu edo zuzenduko duena. EH Bilduk ikusi du une politikoa aldekoa duela, eta azkenaldian goranzko joerari ekin dio. PSEk eta Ahal Duguk, Gobernua hartuta, joera egonkortu dute: PSEren gorakada eta Ahal Duguren beherakada lehengo egoera antzekoan geratu dira, boto mobilizazioari dagokionean. PPren azken liskarrek, momentuz, ez dute ondorio negatibo berririk ekarri estimazioan.

Soziometroaren arabera, 2016ko argazkiarekiko aldaketa txikiak izango genituzke Legebiltzarraren aulki banaketari dagokionean. Aldaketa nahikoak, dena den, baieztapen hauek egiteko:

  • EAJ-PSEk osatzen dutela jarraikortasunaren poloa eta gehiengo osoa lortzeko moduan direla
  • EH Bildu dela gobernu ezberdina osa dezakeen bakarra, baina ezin duela bakarrik egin. Ahal Duguk eusten dion neurrian, batuketa horrek, oraindik, EAJren gainetik geratzeko aukera duela, 2016an egin zuen moduan. EAJk 28 aulki lortu zituen eta EH Bilduk eta Ahal Duguk batera 29. Soziometroak, orain, lehenari 29 eta bigarrenei 27 ematen dizkiete. Baina joerak ikusita, gerta daiteke aldaketarik.
  • Honela, PSEren aldagaia jarraikortasun-aldaketa ardatzean erabakigarria bihurtzen da: berdin jarraitzea edo aldaketa babestea erabaki lezake (edo hartua duen erabakia aldatu ahal izango luke). Aldaketaren indarrek gora egin ahala, gertuago egongo da PSE EAJren itzaletik mugitzetik. Baina, ziurrenik, aldaketa nahi duenak, bere posizioa indartzea beste aukerarik ez du izango ondoren akordio bidez EAJren nagusitasunari aurre egin nahiko badio.
  • Azkenik, PPren espazioa, “outsider” moduan ikus liteke. Baina indar harremanen arabera, bere botoak erabakigarriak izan daitezke berriro, politika zehatzak egiteko nahiz aliantza zabalagoak osatu edo osarazteko.
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s