EAEko hauteskundeak: jarraitu edo aldatu? Debate global baten euskal kontakizunak

Pandemiak pandemia, hauteskunde lehia izanen da EAEn datozen hilabeteotan. Uztailaren 12koa da Urkullu lehendakariaren bigarren saiakera, apirilaren 5ekoak huts egin eta gero. Zer da aldatu dena, ezer aldatu bada? Zein dira lehia honen gakoak? Xehetu ditzagun, beraz, parean ikusten ditugunak.

Ardatzak: jarraitu edo aldatu. Debate global baten aje lokalak

Ez dira hauteskunde hauek izan ardatz hori mahai gainean jarri dutenak. Lehendik ere badatorren joeraz ari gara. Esan liteke mendebaldeko espazio osoa ari dela galdera beraren inguruan bueltaka: nola egin behar ditugu gauzak krisi permanente batean bizi ez gaitezen? Edo, nola irtengo gara honetatik guztitik? Ez da pandemia izan, egiturazko egoera jakin bat baizik, galdera hauek mahaigaineratu dituena. Osasun krisiak aurreikusi gabeko modu bortitzean esan diguna da galdera horri erantzutea inoiz baino premiazkoagoa eta beharrezkoagoa dela. Shock egoera orokorrak, paradoxikoki, geldialdiaren azelerazioa izan du ondorioa, eta ez azelerazioaren geldialdia, baikorki pentsatu ahal izan dugun moduan. Azeleratu eta azaleratu: garai berriak interpretatzeko bi aditz garrantzitsu.

Izan ere, ez baita zaila herritarren gehiengoaren kezkek, osasun krisiarekin baino, beren egoera sozial eta ekonomikoarekin zerikusia dutela ondorioztatzea. Eta, hor, hainbat dilema dira, zaplazteko forman, gutako bakoitzaren barnealdea zartatzen dutenak: askatasuna, berdintasuna, segurtasuna… nola antolatu? Nola egin bateragarri? Galderak era zehatzagoan egin ditzakegu: zeri uko egiteko prest gaude zer ez galtzeko?

Beldurrak eta ezinegonak gidatzen dute aurpegi biko garai berri hau. Ziurgabetasunak, diotenez. Eta gure erantzunak, azkenean, ondorio batetik etorriko dira: Horiei aurre egiteko, jarraitu edo aldatu egin behar dugu? Normaltasunak berria behar badu izan, benetan berria izango da, edo zaharberria? Lehengora itzuli nahi dugu, edo aurrera egin? Lehen begiratuan, pentsa dezakegu, beldurrak lehenera eramanen gaituela, daukaguna mantentzera, jarraitzera. Ezinegonak, ordea, irekiko digula aldaketarekiko bidea. Lehenak geldiaraziko gaituela, bigarrenak mugiarazi.

Une honetan, beraz, honek guztiak ardazten du edo behar luke debate politikoa, baita gurean ere. Kasu honetan, EAEko hauteskundeen testuinguruan ari gara. Hemen, normaltasuna, azken hamarkada eta belaunaldiontzat, Autonomien Estatua da. EAJk bere egiten duen metafora, Eusko way of life. Bereziak gara, eta horregatik gure partikulartasuna errespetatzen duen marko aldebikoak merezi ditugu, finean, beste batzuk baino hobeto bizi garelako. Zeri esker bizi garen hobeto, kontakizun honen arabera, ez dago ezbaian: kudeaketa gaitasuna dugulako. Auzolana, edukiontzi kontzeptual hori, honen guztiaren laburpen gisa. Formulak arrakasta du, arrakasta itzela, alperrik da ukatzea. EAEko gizartea interpretatu nahi duen orok ezin du egia honen aurrean ezikusiarena egin: EAJk jakin du, gure herriaren ibilbidearen fase zehatz honetan, gure herria eta gizartea beste inork baino hobeto ulertzen.

Gatozen, beraz, ebidentzia hori gure galdera nagusiarekin lotzera: jarraitu edo aldatu? Horrela aurkeztuta, ondoriozta liteke balantza lehenaren aldekoa dela. Hor erronka, hor zailtasuna, alternatiba eraiki nahi duen ororentzat. Marka sendo, sendoegi, bati aurre egin beharra. Eskandalu eta kudeaketa zailtasunak zailtasun, bizirautea, eta kasu batzuetan are indartuago irtetea, lortzen duen marka. Betiko da? Ez, betiko ez da deus.

