Polarizazioa, Agenda Building, Euskal Aukerak

Polarizazioa ari du. Espainiar Estatuak, XIX. mende eta XX. mendeko lehen heren ezin gatazkatsuago batzuen ondoren, egonkortasuna eman dien bi sistema politiko kateatu ditu azken 80 urteotan: 1940etan eraiki eta 1950etan teknokratikoki trinkotu zen Estatu Frankista, eta 1976-1981 urteetan zehaztu zen Monarkia Konstituzionala. Azken honek, gaitasun handia erakutsi du Espainia berritu eta barne kontraesanei erantzuteko, formalki bederen. Barne kontraesan nagusia euskal independentismoak eragindako egoera izan da, garai hartatik aurrera, eta bere printzipio formal nagusiei uko eginda izan bada ere (gerra zikina, askatasunen murrizketa eta beste hainbat), Espainiako Sistema Politikoak bere horretan eutsi dio, ia aldaketarik egin gabe.

Orain, ordea, Sistema Politiko hori zalantzan jartzen ari da, eta saiatuko gara zirriborratzen eta azaltzen zergatik horrek, mehatxuekin batera, aukera berriak irekitzen dituen. Asmo zabal horri, polarizazio aro berri honetan epe motzean antzematen ditugun hainbat gakori gainbegiratua emanez ekingo diogu.

Polarizazioak zeren inguruan?

Polarizazioaz ari garela, ez gara hauteskunde dinamika huts baten inguruan ari. Aztertuko ditugu hauteskundeak, jakina, baina komeni zaigu begirada bestelako baldintza eta errealitate-korronteetan ere jartzea. Hasteko, Espainia bere egungo egituraketa zalantzan jartzen duen aro batean dago. Aurreratu dugunez, euskal independentismoa izan da hori egin duen aktore nagusi bat; 2011tik aurrera, izaera eta estrategia berriekin, ezaugarri bereziak dituena.

Baina, korronte berriak ere sortu dira azken hamarkadan: 2011ko maiatzaren 15ak alderdien sistema bera ezbaian jarri baitzuen, bai mobilizazioaren abiapuntuan (herritarrak), bai helburuetan (errejimenaren eraldaketa). Korronte berri honek garrantzia berezia eta historikoa dauka, zalantzarik gabe. Batetik, adierazten duenagatik, bi mailatan: Lehenik, kaltetze sozial jakin baten ondorioz (Neoliberalismoa) sortzen diren mobilizazio egoera ohiko bat  islatzen duelako, baina klabe berrietan: ideologia-sistema osoetatik haratago, klase ertain zaharren eta langile organizatiboki barreiatuen behin-behineko aliantza bat eraikitzen duelako, sintoma batzuen inguruan, gizarte segmentu berriak politizatuz. Proiektu politiko jakinik gabe, baina politikoki arituz.

Eta, bigarrenik, aukera politiko baten aurrean jartzen gaituelako. Sistema politiko itxietan (Frantzia, Espainia), gizarteak aukera gutxi ditu mediazio egituren bidez estatuen politiketan eragiteko, eta enfrentamendua eta mobilizazioa dira prozesu historiko ezberdinetan egoera horren ondorio. Hemen interesatzen zaiguna, zera da:  Maiatzaren 15ak eta gainerako mobilizazioek zalantzan jartzen dutena Espainiaren Sistema Politikoa bera dela, Sistema eraginkor moduan. Mobilizazio horiek ondoren hartu duten forma politikoak eta horien dinamikak beste upeletarako sagardotarako utziko ditugu.

Kataluniako uholdeak, zalantzarik gabe, pareta berarekin egin du topo: bere burua egoera berrietara egokitzeko gaitasunik ez duen Errejimen politiko batekin. Bere ahuleziaren irtenbidea autoritarismo itxian proiektatu duen Estatu batekin. Zer esanik ez, Kataluniak erronka nabarmena ezarri dio Estatu Espainiarraren egiturari berari, eta bere izaera erakutsi behar izan du, munduaren aurreran erakutsi ere.

Azkenik, mugimendu erreakzionariak azaleratu dira, bere diskurtsorik gordinenean. Uler dezagun erreakzionario “aldatu bai, baina atzera joateko” esaldiarekin. VOX fenomenoa ez da koantitatiboki Alianza Popular fenomenoa baino askoz gorago joango. Baina hark ez bezala, gaitasuna izan du eta izango duela aurreikus daiteke gauzak aldatzeko, modu erreakzionarioan betiere. Honela, egoera politiko berria sortu da Espainian: eskuinen eskaintzaren dibertsifikazioa eta igoera, horrek boto kopuruan ere gorakada ekarri diolarik. Honela, hainbat ikerketek VOX, PP eta Ciudadanosen boto batuketa Aznar (2001) eta Raxoy (2008) onenen boto batuketatik gorakoa izan daitekeela aurreikusten dute.

Hemen azpimarratuko duguna da, beraz, Espainian egun indarrean dagoen Sistema Politikoa zalantzan dagoela, alde askotatik. Eta horrek polarizazio handiko egoeran jartzen duela. Polarizazio horrek ezaugarritzen du, hain zuzen ere, pare-parean dugun egoera politikoa, bere aukera guztiak ere pare-parean irekitzen dizkigularik. Polarizazio horren agendan, elkarrekiko talkan daude, Espainiaren eta Estaturik gabeko herrien egituraketa nazionalak, Espainian oraindik gutxi bada ere, dimentsio gain-nazionala ere hartzen duena (Europar Batasuna, Nazioarteko Erregulazio Erakundeak…); Neoliberalismoa eta honen alternatiba Sozialdemokrata nahiz ezkerrekoa; eta olatu neokontserbadorea eta liberal nahiz askatzailearen arteko talka, askatasunei eta eskubideei dagokienean.

Espainiako Eskuinen Dibertsifikazioa

Gatozen, orain, Estatuko alderdi nagusien egoeraz aritzera. Lehenik, Espainian, bi alderdi nagusiko Sistema batetik, (ondoren periferiarekin akordioak egin behar izaten bazituzten ere), lehenik lau, eta azkenik bost alderdiko sistema batera egin da salto, egoera konplexuago bihurtuz. Honek, baina, ez ditu lausotzen aipatutako polarizazioaren gako nagusiak.

Eskuinek osatzen duten fronte horren barnean antzekotasunak nabarmenak dira, agenda Nazionalari dagokionean.  Hirurek hala hirurek, etekina lortzen dute alor horretan, eta elkarrekiko lehian ari dira Polarizazio Nazionalean lidertza izateko.

