Zer eginen dugu hemen, elkarrekin? Kanpo politika adostu baten alde

Berriki entzun dugu EAEko Urkullu lehendakaria Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren Presidenteari, zentralizazio-deszentralizazio ardatzean, Alemania gisa joka dezan eskatuz. Maria Chivite Nafarroakoak ere aipatu du tokian tokikoak bere lekua izan behar duela krisiari aurre egiteko beharrizan politikoen erabakietan. Etchegaray Euskal Hiri Elkargoaren lehendakariak ere berak gobernatzen duen erakundearen plana agertu du. Azken honek ez dio Macron presidenteari Frantziak Alemania gisa joka zezan eskatu, irriren bat ateratzea lortuko zuen, eginez gero.

Gure lehendakarien trinitateak, beraz, graduak gradu, bertatik kudeatu nahiko lituzke gauzak. Horraino, beste edozein arduradun autonomiko, federatu, edo dena delakok egin nahiko luketena adierazi baino ez dute egin. Murtzia, Madril, edo Lilleko arduradun politiko batek egingo luketena, alegia, edo AEBetako edozein koloretako gobernadorek Trumpi esijitzen diona.  

Hori hala izanik ere, Madrilek eta Parisek garbi eta zehatz erantzun diete gure lehendakariei:  “hemen guk agintzen dugu”. Horrela, apaindura handiegirik gabe. Frantziaren kasuan, Nazio-Estatuaren tradizio uniformizatzaile batetik etorrita, normala da. Edo norma egilea, nahiago bada. Frantziako “Hostore Territoriala” deritzon horretan, beraz, badakigu nor den labearen atea ireki eta ixten duena. Deszentralizazioa, Frantziako Irlatik begiratuta, kudeatzeko zailak diren ogi papurrak “hobeto” kudeatzeko probintziei uzten zaizkien erabaki eremuak baino ez dira. Joera hori, transbertsala izaki eskuin-ezker, ez da krisi gogor baten perspektiban aldatzea espero litekeen zer edo zer.

Espainiaren kasuan, katalanek ondo dakiten moduan, duela hiru mende itzuli bat eman zuen auziak. Frantziako Borboi familia, “Estatua ni naiz” esatera pasa zen Pirinioen bestaldera, 1714ko gertakarietan kontsolidatuko den gisara. Nazioaren formulazio berriagoak gorabehera,  gaur arte ari da Espainia Frantzia izan nahian, bere bertsio absolutistan, bere bertsio errepublikanoan edo bere bertsio Petainistan, une eta moda historikoaren arabera. Espainiaren deszentralizazioak kolpeka egin dira eta hasiera haietako zentralizazioen ondoren, betiere. Euskaldunoi, zehazki, XIX. mende “liberalak” ekarri zigun gure erakunde nagusien galera. XX. mende gatazkatsuak instituzio berriak eman eta kendu zizkigun. Eman, ez Estatuaren borondatez, erraz ondoriozta daitekeenez, bere biziraupenerako unean uneko premiei erantzun beharraz baizik. Espainia izan, ez baita Frantzia. (Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko aldeak ikusteko, maixuki lantzen du gaia Peio Etxeberri Ainchart Historialariak “Aberri handi, aberri ttipi” izenburupean. Hemen Landart handiak aurkeztuta Donostian eman mintzaldia: https://www.youtube.com/watch?v=KT0FM79JZmE )

Espainiaren izan nahi eta ezin horrek markatzen du, gaur ere, eskenatoki politikoa. Sanchez Gobernuaren neurri, uniforme eta adierazpenei tiraka, zaila da Bitoriano Gandiagaren (1977) hitz horiei ez heltzea:

Euskaldunok jende gisa atsegin gara Madrilen, baina ez euskaldun gisa;  ta hala haserretu ginen euskal arazoz larriki mintza bainintzaien. Harrez gero agurra ukatu zidaten, lehenengo eskuinekoek, ezkerrekoek ondoren. Ez dut izan gozoa pasadizo hau Madrilen.

Esango nuke oso garbi izatea komeni dela, ez Borboiek, ez XIX. mendean eraikitako Espainia “liberalak”, ez XX. mendeko ezker-eskuineko Nazio Espainiarrak ez diotela uko egiten Frantzia “izateari”. Beren eraikuntza Nazionala bukatzeari. Hortik aurrerakoak indar harreman, oportunitate politiko, eta interesen konfluentziaren kontuak izan daitezke. Baina, sakoneko auziak bere horretan dirau: Espainiako Estatuak, eta bere elite nazionalistek sentitzen dute Espainia “bukatu gabe” dagoela. Oraindik badagoela zer egina Espainia bat eta bakarra izan dadin. Krisi garaiak, nola ez, oso emankorrak dira norabide horretan aurrera egiteko. Gauzak, zorionez, konplikatuagoak dira haientzat.  

