Hauteskundeak uztailaren 12an: zer gertatuko da?

Euskal Herria abiapuntu harturik, baliagarri zitzaigun Mendebalde, Erdialde, Hegoalde eta Ekialde banaketa. EAEn, zehazki, bi eremu berezi genituen: Mendebaldea eta Erdialdea. Bistan da EAEko hauteskundeetan hiru direla barrutiak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Beraz, Euskal Herriko abiapuntutik egingo dugu lehen hurbilpena, ondoren EAE osorako azterketara pasatzeko.

1.- Zer ari da mugitzen eta zer mugi daiteke Mendebaldean?

Ikus dezagun, bada, eremu honetan emaitzek izan duten bilakaera 2012tik hona:

Euskal Mendebaldeak ezagutu dituen joeren artean hauek azpimarra genitzake:

A\ Espainiar Unionisten atzerakada, orokorra dena eta izaten ari dena. PP-PSE-C’s (eta UPyD) batzen baditugu ere, hortxe eboluzioa:

Joera sekular hau, PSE-PSOEren azken urteko gorakadak leundu badu ere, mantendu egiten da. Hemendik, ondorio zabal bat atera genezake, beste joera batzuekin elkartuz, eta aparteko lan bat eskatzen duena: Espainia batuaren proiektua eta independentziarena, biak daude krisian. Lehenak ez du lortzen EAEko herritarrak konbentzitzerik; bigarrenak ez du lortzen EAEko herritarrek independentziarena proiektu sinesgarri moduan hartzerik. Lasaiago aipatzekoa den ondorio orokor hau beste faktore batzuekin lotzen saiatuko gara. Batik bat, segurtasunaren eta inklusibitatearen kontzeptuekin. Biek ala biek izan lezakete eragina Euskal Mendabaldeko bilakaera elektoralean.

B\ EAJren hegemonia. Sekuentzia osoa aztertuta ikusiko dugun eboluzioa da hau. EAJk Euskal Mendebaldean eraiki duen etxeak oinarri sendoak ditu. Estatukoak ez diren hauteskundeetan Jaun eta jabe izaten ari baita, ia lehiakiderik gabe. Motiboak daude EAJk konkistatu dituen esparruak indar unionistekin lehian dituela pentsatzeko, baita indar federalistekin ere, hauteskundetik hauteskundera boto-emailearen hautu estrategikoak ikusita. Kontakizun autonomista eta inklusibo batetik, EAJk jakin du Euskal Mendebaldea bereganatzen.

Jarraikortasunaren poloari begiratzen badiogu, EAJk eta PSEk gorabeherak bizi izan badituzte ere, badute baikortasunerako tarterik datozen hauteskundeotarako:

C\ Esparru aurrerakoian ‘lehia’.  EH Bilduk 2012ko hauteskundeetan ez zuen Podemosekin lehiarik izan. Azken honen agerpenak baldintzatu zuen EH Bilduren pisu politikoa hurrengo hauteskundeetan. Bien arteko kontakizun lehian Podemosen boto-emaileen desmobilizazioak eta EH Bilduren ezintasunak eremu honetan galdutakoa berreskuratzeko, abstentziora bultza ditzake segmentu batzuk. Ziurrenik EH Bilduk gora eta Podemosek behera egin arren, berdeen gorakada bat aurreikusita ere, orotara, aldaketaren alde kokatzen den espazio aurrerakoiak posizioak galtzea aurreikus daiteke. Elkarren arteko boto joan-etorriak ez dira handiegiak izango, eta, batik bat, ez dute eremu berrietara hedatzeko aurreikuspen eta esperantza handirik.

Aldaketa aurrerakoiaren esparrua bere osotasunean hartuta, hau litzateke eboluzioa:

Ikusten denez, Podemosen sarrerak indartu egin zuen espazio politiko hori. 2012an % 24,43 izatetik 2016an % 30,89 izatera pasa baitzen. Baina, ondorengo joera beheranzkoa izan da. Batzar Orokorretan – 7,24 puntu galdu ditu 2015etik 2019ra, eta Estatuko Hauteskundeetan – 8,50 puntu 2016tik 2019ra.

2.- EAEko Hauteskundeak: hiru galderen bueltan azterketa egiteko

Lehenik, egin dezagun Euskal Mendebaldearekin egin dugun ariketa bera EAErekin. Hasteko, alderdi guztiak hartuko ditugu, EAE osoan. Horra:

Ikus ditzagun, orain, datuok Jarraikortasuna / Aldaketa ardatzaren begietatik.

2012ko hauteskundeetann lehiakide izan baziren ere, ondorengo hauteskundeetan “elkarrekin” aurkeztu izan dira EAJ eta PSE. Podemosen sarrerak indarra kendu bazien ere, gorantz datoz biak ala biak.