VOX ez da Gobernatu nahi duen alderdi bat; bere helburua bestelakoa da: eragitea, baldintzatzea, eta bere agendak irabaztea. Hori lortzen ari da, ondo asko lortzen ere. Ez laguntzarik gabe. Laguntza hori atzean, alboan, eta aurrez aurre dauka. Lehenik, publikoki agertzen ez diren indarrak daude, finantzazioari eta gainerako elementu materialei eusten dietenak. Ondoren, Casadoren PP, Riveraren Ciudadanos eta komunikabide zenbaiten jokaera. Azkenik, nahigabe, baina Kataluniako egoerak nahiz ezkerraren elementu zenbaitek VOXen agenda elikatzen laguntzen dute, alde batetik ezinbestean, bestetik, trakeskeriaz. Bestela, VOX bera ez da Europako Eskuin muturraren parekoa, ez babesten duen klase sozialagatik (Europan heterogeneoagoa da, nahiz erdi-goi mailakoa izan han ere), ezta inguratzen duen testuinguruagatik ere.

Alderdi Popularrak gaizki bizi du VOXen protagonismoa. Eszisio sozial eta politiko moduan. VOXi boto emaileak abstentziotik ere badatozkio ere, PPtik asko izan daitezke zuzenean VOXera, edo tartean abstentziotik pasata, joan daitezkeenak. Bestetik, Ciudadanos dauka, PPren bertsio “liberala”. Aznarismoaren erronka da, hiru eskuinekin bloke bat osatzea eta bloke hori eskuzabaltasunez lideratzea. Horretarako, (are) eskuinerago egitea erabaki dute, eskuin muturraren eta Marotismoaren komunikazio estrategiak bereganatuta. Andaluzia dute lehenengo esperimentu gune.

Ciudadanosek gorakada handia ezagutu du Kataluniari esker, baita PPren gainbeherari esker ere. Hasiera batean, promesa batekin jaio zen alderdi laranja: Espainiari zentro liberal gazte eta indartsu bat ematea, PP, PSOE eta abstentzioko belaunaldi berrietatik elikatuko zena, eta Podemos taula politikoaren ezker bazterrera ostikoz botako zuena. Promesa hori, ordea, zapuztu egin da, neurri handi batean, Ciudadanosek bere burua gero eta eskuinerago kokatu duelako, eta, batez ere, gero eta eskuinerago ikusten dutelako herritarrek. Dena den, eta Agenda Building-ean ikusiko dugun moduan, bere aukerak ditu, ardatz nazionala nagusitzen bada. Joera onean daude, baina ez litzateke Ciudadanosek bere esperantzak galduta ikusiko lituzkeen lehen aldia izango. Guztiarekin, saiakera serioa egingo dute VOX eta PPren frontetik desberdindu eta “erdira” etortzeko. Hor, PSOEk ardatz nazionalean gal ditzakeen segmentuak bereganatu nahiko ditu. Lortuko duen, ikusteke dago.

Sánchezen Nazio Errelatoa eta guztiaren gakoa: Podemos

Sanchez politikari ausarta da. Ausarta eta burugogorra. Ezaugarri bikainak aurrean duenari ekiteko. Nahikoak izango diren, seguru gaude ezetz, beste faktore asko beharko baititu irabazteko. Lehenik, tregua bat lortu behar du auzi katalanean. Ia berdin dio, betiere bere epe motzerako interesei begiratuta, gai honetan zer eta nola egiten duen: gaia agendan dagoen bitartean arazoak izango ditu, ez bere boto emaileen artean, parean dituenen artean baizik. Beraz, “dialogo” famatuari, derrigor, egoera desaktibatzeko elementu politikoak gehitu beharko dizkio.

Bigarrenik, bere gobernuaren agenda berreskuratzeko premia larria dauka. Horretarako, aurrekontuak faktore garrantzitsu baina ez ezinbestekoak dira. Hartu beharreko neurriak lehenbailehen hartzea da gakoa, Espainian eskuinarekiko alternatiba erreal eta serioa badagoela froga dezan.

Azken hori izango du bere klabeetako bat. Eskuinarekiko beldurra haizatzea. Gonzalezi 90etan funtzionatu zion arte funtzionatu zion. Baina, VOXen gehiegikeriek eta gehiegikeria horien aurrean PPk duen jarrerak aukerak irekitzen dizkiote, besteak beste, Ciudadanosekin lehian dituen segmentu “liberal” horiek modu “zentzudunean” disputatzeko. Zehazki, Feminismoa du ardatz irabazle bat; eta, horrekin batera, askatasun zibilen inguruko defentsa. Zapaterori funtzionatu zion arte funtzionatu zion. Sanchezek igoera izango duela aurreikusten da, zenbatekoa, hauteskundeetara iristen den egoerak esango du.

Gauzak horrela, begirada analitiko guztiak Podemosen jarrita daude. Iglesiasek, oso modu inteligentean “Gobernatu gabe gobernatzea” erabaki du; hau da, PSOE babestea, eta hor bere tokia bilatzea. Aitzitik, une honetan, bere oinarria desmobilizatuta dago. Andaluziako galtzaile handiena, beharbada Podemos bera izan baita. Ez dute Junta galdu, ez zeukatelako, baina polarizazio egoera batean norbere hautesleak etxean geratu izana oso larria da. Zalantzarik gabe, Espainia barnealdean Podemosek ez badio eusten, ia ezinezko izango da eskuinen gorakadari aurre egitea, galdutako segmentu batzuk PSOEra joaten badira ere. Espazio politiko propioa estutzeak ez dio onik egiten.

Agenda Building

Julio Anguitak joan den mendeko 90etan erabilitako “Programa, programa, programa” hark “Agenda, agenda, agenda” berriari toki egin dio. Bai, 2019a Agenden tregoarik gabeko gatazka urtea izango da. Politikan frogatutzat ematen den harremana da Agendaren eta Emaitza elektoralen artekoa. Agendaren lehian garaile irteten denak, bere aukerak biderkatuko ditu garaipen errealei begira.

Aipatu ditugun elementuekin, taula-laburpen honek lagun diezaguke Agendan jokoan dauden gauzak ulertzen.