Euskal demokrazia: alternantzia herri kontakizuna indartzeko

Bertatik pentsatutako demokrazia bat sortuko badugu, beharrezkoak iruditzen zaizkit bi faktore, besteren artean. Lehena, begiradarena: zer nahi dugu? Galdera eratzaileak ematen diguna, hain justu. Pentsatu, mugarik gabe pentsatu behar da. Egin, dauden mugak aldatzeko egin behar da, posible ez dena posible bihurtzeko. Konbinazio horretan, lehen pausua, beraz, gure begirada eustea, lantzea, eraikitzea da… Bigarrena, egitea. Eta demokrazia batek beharrezko dituen baldintza formal, kultural, sozial, ekonomiko eta abar guztietatik, bada bat, hauteskunde prozesu bati lotua, azpimarra litekeena. Proiektu politiko ezberdinak elkarren arteko lehian jartzeko komunikazio eta politika esparru propioa izatea.

Horrek, ondorio gisa, alternantzia ekarri behar luke. Politika egiteko minimoki bi modu egotea. Ekonomia eta produkzio harremanak proposatzeko minimoki bi bide planteatzea. Eta abar. Alternantzia politikoaren balioa, euskal esparruan, unean uneko beharrei politika zehatzekin erantzutetik haratago doa: herri gisa indartuko gaituen bide bat da.

Jarraitu edo aldatu? Beraz, hauteskunde hauetako galdera. Ekar dezagun lurrera esandako guztia. Une eta espazio jakin honetara. Mendebalde zabalean eratzen ari diren poloek, hemen ere badutelako bere isla. Bata, polo kontserbadorea, eta horrek, gaur, liberalismo ekonomikoa esan nahi du, besteak beste. Sobietar Inperioa erori zenetik gaur arteko espejismoan bizitzen jarraitu nahia. Eta, 2001etik hona, sekurokrazia ere esan nahi du: beldur globalei erantzun polizialak ematea, eskubideen murrizketekin, jazarpenarekin, eta zorioneko askatasun indibidualen mozketarekin. Beste poloa, polo aurrerakoi-eraldatzailea da. Ezkerra ere, Sozialismo Errealaren frakasoaz geroztik, espejismo batean bizi izan baita orain arte. “Ezkerra” bera, metafora gisa, krisi sakon batean murgiltzeraino. Polo honek garapen adina garaipen exkaxak izan ditu orain arte. Baina, ari da forma hartzen. Forma asko.

Bi polo horiek, tipo ideal gisa, tarteko gris asko dauzkate. Eta tokian tokiko adaptazio konplexuak ere bai. Hemen, gehiago, interesatzen zaigu ikustea bi erakarpen polo handi horien baitan norantz jotzen dugun gehiago. Zein erantzun dugu, beraz, XXI. mendeko euskalerritarrarentzat? Polo kontserbadoreak arazo agerikoak ditu bere proiektuaren bideragarritasunari dagokionean. Zenbatu ere ezin ditugun krisien segida batean bizi garen unetik, ezinegona fabrikatzen duen proiektua delako berea. Hortik, bi norabidetan jo dezake: kontserbadorea dena erreakzionario bihurtzeraino, hau da, iraganeko mitoetara indarrez itzuli nahi izateraino; edo erdigune inposible (?) baten bila. Balio aurrerakoiak kontserbadoreekin uztartzen dituen erdigune horren bila. Sozioliberalismoak eta Kristau Demokraziak puntu horretan egingo lukete bat.

Hori ordezkatzen du EAJk, egun, EAEn. Balio aurrerakoi formalen eta liberal-kontserbadoreen formula propio bat. Eta hortik erraz zaio PSErekin elkartzea; Europar Batasuna politikoki eta genetikoki eusten duten indar Demokristau eta Sozioliberalen euskal bertsioa baitira. Koktelari, ardatz nazionala deituak ezartzen dio azken touch-a. Ikututxoa, bai, kontakizun autonomistak ez diolako ardatz honi, bere aliantza politikan, garrantzia handirik ematen. Ez zentzu ideologikoan, pragmatikoan baizik.