Borobildu dezagun hau guztia gobernu alternatibo bat modu aurrerakoian ulertzen dutenek izan dituzten emaitzen eboluzioarekin:

Beste modu batera esanda: Podemosen etorrerak aldaketaren espazioa indartu eta zabaldu du; eta, bere beherakadarekin EH Bildu indartuta irteten bada ere, aldaketaren aldeko indarrak, batuta, beherantz doaz. Ikus ditzagun bi poloak aldez alde:

Honela geratuko lirateke alderaketak, hauteskunde formatu berak parean jarrita.

Hiru gako hauekin saiatuko gara uztailaren 12ko hauteskunde emaitzak interpretatzen.

1.- Nor dago motibatuta mobilizatzeko?

Galderari erantzuten saiatuko gara. Estatu Frantsesak eta Ipar Euskal Herriak utzi dizkigu argi printza batzuk berriki. Estatu mailan, olatu berdea izan da hiri handietan. Honela, garaipen historikoak izan ditu eskuinaren alternatibak. Motibazioa izan dute, beraz, segmentu horiek parte hartzeko: alternatibak eraikitzeko aukera errealak izatea. Kuantitatiboki, garaipen aurrerakoi horiek bi faktoretan oinarritu dira: gazteen mobilizazioa eta helduen abstentzioa. Esparru kontserbadorean Frantzian ematen ari diren gorabeherak beste baterako utzi beharko ditugu.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, mobilizazioa izan da lehia erreala izan den tokietan. Baionako hauteskundeek izan dituzten ezaugarri bereziekin batera, abertzaleek jendea hauteslekuetara eramatea lortu dute, indar aurrerakoiekin aliantza zabalak eginez.

Baina, EAEra etorrita, ezin aplikatuko ditugu erregela berdinak bere osoan. Hori bai,  ikasgai zenbait izan ditzakegu. Batetik, alternatiba nahiak hedatzen ari direla Europako segmentu ugariren artean, batik bat, “Europa oparoa” bere horretan oso gutxi ezagutu duten horien artean. Bestetik, berdeen aldeko aukera egiteak kontzientzia ekologista adieraz lezake; eta, horrekin batera, sistema ideologiko zurrunekiko indiferentzia zabal bat ere bai. Ezker indartsuak aukera likidoagoei eman die bidea. Alderdi Komunisten frakasoak (batik bat Italian eta Frantzian) desertu luze batera eraman du ezkerreko esparrua azken hamarkadetan. Podemos, EH Bildu, Frantziako Intsumituak, eta, azkenaldietan, berdeek, ezkerraren espazio hori arrakastaz berformulatzeko saiakera egin dute. Aipatu gabe ere ez dugu utziko, adibidez, Poutuk Bordelen izan duen emaitza, antikapitalismo zabal batetik segementu ugari mugitzea lortu duelako. Arrakasta, bere osotasunean, oso erlatiboa izaten ari da, edozein kasutan.

Bi atrakzio polo horiek ari baitira, oraindik orain, bukatu nahi ez duen Historia horri alde banatatik tiraka: aipatu izan dugu polo kontserbadore-sekuritarioa, eta nolabait jaio nahi duen polo aurrerakoi eta eraldatzailea. Mintzatu gara horietaz lehenago ere, joera global gisa aipatu izan ditugu, eta Euskal Herrian horiek bere tokia dutela ere aipatu dugu.

Bada azken ikasgai bat ere. Alternatibak, mobilizatzeko, sinesgarritasuna behar du. EAEn sinesgarritasun hori eraikitzen ari da, lortu gabe dago. Horrek hurrengo gakora garamatza:

2.- Esparru aurrerakoiaren indarra, zein da?

EAEko alderdi politikoen egituraketan eskenatoki honetara goaz: bi polo orokorrak ordezkatzen dituzten bi indar nagusi (EAJ eta EH Bildu) eta horiekin batu daitezkeen gainontzeko indarrak. EAJ-PSE-PP ardatza eta EH Bildu-Podemos ardatza marrazten zen 2014-2016an. Orain, EAJk jarraikortasuna adieraziko luke (kontserbadorea), eta EH Bilduk aldaketa (aurrerakoia).

PPk ‘Outsider’ papera hartuta, PSE eta Podemosen eremura igarotzen da giltza. PSEk, EAEn, erabaki garbia eta zehatza hartuta dauka: polo kontserbadorearen alde “Ez nazionalista” eta “aurrerakoia” ordezkatzea. Polo horretan aritzeko arrazoiak ugariak ditu: interes orokorrak (PSOEk estatuan dituenak); interes partikularrak (PSErentzat gobernu aukera erraz eta erreala da); arrazoi pragmatikoak (aukera alternatiboek bere lehiakide Podemos indartzen dute).