Agenda: Nazionala Soziala Askatasunak/eskubideak
PSOE Tregua politikoa Feminismoa Iragana /Eskubide zibilak
PP Katalunia Etorkinak Ez
Ciudadanos Katalunia / Europa Ez Liberalak/Kataluniari lotuak
Podemos Adostasuna Guztiak Iragana / Mozal legea…
Euskal-Katalanak Erabakitzeko eskubidea Ezberdin Iragana/ Mozal legea…
VOX Katalunia,Nazio eredua Etorkinak “Gehiegikeriak” oro geratzea

Honela, aurreikus daiteke, Agenda Nazionala gailentzen bada, eskuinek aukera gehiago izango dituztela; Agenda Sozialean Etorkinak gailentzen badira ere bai. Aldiz, Feminismoa, aldaketa sozialak, edo askatasun eta eskubide zibilen inguruan garatzen bada Agenda, eskuinek aukera gutxiago izango dute irabazteko. Adibidez, VOXek “Genero Indarkeria”-ren inguruan hartu duen posizioak eskuinak ahuldu eta PSOE indartzen du.

Agendan kontuan izan beharreko bestelako Klabe sekuentzialak honokoak izango dira: Espainako Gobernuaren agenda (aurrekontuak eta dekretuak)Andaluziako Gobernuaren martxa; Proces-aren epaiketa; Hauteskunde Autonomiko eta Udaletakoak; Brexita eta gainerako auzi europarrak. Horietan egin beharko dute igeri guztiek. Horietan, eta bidean sortuko diren balizko egoera berrietan.

Ikus dezagun bada, Kongresurako Hauteskundeei begirako gako elektoralak zein diren.

Gako elektoralak

Sistema elektoralak (barrutiak, ordezkari kopuruaren banaketak eta abar) baldintzatzen du, asko, alderdien estrategien prestaketa. Espainiaren kasuan, arkitektura elektoral hori guztia 1978ko abenduaren 6an bozkatu zen Konstituzio haren aurretik diseinatu eta erabaki zen.

1976ko uztailaren 3an, Juan Carlos Erregeak Adolfo Suarez izendatu zuen Gobernuko Presidente. Bere ardura izan zen “Trantsizio” deitua gidatzea, eta, horretarako, besteak beste, “Erreforma politikorako legea” iragarri zuen 1976ko irailaren 4an. Frankismoaren Oinarrizko Legeak betez, Gorteen bi herenek gehiengoz onartu zuten proiektua, eta 1976ko abenduaren 15ean izan zen bozkatua eta onartua Espainia mailan. Lege hau egitearen estrategia Frankismoaren oinarri juridikoak errespetatuta oinarri juridiko berri batzuk ezartzea zen. Hau da, erreformaren bidetik ekitea.

Bost artikuluk eta lau xedapenek osatzen duten Lege horrek eskumena emango dio Gobernuari hauteskundeak deitzeko, eta bertan zehaztuko dira sistema elektoralari dagozkion hainbat gako garrantzitsu: Kongresuak 350 diputatu izango dituela, Senatuan, hasiera batean, 207 ordezkari (Herrialde bakoitzeko launa eta uharteetako lurralde bakoitzean bana), Barruti elektorala herrialdea izango dela, eta Kongresurako sistema proportzionala nahiz Senaturako maioritarioa ezarriko direla.

Honela, 1977ko martxoaren 18an, Hauteskundeak Arautzen dituen Erret Dekretua onartu zen, eta ez du ia aldaketarik ezagutu, eta 1985eko Hauteskunde Lege Organikoak ia bere osotasunean jarraikortasuna eman zion Dekretu hari. Erabaki hark, alderdi politikoak hauteskunde prozedura guztiaren erdigunean ezartzen zituen sistema bat gauzatzen zuen, besteak beste, zerrenda itxien aldeko hautua egiten zuelako.

Hortik aurrerako historia garbia izan da: 1977ko ekainaren 15ean egin ziren Frankismoaren ondoko lehen Hauteskunde haietan, bi alderdik  hartu zieten aurre gainontzeko guztiei. Presidentearen UCD alderdiak votoen % 34,44 eta PSOEk botoen % 29,32 izan zituzten. Sistema Elektoralaren ondorioz, biek batuta botoen % 64 lortu ez bazituzten ere, 350 aulkietatik 284 lortu zituzten, alegia, Kongresuaren % 81 bereganatu zuten, UCDk 166 eta PSOEk 118. Alderdi Komunistak botoen % 9,33 baina aulkien % 5 (19) baino ez zituen bereganatu. Gauza berdintsua gertatu zitzaion Fragaren APri, botoen % 8,21 eta aulkien % 4,5 eskuratuta (16).

Sistema proportzionala izanagatik, eta sistema proportzionaletatik alderdi askok ostatutako legebiltzarrak eratortzen badira ere, Espainiako kasuan, bi alderdiren hegemonia garbia duen sistema bat izan da ondorioa, hamarkadetan bere horretan ia aldatu gabe iraun duena. Honen azalpena ez da zaila: politikoki, aurreko errejimenak onartuko zuen alderdi bati (UCD) boterea ziurtatzeko modua zen. Espainiako Hauteskundeen historian, XIX. Mende osoa hartu zuen lege elektoralen etengabeko gatazkak. Horietan, eta batez ere errestaurazioan (1876-1923), nahita bilatzen zen “oreka kontserbadore” bat, nabarmen barnealdeko barrutiak indartuz (hirietan langile alderdiak ezartzen hasi zirenetik, batik bat), barruti urbanoak landa eremuko barrutiekin nahastuaz eta abar. Beraz, Suarezen lege elektorala tradizio oso batean barnean kokatzen zen, eta asmo politiko garbiak zituen.

Teknikoki, barrutia herrialdea izateak, proportzionalki leuzkaketenak baino ordezkari gehiago eskaintzen dizkie barruti txikiei. Honek esan nahi du, besteak beste, hainbat zerrendak ez dutela hautatuak izateko inolako aukerarik hainbat barrutitan, eta, beraz, boto asko “alperrik” galduak izaten direla, eserlekuen banaketari dagokionean, ordezkaritzarik gabe gelditzen direlako.

Honela, 52 barrutietatik 28k, hau da, barrutien % 54k, 5 ordezkari edo gutxiago hautatzen dituzte, guztira 103 diputatu, kongresu osoaren % 29,5. Hurrengo mailan, 6 eta 9 artean hautatzen dituzten barrutiak 17 dira, barrutien ia %33, eta 119 ordezkari hautatzen dituzte, kongresuko % 34. Azkenik, 10 ordezkari edo gehiago hautatzen dituzten barrutiak daude, 7 guztira, barruti guztien % 13,5 alegia, eta 128 ordezkari hautatzen dituzte, hautatzen direnen %36,6 izanik.