Aldaketaren poloak, bestalde, EH Bildun dauka indar nagusia. Bere inguruan eratuko da, eratuko bada, aldaketaren inguruan eraikiko den alternatiba. Baina, horrek, hainbat baldintza eskatzen dizkio: batetik, herri kontakizuna berritzea. Demokrazia eta burujabetzaren enfokea berritzea, XX. mendean EH Bilduren baitan dauden tradizio politikoek eraikitako haiei elementu berriak gehitzea. Bestetik, espazio politiko berrietara zabaltzea; aliantza politikoak eginez, baina baita kultura politikoa eraldatzen jarraituaz. Mezu autozentratuetatik giza kolektiboen beharretatik abiatzera pasatzea, EH Bildu trantsizio fasean dago, zentzu honetan; eta trantsizio hori noiz burutuko duen zain daukan gizarte bat dago Euskal Herrian, ez EAEn bakarrik, berak ordezkatzen duen aldaketa babesteko. EAEko eskalatik haratago, herri ugaritan aurrera eramaten ari den politikek sinesgarritasuna ematen diote bide horri, baita Madrilen, Nafarroan, eta Ipar Euskal Herriko EH Bai koaliziotik egiten ari diren lanak ere.

Parte hartzearen bihurgunea: aldaketaren lehen azterketa

Hauteskunde deialdi bereziak baldintza bereziak dakartza. Pertsonalki eszeptikoa naiz partehartzeak nabarmen behera egingo duen ideia horrekin. Denborak esanen du. Baina aldaketaren aldeko poloak garbi xamar izan behar luke aldaketaren bidean pauso bat emateko, boto mobilizazio handia lortu beharra daukala. Horregatik, zentzu gutxi dauka hauteskunde hauek deslegitima ditzakeen mezu orok, mobilizazioa blokea baitezake. Lehenbailehen itzuli beharra dauka, besteak beste, inoiz utzi ez duen debate politikora. Hemen, debate politikoa egon, badagoelako, pandemiak inongo unean alboan utzi ez duena.

Nor eta nola mobiliza daiteke aldaketa baten alde? Prekarizatuak eta klase ertainak, burges ttipiak. Aldaketak estrategia populista (*) zabal bat abian jarriz gero, pentsa litekeena da, abiapuntuz behintzat, aspirazio horri helduko liokeela. Ezkerraren metaforak gainditzea, dena den, ez da dirudiena bezain lan erraza, eta, batik bat, sinplea. Hala ere, herri kontakizun berritu batek, eremu sozial zabal horiei erantzuten badie, epe ertaineko arrakasta bila dezake.

Azkenik, aldaketak badu jarraikortasunak ez duen gainditu beharreko beste azterketa bat. Ziurgabetasunaren kudeaketa, hain zuzen ere. Ezaguna den horrek badu abantaila hori, ziurtasuna adierazten duela. Nola uztartuko ditu, beraz, aldaketak, segurtasuna eta ziurgabetasuna? Abisatu dugu lehen zaila zela.

Labur: hauteskunde aurrerapena eta datorren eskenatokia

Urkulluk lehenbailehen nahi ditu hauteskundeak. Logikoa da; gobernu orok nahi ditu. Zergatik? Ez Pandemiak okerrera egingo duelako soilik, oso erabaki zail eta gogorrak hartu behar direlako baizik. Argudiaketa eskasa da: gobernu indartsu bat behar dugu krisiari egoki erantzuteko. Mundu guztiak ulertzen du kontrakoa, krisiaren ondorioak pairatu baino lehen egin behar direla hauteskundeak, alegia. Garai latzak baitatoz, sozialki eta ekonomikoki, edo hori da bederen ezarrita dagoen beldur egoera orokorrak esaten duena.

Hauteskunde hauetatik irtengo den legebiltzarrak eta ondorengo Jaurlaritzak, beraz, krisi egoera kudeatuko du, ia ziur. Gobernuak, krisia eta erabaki zailak ahalik azkarren hartuko ditu, shock egoera baliatu nahian. Ondoren, 2023 edo 2024rako errekuperatuta egoteko esperantzaz. Oposizioak, azkenean oposizioan aldaketaren indarrak badaude, joera ona lortzen badu hauteskunde hauetan, demagun, EH Bilduk 20 legebiltzarkideko langa gainditzea, aukerak izango ditu hurrengo urteetan alternatibaren eraikuntza irudikatzeko. Eskenatoki horretan, Jaurlaritzaren eta legebiltzarraren arteko lehia interesgarria bizi liteke. Aldiz, EH Bilduk ez balu joera hobetzerik lortuko, momentuz, jarraitzearen aldeko indarrek arnas hartuko lukete.

Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s