Elkarrekin-Podemosek erronka handi batzuk ditu datozen hauteskunde hauetarako. Zehazki, hiru lehiakideri egin beharko die aurre. Lehenik, abstentzioari. Zertarako balio dut? Galdera esistentziala baino zerbait gehiago da: identifikazio faktoreetatik haratago, beharrezko eta erabilgarri izateak berebiziko garrantzia dauka boto jakin bat mugitzeko orduan. Podemosek erantzun dio galderari. Orain arte ordezkatu dituen segmentu zabalek ere modu berean ikustea falta zaie. Bigarrenik, bere proposamen politikoan aipatzen dituen bi indarrak.  EH Bildu eta PSErekin gobernu alternatiboa osatu nahiak bi ondorio ekar ditzake elektoralki: batuketak ematen duen neurrian, aurrerakoi izatea bestelako elementuen aurretik lehenesten dutenen babesa mantentzea. Edo, bi alderdi horiek indartzea. Azkenean, Maddalen Iriarte lehendakari egingo dela iradokitzen baita (edo iradoki baino zerbait gehiago) Gorrotxategiren hautagaitzaren proposamenean. Eta, Iriarte lehendakari egiteko, erabilgarriagoa da Iriarteri berari botoa ematea. Bestalde, PSEk jarraikortasuna ordezkatzen duen arren, gobernukide da Madrilen, eta Mendiari emandako botoak irabazle gisa irudikatzen den gobernu indartsu bat babesten du.

Podemosen proposamenak indar handia dauka, bestalde, bi zentzutan: “ardatz nazionala” deituarekiko transbertsaltasunez jokatzen duela; eta orain artekoarekiko bide alternatibo eta aurrerakoia mahai-gaineratzen duela. Arazo genetiko bat dauka, ordea: EAEko errealitate sozial eta politikoak ez duela posible egiten. Aldiz, helburua PSEk aldaketa nahiak zapuzten dituela adieraztea bada, helburua bete arren, ez dago garbi horrek Podemosen eremua indartuko lukeenik.

EH Bilduri dagokionez, aipatu izan ditugu luze bere erronkak. Oraindik lortu gabeko bat badu parean: bere kontakizuna langile “ez abertzale”-en artean entzuna izatea. Entzuna baino, haiekiko inklusiboa izatea. Prekariatuak, emakumeak, gazteak oro… aldaketa aurrerakoi baten aldera mobilizatzeak eskatzen du kontakizun eta tresna berritu bat.

Guztiarekin, 2016tik hona datorren ibilbidean EH Bilduk goranzko joera du. Eremu batzuetan Podemosen etorrerarekin galdutakoa berreskuratzen ari da oraindik, (Gipuzkoa eta Bizkaia oro har) eta beste batzuetan eremu berrietara iristen hasia da, Errenteria, Gasteiz eta beste hainbat errealitate kasu.

Aztertutako datuek eta joerek ondorio honetara ekarri gaituzte: EH Bilduren sendotasun elektorala ez da oraindik aldaketa bat ardazteko nahikoa izaten ari. 2011-2016 eta 2017-2020 garaietan aurreratutako eremuak ez dira nahiko izaten ari gobernagarritasun alternatibo bat eramateko Jaurlaritzara. Podemosen sarrerak, aldaketaren eremuak duen eskaintza areagotu du, eta bere aukerak zabaldu eta indartu. Hala ere, beherantz dator, eta Podemosen beherakadak EH Bildu indartu badu ere, ez du aldaketaren aukera oro har indartzea lortu. Ikusiko dugu, beraz, 2016an % 36,12an zegoen puntua gainditzea lortzen duten batera.

3.- Abstentzioa, noren mesede eta noren kalte?

Azken hauteskunde guztietan, gorantz datozen hiru alderdi ditugu EAEn: EAJ, EH Bildu eta PSE. Normalki, abstentzioaren igoera batek EAJri eta EH Bilduri egingo lieke mesede. Eta, nagusiki, bi alderdi horiek dira lehian daudenak, gobernu aukerak eratzeko indar nahikoa luketen bakarrak. Beraz, bai EAJ eta baita EH Bildu ere indartuta aterako dira, ziurrenik, eta sorpresarik ezean, uztailaren 12ko hitzordutik. Indartze hori, handiagoa izan daiteke EAJren kasuan, bere poloak osotasunean goraka egin eta gehiengo osoa eskura dezakeelako. EH Bilduren kasuan, aldiz, balizko emaitza on horiek ez dute aldaketaren aldeko nahikoa indarrik ekarriko, ziurrenik.

Abstentzioaren analisian, beraz, aldaketa nahiaren faktorea aldagai nagusi izango da. Aldaketa eta ezinegona gailentzen badira, segmentu batzuetan mobilizazio handia egon delako izango da. Belaunaldien borroka, hau da, gazteak aldaketaren alde, eta zaharrak kontserbadore, abstentzioak zeini eragin dion gehiago aztertzeko modua izan daiteke.

Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Hauteskundeak uztailaren 12an: zer gertatuko da? -ri erantzun bat

  1. Nere postekin loturak: Hauteskundeak uztailaren 12an: zer gertatuko da? — Toliati | Mon site officiel / My official website

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s