Gainera, badago beste konplikazio bat: barruti askotan, ez dira Estatu mailako 5 indar nagusiak bakarrik lehiatuko, baizik tokian tokiko indarrak izango dituzte aurrean, batik bat Katalunian eta Euskal Herrian, baina baita Galizian eta Kanariar Irletan. Horrelako egoeran dauden barrutiak 14 dira, hau da, guztien ia % 27, eta 108aulki daude horietan jokoan, alegia, Kongresuan daudenen % 31. Barruti horietako batzuk, gainera, barruti txikiak dira, hau da, 5 aulki edo gutxiago lituzketenak, 5 guztira. Azken horietan Araba, Nafarroa, Lleida, Ourense eta Lugoko barrutietan oso garesti dago aulkia.

Ordezkariak barrutian

Barrutiak

% Ordezkariak

%

10 edo gehiago

7

13,8 128

36,6

6-9 artean

17

32,7 119

34

5 edo gutxiago

28

54,5 103

29,4

Tokiko alderdiak

14

32,7 108

30,8

Izan ere, D’hondt formulari erreparatuz, barruti txikietan, honela banatuko genuke kontua: Lehenik, 5 ordezkari hautatzen dituzten barrutiak. Horietan, lehen indarrak aski du bosgarren indarraren halako bi boto eskuratzea bosgarren aukera kanporatzeko. 4 ordezkari hautatzen diren barrutietan, lehen indarrak laugarrenaren emaitza bikoiztu behar du, ordezkaritza hiru alderdik bakarrik lor dezaten eta abar.

Egoera honetan, Espainian 5 alderdiko Sistema orokor bat egotea gerta daiteke, baina polarizazio ikaragarri bat dagoela adieraziko luke, berdinketa tekniko ia orokor bat barruti guztietan edo lurraldetik lurralderako desoreka ezin nabarmenagoak. Gauzak honela, garbi dago, Agenda Building Estrategiei dagokienez, non jarri behar lituzketen indarrak alderdiek, zein barrutiri uko egin diezaioketen, eta zeren kontura haz daitezkeen barruti batzuetan, besteetan jaitsi arren.

Nazioetatik Estatua edo Estatutik Nazioa: ezinezko bideen talka

Euskal Herriak ere bere aukerak jokatzen ditu datozen hilabeteetan. Une honetan, polarizazio egoera gogor honetan, ezinezkoak diren bi proiektu ari dira elkarri joka. Nazioetatik abiatuta Espainiar Estatua eraiki nahi dutenena, eta Espainiar Estatutik Nazio bakar bat eraiki nahi dutenena. Bigarren honen ezinezkotasuna enpirikoki frogatuta daukagu. Beren Nazio Errelatoa Estatutik eraiki duten herrialdeek (Frantzia, Alemania, Errusia) arrakasta izan dute indartsuak izan direnean, kontzeptualki eta materialki. Ez da Espainiaren kasua. Beren Nazio Errelatoa Gizarte ekimenetik eraiki duten herrialdeek (AEBak, Ingalaterra) arrakasta izan dute Estatu minimoak eraiki dituztelako. Ez da Espainiaren kasua. Espainiar Nazio bakarra bide horietatik ez da gauzatzera iritsiko. Bere burua ulertzeko moduan dauka arazoa. Nazio hori, bere baitan dituen beste batzuen ukazioan oinarritzen duelako, eta bere barnean dituen beste Nazio horiek indartsuak direlako bai gizarte mailan, baita materialki ere. Beraz, Espainiak ez dauka tresnarik, egun, Nazio horiek bere proiektura ekartzeko, indarra ez bada. Indarrak, baina, bere mugak ditu proiektuaren iraunkortasunari begiratuta.

Egoera honetan, Euskal Herriak uler dezake, bere aukera prozesu eratzaile propio batean daukala. Baina ez edozein prozesu eratzaile. Garrantzitsuak izango dira, nire iritziz, bi elementu klabe. Batetik, euskal gizartearen papera, bere aurpegirik sortzaileenean. Hau da, gure Nazio Errelatoaren berrikuntzatik abiatuta, gureak diren ezaugarri komunitario sinboliko nahiz materialetan. Euskal Gizarteak gaitasuna du egiturak sortu, proiektuak eraiki, eta komunitate afektibo eta nazional moduan jokatzeko, orain, agian, lehen baino gehiago. Herritarren mugimenduekiko konfiantza, dirigismorik eza, eta antagonismoen aukeraketan asmatzea dira klabe zenbait.

Bigarrenik, ezinbestekoa izango da elite nazionalen aliantzak sortzea. Politikoak, bai, baina ez politikoak bakarrik. Bizi dugun egoerari bere anormaltasuna aitortzen diogun unetik, aukera irekitzen baitzaigu normaltasun berri baten kontsolidaziorako. Zentzuduna, segurua, eta ingurumaria orokorrean bizi dugun ezegonkortasun garaiari erantzun zehatzak emango dizkiona; maila emozionalean lasaitasuna, egonkortasuna, konfiantza, komunitate afektibo batekiko kidetza (batzuentzat Nazio izango dena eta beste batzuentzat hasierako fasean izen zehatzik izango ez duen “kolektibitate”;Nazioa ere eraiki egiten baita). Maila materialean, egingarria den proiektu bat marraztuaz: egingarria bideari eta helburuari dagokienean.

Horra iritsita, Independentzia helburu izatetik, ondorio izatera pasako litzateke. Aspirazio askoren gauzatzearekin zerikusia lukeen ondorio naturala. Berdintasuna, demokrazia, aurrerabidea, kultura, eta berezitasuna lirateke Euskal Nazio jaioberriaren oinarrizko baloreak. Euskara bere hizkuntza nagusi. Eta mundu garaikidea, egokitu beharreko zerbait baino, bere ingurune natural.