Gehiengo antagonikoak ezinezko paktu baterako: “Tori Sozialdemokrazia, eta eman Nazioa”

Horra Espainian zenbaitek buruan duten plan zaharberria: Krisiaren irteera soziala Espainiar Nazioaren truke. Hau da, “onartu Madriletik datorrena, eta Espainia berria izango da aurrerakoia, soziala…” Espainian eroso senti eta bizi zaitezen, uko egin zure erabakimenari. Hau guztia Munduko Hiritarren diskurtso ustez unibertsalista batekin, ohiko moduan. Birusak ez du mugarik, baina Espainiar Nazioa bukatzen den arte, jakina. Ebron ez dago langarik, Bidasoan bai. Nazio-Estatuak bukatu dira katalan eta euskalerritarrentzat, baina Espainiak bere fabrika nazionalak bultzatu nahi ditu. Aberria iraganeko kontua da, baina espainiarrek bere aberriaren defentsan gelditu behar dute etxean, badutelako gerra bat irabazteko.

Baina Espainia ez da Frantzia, esan bezala. Eta, momentuz, badago euskaldunok eskenatoki zailago batetik salbatzen gaituen joko aritmetiko bihurri bat: Ez dago Espainian politika aurrerakoiak egiteko indar politiko nahikorik Nazioaren batasunean beste pausu bat ematearen ideiari uko egin gabe. Estatuak, beraz, bere biziraupen eta bideragarritasunean pentsatzen duenean, bide bikoitz bat baino ez dauka: erabakimen esparru gero eta gehiago aitortzea bere baitan ukatzen dituen komunitate nazionalei, edo politika aurrerakoi horiei uko egitea. Momentuz.

Aritmetika horietatik haratago, ez baita erraza izanen, jakina, Espainiaren joera sekularrei eustea. Zenbat indar politiko espainiar daude jabetuta, egun, egoera honetaz? Bi gehiengo antagoniko horien ezinezkotasunaz? Inoiz baino gehiago, eta inoiz baino gutxiago. Badagoelako horren jakitun agertzen den ezker minoritario bat. Baina, badagoelako guztiz kontrako norabidean indar gero eta ikaragarriagoz agenda politikoa zipriztintzen duen Nazionalismo Espainiar bat. Zalantza gutxi geratzen zaizkit bigarrenak bai, bigarrenak baduela gehiengo bat osatzeko modua: politikoa nahiz soziala. Eta, Euskal Herriko hiru lehendakariei lehenak indartzea komeni zaiela.

Dilema faltsuak hautsita, “kanpo politika” baterako aukerak guretzat

Nazioaren eta Klasearen aurrez aurreko debate ezin nekagarriagotik ez gara oso ondo atera izan orain arte euskalerritarrak. Gurea partikularra da, besteena unibertsala. Gurea berezitasuna da, besteena normaltasuna. Gurea desberdintasuna, besteena berdintasuna. Gurea etnizismoa, besteena askatasuna. Gureak pribilegioak dira, besteenak eskubideak. Gurea burges ttipien proiektua, haiena iraultza permanentea. Eta abar, eta abar. Dilema, guretzat, faltsua da, nola ez.

Badago, beraz, gure hiru lehendakarien egoera kudeatzeko eskumen nahiak asetzeko modurik: elkarri begira jartzen badira? Frantzia eta Espainiatik datozenak datozela, gurean indartzen hasten badira? Eta, areago, Madrilen, Parisen, eta ahal den neurrian, Europar Batasunean, elkarlanean aritzeko oinarri batzuk adosten badituzte?

Baliteke une polita izatea gure hiru lehendakariek eta gure alderdi nagusiek “kanpo politika” baterako oinarri batzuk marrazten hastekoa. Interes komunek jada nahikoa justifikatuko luketen politika, baina hirurok elkartzen gaituen horretaz guztiaz jabetzeko aski balio dezakeena ere. Elkarrekin aritu nahi izatetik haratago, elkarrekiko beharra ere badugula materialki ohartzekoa. Aurrekari bat, edozein delarik ere, oso baliagarria izan daiteke, bideak eman dezakeena ikusteko eta ikasteko.

Gurean naziotasunaren eta klasearen auzia independentzia bai/ez baino konplexuagoa dela aitortuta, pentsa dezakegu azken hori elementu askoren ondorio izanen dela. Besteak beste, gure komunitate nazionala indartu eta bere txikian handiak diren pausoak ematearena: guretik pentsatzen hastea, a priorizko mugarik gabe, horietako bat iruditzen zait, auziaren ikuskeraren oinarriari heltzen diolako. Ia esan genezake, guretik haste hori dela beste ondorioen baldintza. Zer eginen dugu hemen, elkarrekin? Galdera eratzaileak lagun dezakeelakoan nago.

Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s