Honek guztiak, logikoki ondoriozta daitekeenez, Euskal Agenda Eraikitzeko beharrarekin egiten du topo. Txikiak izanagatik, ondo emandako pausoen balioa handia izan daitekeelako. Agenda hori beste agendekiko modu leihakorrean eraikitzeko bide bakarra hori delako: indartu, eta bidean ibiltzea.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Pedro Sanchez Presidente, negoziatu beharrik gabe (+ Euskal Bidea)

Hankaz gora eta buruz behera, horrela utzi ditu Pedro Sanchezek gainontzeeko guztiak. Mapa politiko ezin konplexuago honetan, Europaren, Kataluniaren, Estatuaren eta Euskal Herriaren beraren agendak gurutzatu eta elkarreragiten duten garai ezin interesgarriago hauetan, gidoiari buelta emateko gaitasuna erakutsi du PSOEko buruzagiak. Denbora zeraman ekimen politikorik gabe; Kataluniako agendak Ciudadanos indartu, eta PP bere bertsio autoritarioena erakustera behartzearekin batera, PSOE ere mugiarazi du posizio autoritario-unionistetarantz. Kataluniako Errepublikarekiko erreakzioz, Riveraren txistuaren inguran dantzan ibili da Estatuko politika, eta, egoera nahasi horretan, Euskal Agendaren zaintzaileek, – edo, Sarasuatarren hitzetan,  arrautzen karraio dabilen “Arrano zuri erdi-oiloa”k- etekina atera nahi izan dute. Gero ekingo diogu, baina, Urkullularitzari, analisiaren amaieran.

Gatozen, orain, Pedro Sanchezen aukerak aztertzera: Espainiako Sistema Politikoa oso Exekutibozalea da. Alegia, Gobernuari, eta haren baitan, Presidenteari ematen dio gorentasun politikoa. Zehazki, Espainiar Konstituzioak hainbat inspirazio iturri ditu (Bonneko Oinarrizko Legea, 1949koa, edo Alemaniar Errepublika Federaleko Konstituzioa; Italiar eta Portugaldar Konstituzioak; baita II. Errepublika (1931-1939)  nahiz XIX. mendeko Espainiar Konstituzionalismoak berak ere), eta, kasu honetan, Alemaniaren eredutik hartutako prozedurak baldintzatzen du egun ematen ari den egoera. “Zentsura Mozio Eraikitzailea” deitua honetan datza: Zentsura mozioa Kongresuko kideen % 10ek eskatu behar dute, kasu honetan, 35 diputatuk. Baina, ez hori bakarrik, Zentsura Mozio hori aurrera joan dadin, derrigorrezkoa da hautagaia aurkeztea; hautagai horrek Kongresuaren gehiengo osoa behar du irabazteko. Lortuz gero, automatikoki aurreko Presidentea eta Gobernua eroriko dira eta Gobernuburu berria ezarriko; honek, aldi berean, Gobernu berria izendatuko du. Espainiako sisteman, Gobernua Presidenteari lotua da, eta honek eskumen ugari ditu Gobernua antolatu eta zuzentzeko, bere erara; Presidentearekin batera, hori bai, Gobernu osoak uzten du Exekutiboa.

Ez da harritzekoa, beraz, prozedura ikusita, Zentsura Moziorik 40 urtean aurrera ez atera izana. Hiru saiakera izan dira gaur arte: 1980an Felipe Gonzalezek Adolfo Suarezen aurka egindakoa ; 1987an Alianza Popularrak Felipe Gonzalezi aurkeztutakoa ; eta 2017an Pablo Iglesiasek Mariano Rajoy kentzeko egindako saiakera.

Negoziatu beharrik ez Pedro Sanchezek

Zein aukera ditu Pedro Sanchezek, oraingoan,  helburua betetzeko? Oso handiak. Hara zergatik: “Rajoy edo bera” aukeratu behar delarik, Kongresuko gehiengoak bere alde egitea beste aukerarik ez dauka. Horretarako, bi bide dauzka: Ciudadanosekin edo Podemos, EAJ eta Katalanekin. Bi bidetako bat bai ala bai irtengo zaio ondo. Horregatik ez du negoziatuko ez Ciudadanosekin, ezta gainontzeko inorekin ere. Ez dauka horretarako beharrik. Zentsura Mozioa babesten ez dutenek eman beharko dituzte azalpenak! Pedro Sanchezek ekimena lortu du, ekimen osoa. Eta, gainontzekoek, egoeraren aurrean posizioak hartzea baino ez daukate. Horrela uler daitezke J x Cat -en azken adierazpenak. Egoera zein datorren ikusita, Pedro Sanchezen balizko gobernuaren aurrekokapena egiten ari direla ulertu behar delakoan nago. Berdin Podemos ere, Zentsura Mozioaren hurrengo eguna prestatzen ari dira, Sanchezi akordio sozialak esijituz.

PP panikoak hartu du; ahal duten moduan erreakzionatu dute, hasieran, lekuz ezin kanporago. Epaitegietako ebazpenen inguruko gezurrei, argudio ekonomikoak gehitu dizkiete, trakets. Ondoren, Ciudadanosi eraso diote, Sanchezekin inora ez doazela esanez. Pentsa daiteke PPk, jada, balizko hauteskunde batzuei (Pedro Sanchezek deituko lituzkeenak) begiratzen diela, eta Ciudadanos higatu nahian dabilela.

Azken hauek dira Mozio honen kaltetu nagusiak, PPrekin batera. Lehenik, euren gabezia aritmetikoak agerian gelditu dira; 32 diputatu baino ez dituzte, eta ez dira erabakigarriak ezertarako: ez aurrekontuak ateratzeko (EAJren beharra egon da ); ez Zentsura Mozioa aurkeztu edo aurrera eramateko ere (Sanchezek Ciudadanos gabe lor dezake Presidente izatea). Ezker-eskuinetik lortzen ari den gorakadari zuzeneko kaltea eragiten dio egoerak: aukeratzen dutena aukeratzen dutela, Mozioa babestu ala ez, zentraltasuna galduko dute, eta erabakiak galerak ekarriko dizkie.

Sanchez Presidente: zer eta nola egin dezake?

PSOEren hautagaiak estrategiatzat hartu du Presidentetza epe batez izatea ekimen politikoa lortu eta boto-jario orokorretan eragiteko. Horretarako, eskura izango ditu Presidente batek dituen eskumen zabalak. Lehena, hauteskundeak deitzeko eskumena. Berak erabakiko du noiz egingo diren, berak baino ez. Horrek abantaila ematen dio leihan. Senatuan, PPk gehiengo osoa izaten jarraituko du, baina, jakina da, Senatuak ez du maniobra ahalmen handirik.  Kongresutik datozen legeei betoa ezar diezaieke, baina beto hori berehala altxa dezake Kongresuak gehiengo osoz, edo gehiengo hutsez betoa ezarri eta bi hilabetera. Senatuaren papera Espainiako sistema politikoan oso zalantzagarria da: ez du “erregioen ganbera” gisa balio (Kongresuak eskumen gehiago ditu alor horretan ere), eta Kongresuaren lanak moteltzeko (eta ez blokeatzeko) baino ez du ahalmenik. Egia da 155.1 artikulua aplikatzeko beharrezkoa dela. Baina Presidenteak beti izango du aukera diktamen hori ez proposatzeko, eta, gainera, Pedro Sanchezek gai honetan zer dauka galtzeko politikoki?

Ondorioz, Pedro Sanchezek denbora bat izan dezake erlatiboki egonkor aritzeko. Podemosekin negoziatu, eta bere politikaren zantzu batzuk erakusteko. Alor sozialean zalantza gutxi daude Gobernuaren ekimenak zein onura politiko ekar liezazkiokeen PSOEri. Lurralde ereduan, aldiz, ikusteke dago Pedro Sanchezek eskaintza politikorik baduen Katalunia eta Euskal Herriarentzat. Zalantzarik gabe, epe ertainerako aukera onena luke, baina epe motzera zail egingo litzaioke.

EAJ: Denborek harrapatuta

EAJri gaizki atera zaio jokaldia. Zorioneko 155 artikulua kentzeko probabilitate nahikoa bazela kalkulatuta zeukaten, aurrekontuak babesteko. Denborak katramilatu zaizkie, ordea, eta, azkenean, aukerarik txarrena egin dute: beren hitza jatea. Hain izan da txarra aukera, ezen hurrengo egunean kontrako posizioa babesteko egoera politikoa sortu baitzaien: Pedro Sanchezen Mozioa, hain zuzen ere. EAJ behartuta dago Mozio hori babestera, ez du beste aukerarik, eta egindako akatsa onartzera. PSOEk badaki hori, eta kontzesio gutxi eskainiko dizkio Mozioa onartu bitarte. EAJren eragiteko aukerak hurrengo egunean hasiko dira berriro; baina, katalanen posizioak baldintzatuko du, hori ere, aritmetikoki.

Beren argudiategi osoa pikutara joan zaien honetan (Egonkortasuna, Ciudadanos frenatzea eta abar), “dena estriborrera!” ziaboga egin beharrean aurkitzen dira. Kontrakoa egiteak (Rajoy babesten jarraitzeak), are gehiago kaltetuko luke Sabin Etxeko alderdia. Ortuzarrek autokritika egin du; hori baino zerbait gehiago beharko dute orain alderdia berkokatu, eta sinesgarritasun galerari aurre egiteko.

Euskal bide bat aurrera egiteko

Zurrunbiloak zurrunbilo, orain egin beharreko galdera sakonagoa dela deritzot. Hamarkadaz hamarkada huts egiten ari den metodologiaz ari naiz: Madrileko koiuntura bakan eta oso tartekakoak baliatzeaz, “zerbait” lortzeko dioen horretaz. Ona da, nola ez, Madrilen (ere) arrantza egitea; baina unea da baloratzeko horrek ez duela, inondik ere, emaitza ikusgarririk lortu Euskal Agendarentzat.

Agian, nahasmen garaiotan, galderek berek ematen digute erantzunen bidea. Lehena: zein Estatu Espaniar ari da eratzen? Litzateke. Autoritarismoa, Neoliberalismoa, eskubideen murrizketa, errepresioa, unitarismoa, zentralismoa. “2018ko erregimena”-ren ezaugarri zaharberriak dira. Sanchezek zer eta nola alda dezakeen ikusteke dago, esperantzari oso-oso tarte txikia utziz, baina.

Bigarrena, galdera eratzailea da: Zein herri eraiki nahi dugu hemen? Kontakizun aspirazionalak modu berritzaileetan formulatzeko aukera ematen diguna. Demokrazian, aurrerabide sozialean, mundu globalean aktore moduan aritzean, oinarritua. Bide horri modu sinesgarrian ekiteko, ez litzateke txarra honakoarekin hastea: Madrileko Kongresuan ditugun euskal ordezkariek masiboki Rajoy botatzearen alde egitea: 23tik 19k, hain zuzen ere. “Autogobernu Ponentzia”-n euskal burujabetzaren hautua egitea, ibilbide sozial bati lotua; eta herritarrek agendan eragiten jarraitzea: Pentsioen inguruan, feminismoaren inguruan, herrigintzan, eta Gure Esku Dagogintzan, esaterako.

 

 

 

 

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Euskal Burujabetza ingurumaria globalean. Hiru ideiaren inguruan hausnarketa abiatzeko.

Han-hemen aipatua izaten ari da, Transnazionaltasun garaiotan, burujabetzaren ideia erreakzionario bat gailentzen ari ote den. Aipamen horien arabera, euren estatusa eta bizi-baldintza materialen oreka arriskuan ikusten duten segmentu herritarrek, bi modu nagusitan erreakzionatuko lukete egoera horren aurrean: batetik, etorkinen inguruan egiten ari den politikaren aurka. Bestetik, elite neoliberalen eta beren aurpegi politikoen aurka, bereziki eta, batik bat, sozialdemokrazia edo progresista itxurakoen aurka.

Frantzia hartuko dugu adibide, ustez, baliagarri gisa, gertatzen ari denaren interpretazioan laguntzeko.  Le Pen aitaren 2002ko kolpetik, Le Pen alabaren 2012 eta, batik bat, 2017koetara. Front National zenaren hautagaia bigarren itzulian botoen % 33,90 izatera iritsi zen. Zerk eraginda, baina? Chantal Mouffek eta beste egile batzuek azaldu izan dutenez, ezkerretik zetozen botoak, Alderdi Komunistatik alegia, “ultraeskuin langilezale” itxurako aukera batera joan dira, teorian guztiz bitxia litzatekeen ibilbide politikoa eginez. Ez da, baina, azalpen osoa ez eta bakarra ere.

Jakina da, mendebaldeko bazterrotan, ez dela Le Pen izan ibilbide politiko bitxiak bere egiteko abilezia erakutsi duen bakarra. Izan ere, aipatu ditugun bi erreakzio/motibazio nagusiek, bai baitituzte bestelako formak ere, Italian, Espainiar Estatuan, Grezian, Alemanian eta… baita Frantzian bertan ere. Forma batzuk, nola ez, besteak baino baikorragoak izaten ari dira. Hemen, azaletik bada ere, horrek guztiak Estatu eredu jakin baten deseraikitze/eraikitze prozesu batekin, – horrekin ere- ,  zerikusia duela azaltzen saiatuko gara; eta, zehazki, sozialdemokratatzat jo izan den joera politiko batek gobernu nahiz oposiziotik horretan izan duen paperari ere erreparatuko diogu, Frantziako adibide ezin esanguratsoagoa laburki azalduz. Bukaeran, hori guztia, Euskal Herriaren burujabetzaren inguruko hausnarketarekin lotzen ahaleginduko gara.

Saia gaitezen, bada, aipatutako joera honen jatorriak zehazten. “Pinochet esperimentua”-ren ondorengo Thatcher-Reagan bikoaren iraultza neoliberalak (1979-1981), ordura arte ezker-eskuin ardatzak zirenak aldatzeko gaitasuna erakutsi zuen, eta, horrekin, Estatuaren papera bera ulertzeko moduan eragin. Has gaitezen adibide batekin: Frantzian batzuek gogoan izango dute Giscard d’Estaingek Mitterrandi 1974ko presidentzialetako debatean esandakoa: Mitterrand jauna, ez duzu bihotzaren monopolioa”. Lehenak irabazi zituen, tarte txikiz, hauteskunde haiek, baina, epe ertainera, gidoiak biraldi bitxiak eman zituen. Ekar dezagun, hori ulertzeko, François Hollande gazteak, bere alderdikide batzuekin batera, 1984an Le Monde egunkarian sinatutako artikuluaren pasarte bat: “Langileria ulertzeko modu dogmatikoari uko egin behar diogu. Ezkerra ez da proiektu ekonomiko bat, balio-sistema bat baizik”.

Alderdi Sozialista Frantsesean bazen korronte ideologiko bat, “Bigarren ezkerra” zeritzona, alderdiaren baitan gutxiengoan zegoena, baina eragin-gaitasuna irabazten joan zena. Korronte hau Estatuaren interbentzioa ekonomian gutxitzearen aldekoa zen eta nazioen burujabetzarekiko kritiko agertzen zen. “Bigarren ezker” horren garaipen ideologikoa nabarmena izan zen ezkerra Frantziako boterera 1981ean, ederki kostata, iritsi eta gutxira. Ezker hura 1983an hasi zitzaion uko egiten boterera eraman zuen ezkerreko programa inplementatzeari. Laurent Fabius lehen ministro mitterrandista zenak horrela hitz egin zion Asanblada Nazionalari 1984ko uztailaren 24an: “Ezkerra da enpresa eta Estatua adiskidetu ditzakeen indar bakarra. Izan dezagun konfiantza enpresen gaitasunean”.

Bukatu ziren, beraz, nazionalizazioak eta gainerako asmo asko, eta gailendu zen Estatua beste modu batera ulertzeko formatu bat: Estatuaren funtzioa, Gain-nazionalki eta trans-nazionalki funtzionatzen duten sare globalen tresna izatera mugatuta, kasu askotan, horien funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren interbentzio prebentibo eta zuzentzaileak hartzera bideratu nahi izan zen, neurri batean. Eta hori, nork egingo zuen ezkerrak baino hobeto? Laurent Fabius berak zintzoki aitortu zuenez, “Ezkerra da hori egiteko ondoen kokatuta dagoen indarra”.

Lotu dezagun, orain, hori Giscard d’Estaing-ek Miterrandi eta Hollandek Le Monde-ko irakurleei esandakoarekin, eta atera dezagun ondorio hau: Ezkerrak (ezker horrek, bederen), arlo materialari, edo, lengoaia marxistagoan azpiegituraren eraldaketari, uko egin zion, ezkerreko “balio-sistema” omen zena bere oinarri ideologiko bihurtuz; baina balio aurrerakoi horiek, ez dira, kasu askotan, balio liberalak baino, eta klase sozialekiko transbertsalki joka dezakete, azpiegitura/gainegitura eskema bera zalantzan jarriz. Nolabait, Mitterrandek bihotzaren monopolioari (uler bedi, gailentasun moralari) eutsi zion, eta liberalek… beste guztiari.

Logikoa da, puntu honetara iritsita, gaur egungo Macron-Le Pen konfrontazio irekian, Ezker-Eskuin ardatzaren ordez Nazioa eta Mundializazioa (uler bedi, Globalizazioa) izatea aurrez aurre talka egiten duten ardatzak. Burujabetza (uler bedi, erreakzionarioa) eta Neoliberalismoa (Uler bedi sistema ekonomikoa eta balio-sistema). Sakonean, bi joera hauek helburu berdinen alde egiten duten konstatazioa alboratuko dugu momentuz, eta gaur egungo ezker politikoaren porrot handiena izan litekeena nabarmendu: eztabaida politikoa ardazten duen lerroan, konfrontazioaren eremuan, aktore gisa ere ez aritzea.  Nor da, baina, Le Pen-en eta abarren arrakastaren erantzule nagusi, alor materialari uko egin, bere “balio-sistema”-ren gailentasun morala ardaztu eta Estatua neoliberalki deseraiki/eraiki duen “ezker” hori baino?

Frantzian baino modu orokortuagoan gertatu den joera hori (Felipe Gonzalez, Toni Blair, Gerhard Schröder…) aztertzea interesgarria izanagatik, ez zaigu orain eta hemen ezkerraren ibilbidea eta erronkak ezkerra den neurrian aztertzea interesatzen: sozialdemokrazia gisa ezagutua izan den joera politiko horrek izan duen bilakaerak burujabetza eta Estatuaren auziari eragin diona baizik, maila sozialean nahiz politikoan eragin ere; eta, azkenik, Euskal Herriaren aspirazioei horrek suposatzen dienaz hausnartu nahi dugu.

Zein da, bada, etorkizunean Estatuak mundua antolatzeko izan dezakeen balioa? Max Weberrek lurralde bateko zilegizko indarkeriaren monopolioan oinarritzen zuen Estatutik, munstro burokratiko sobietarrera, nahiz Europa Mendebaldeko Estatu (gradu ezberdinetan) interbentzionistetara,  XX. Mendeko Estatuak izan du eta du leku determinante bat mundu garaikidean. Baina Estatuaren inguruko eztabaida bizirik dago, Estatua eraiki eta Estatua deseraikitzeko bideak eta zentzuak ezberdinak baitira.

Euskal Herrian, hiru milioi pertsonako komunitatea osatzen dugu, lurralde fisikoari dagokionez. Espazio globalean gehiago gara. Burujabetzari, esentzialismotik baino, bere bertsio aspirazionaletik helduta, ideia hauekin ekingo diogu hausnarketa bide honi: Estatua, helburu baino, ondorio gisa mahaigaineratzearekin, lehenik. Zergatik? Estatua ingurumaria globalean Estatu izateko beharrezko dituen oinarri erreal (eta errealistekin) eraikitzea derrigorrezko iruditzen zaidalako. Bigarrenik: burujabetza erreakzionarioaren jatorriak eta ondorioak xumeki aztertu ditugun honetan,  komunitarioki eta aspirazionalki jokatzeko aukerak irekitzen direlako; pentsa baitaiteke Euskal Herriak baldintza egokiak eskaintzen dituela burujabetzaren kontakizun berriekin, jatorri eta ondorio horiei bide eta esperantza alternatiboak eskaintzeko. Nola? Alor materialaren nahiz demokrazia aurreratuagoaren gainean eraikita burujabetzaren kontakizun hori. Hirugarrenik: Estatu ahalguztidunari, proiektu positibo gisa, muga komunitarioak ezarriz. Zertarako? Alderdi politikoei kontraboterea egingo dien gizarte ahaldunduagoa izateko, aspirazio horien guztien berme gisa.

Ondoriozta daiteke, ideia moduan, bide horietatik aukerak izan ditzakeela, sozial nahiz politikoki, euskal burujabetzaren (euskal demokraziaren; euskal estatuaren) hautuak espazio subjektiboetan nahiz egiturazkoetan egun dena baino lehiakorragoa izateko.

 

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Arnasak, arnasestuak, ez-garaipenak

“Europak arnasa hartu du”. Halaxe iragarri dute Emmanuel Macron Rothschild arraren ez-garaipena. Ez-garaipena diogu, izan diren garaipenetan, inoizko babes baxuenekoa izan delako:

Ez bakarrik apenas frantziarren % 43k babestu duelako 2. Itzuli honetan. Ez bakarrik azken 50 urteotako abstentziorik handiena izan delako. Ez bakarrik boto baliogabe eta zuriak 4 milioi baino gehiago izan direlako. Ez bakarrik Fronte Nazionalak historiako emaitzarik handiena lortu duelako, 10,6 milioi boto eskuratuta.

Macron, frantziarrentzat, deskartearen hautagaia izan da. Inkestek, kanpainan zehar, mezua garbi adierazia zuten: Le Pen eta Fillonen bigarren itzulia ekiditeko, botoa Macroni. Eta, hara hor, bitarteko egokiekin eta gauzak txukun eginda, boteretsuenek hilabete gutxian nola fabrika dezaketen presidente bat, Europako bigarren lurralde garrantzitsueneko errepublikaren errege izatera iritsi dena.

Macronen ez-garaipena porrot askoren ondorioa da, baina. Lehenik, eta modu ezin ironikoagoan, defendatzen duen proiektu neoliberalarena. Zerk bestek eragin du, bada, Le Pen munstroaren gorakada? Eta, patuaren ironia, munstroak berak, oportunismoaren praxi gorenean, eman dio Macroni irabazteko behar zuen testuingurua.

Eta porrota, nola ez, ezkerrarena. Azal dezadan: ez naiz ari Frantziako Intsumituen porrotaz, ezkerraren ezkerrak ere azken 50 urteotako emaitza onena eskuratu baitu. Ezkerraren porrotak, Frantzian, urte askotako deseraikitze ibilbidea izan du.

©Francois Lafite/Wostok Press
France, Paris
20/11/2014
Le President de la Republique Francois HOLLANDE, le Ministre de l Economie, de l Industrie et du Numerique Emmanuel MACRON,  sortent du Conseil des Ministres, au Palais de l Elysee.

1983tik, “Gobernuko ezkerrak” liberalismorantz jotzea erabaki zuenetik alegia, Frantziako sozialistek bide bihurgunetsua izan dute. Langileen interesak defenditzetik, langileen botoak pilatzetik, horiekiko lotura guztiak eteteraino. Ez kolpetik, ez egun batetik bestera. Batik bat, hauteskunde garaietan, sozialistek ezkerreko botoak pilatzeko gaitasuna erakutsi izan dutelako.

Baina, Sozialistek utzi diote erabilgarri izateari. Beren proiektu liberala sustengatu dutenei ez die balio. Macron dute orain, baina proiektua bera da. Macronen ez-garaipenak badituelako, behintzat, bi garaile: dirudunentzat eraiki nahi duten Europaren babesleak dira garaile materialak. Eta, garaile morala,  François Hollande bera. Bere bideak bizirik iraungo duelako bere ondorengoan. Orain, gainera, ezkerreko diskurtsorik egin beharrik gabe, itxurakeria gutxiagorekin.

Baina sozialistek, batez ere, langileentzat erabilgarri izateari utzi diote. Motiboak ez dira luze azaldu behar. 2002an Jospin kaleratu zuen langileen abstentzioak. 2005ean Europa Neoliberalari ezetz esan zion. Eta, 2017an, alderdi sozialistari agur esan dio.

Europak arnasa hartu omen du. Beste batzuek, arnasestuka ikusten dugu, ordea. Gero eta arnas gutxiagorekin, eta gero eta estuago.

Datozen hauteskunde legislatiboek gehiengo berri baten lortzearen saiakera islatuko dute. Ardatz mundialistaren inguruan zentro-ezker-eskuin sozioliberalaren blokeak parean izango ditu ezkerra, Fronte Nazionala, eta eskuinaren zati handi bat. Bakoitza beretik, zatiketa hori izango da gehiengo berriaren kartarik seguruena.

Datorren bosturteko nahasirako, bi klabe utziko ditugu mahai gainean: batetik, gehiengo berriak ordezkatuko duen proiektu neoliberalaren lorpenak edo galerak zein izango diren; bigarrenik, ezkerra gai izango den beste bide bat, beste modu bat, beste esperantza bat sortzeko. Biek huts eginez gero, litekeena da atzoko Macronen ez garaipena, 2022ko Le Penen garaipenaren bideko lehen eguna izatea.

Politics atalean publikatua | hitzekin laburtua | Iruzkin bat utzi